argia.eus
INPRIMATU
Dezibel

Itxaro Borda 2012ko abuztuaren 29a

Bost urtez belarriak urratzen zizkigun gobernu umparraren zarata apaldu da maiatzetik hona. Lehendakari aldaketari esker. Hargatik presidente berriak aldarrikatu normaltasunak ez ditu arazoak oro konpontzen, baina rom delakoak kanporatzen dira manu militari gehiegizko laidorik gabe. Ez da erraza rom izatea eta gainera irainak ahoak eman ahala jasatea. Hura bederen bukatu da.

Baionako bestak halaber isilkiago iragan dira, hemen ere dezibel kopurua mendratu dela. Festaire gutxiago ibili da, mozkor eta oldarroi, ghettoko karriketan. Goiz nabarretako goitikin, izerdi, esperma eta pixa urrinak ordea sudurrak ziztatzen zizkigun lanerako tenorean. Berezilariek hiria tinkatu zuen lasaitasun bitxia azpimarratu zuten, izuaren mugetan. Hori bederen bukatu da.

Udako ekonomia aztertzen dabiltzanek azkenik, lumatzekoak diren turisten zenbaki eta erostahalarekiko iunfen dezibel neurriak behera egin duela salatzen dute. Jendartea pobretzen doala onartu nahi ez eta aro txarraren bizkar jartzen dute kontsumoaren etendura. Hau bederen bukatu da.