argia.eus
INPRIMATU
Hitz batek zenbat lan!
2013ko maiatzaren 07a

Iruñeko Udalean itzultzen aritzeaz gain, aisialdian ere egin du hainbat itzulpen Inma Erreak. Besteak beste, Haserretu zaitezte eta Ekonomialari harrituen manifestua (Denonartean argitaletxea) itzuli ditu. “Ez dira panfletoak, baina hortik hurbilago daude literatura klasikotik baino. Unean uneko gai urgenteak dira nolabait esatearren, bizi garen egoeran oso aproposak”. Eta garai honetakoak izaki, azkar itzuli behar, nahiz eta hitz bakar batek buruko minak sor ditzakeen.

“Manifeste d’économistes atterrés itzultzerakoan atterrés hitzarekin gorabeherak izan genituen. Fernando Rey itzultzailearen iritziaren kontra harritu hitza erabili nuen. Uste dut biok genuela arrazoi partea. Gaztelaniazko itzulpena lehenago atera zen eta aterrados itzuli zuten. Nire ustez, ekonomialarien esanak irakurrita, izututa baino harrituta zeuden haiek. Ez dakit zenbat kontsulta egin nituen. Azkenean, izutu hitza erabiltzea gehiegizkoa iruditu zitzaidan eta harritu aukeratu nuen. Harriduraren isla perfektua orain Espainian gertatzen ari dena da. Izua baino gehiago ezin sinetsia da”.