Ni ez naiz idazlea

Antton Olariaga

Jainkoek ez badute deus desegokia egiten, orduan dagoeneko ez dira jainkoak inondik ere.

Esaldi hau, mende eta mende luzeetako moralitatearentzat lehergarria, zentzu etimologikoan iraultzailea, Stéphane Mallarmék idatzia da, gutxien espero daitekeen tokian idatzi ere. Izan ere, gaztetan, bizimodua ingeleseko irakasle eta itzultzaile gisara ateratzen zuenean burutu zuen, mitologiako eskuliburu bat ingelesetik frantsesera itzultzen ari zela.

Jatorrizko bertsioak, normala den bezala, justu kontrakoa esaten du: “If the gods do aught unseemly, then they are not gods at all”. Esaldiak hitzez hitz jarraitzen dio Euripidesen aipu ezagunari. Orduan, poeta frantsesak nahi izan zuen bere burua jainkotzat hartu eta, jokaera gisagabea burutuz, hankaz gora jarri Ongiaren oinarri mendeetakoa? Itzultzailearentzat lege ezin hautsizkoa da jatorrizkoa bere horretan ematea. Adagio ezaguna, itzultzailea traidore dela salatzen duena, ez doa ñabarduretan eman daitezkeen zentzu aldaketa txikietatik haratago. Gaizkile bat (edo jainko bat, hots, sorkuntza osoaren jabetza duen izakia) baino ez zen ausartuko itzulpen batean ezezko bat sartzeari.

Baina ez dago argi, jainkoak existituko badira, gaizkia obratu behar dutelakoa Stéphane Mallarmék nahita idatzia den ala zuzentzaile hiper-zuzen batek gerora sortua, “si les dieux font rien d’inconvenant” ikusi eta “rien” partikulari “ne” bat falta zitzaiola oker iritzita. 

Beste hipotesi batek eraman lezake pentsatzera ezen zuzentzaile izengabe horrek, Mallarmérena zela jakin gabe, besteak beste, Mallarmérena ez zelako, Mallarméren testua akatsen bila arakatzea lanbidea zuenak, bere burua jainkotzat hartu eta ezezko bat sartuz ordura arteko moralitatearen aurkako atentatua berak burutu zuela, José Saramagoren Lisboako Setioaren Historia eleberrian bezala. Euskal irakurleak, Jon Alonsoren itzulpena leituta, gogoratuko du bertan argitaletxe bateko zuzentzaileak Historiako liburu batean baiezko esaldi bat ezezko bihurtzeko erabakia hartzen duela, eta horrekin historia bera eta bere istorio propioa aldatzea lortzen duela, banakoak (irakurleak?) Kontakizun Handian eragiteko eta eraldatzeko daukan ahalmenaren aldarrian, ez bada idazle sakralizatuaren figuraren kontrako ikonoklastia betean.

Idatzitakoaren jabea ez da idazlea gehiago. Gauza jakina da, nekatzeraino errepikatua, idazlea, jainkoa bezala, hil dela. Norberak idatzitako edozer gauza oker itzul baitezake (baita poetarik handienak ere), oker zuzen baitezake (baita Argiako testu orraztailerik zintzo eta arduratsuenak ere) edo oker uler baitezake edozein irakurlek. Nola dakit nik, modu arranditsuan esateagatik, hitz hauekin eraiki dudan zutabe honek zutik iraunen duela nire eskutik kanpo?

Horregatik ez bada ere uko egiten diot idazlea hitza nire buruari aplikatzeari. Apalkeriaren adierazgarritzat har daitekeela onartzen dut, edozer gauza interpreta daitekeela onartzen dudan bezala. Idazten duen norbaitek idazten duela baino gehiago ez luke esan beharko. Martutene eleberrian, esaterako, Martin idazleaz hau hausnartzen du Julia bere itzultzaileak (eta bikoteak): “Liburuez ari dira [Lynn eta Martin]. Pentsatzen du honezkero neskak badakiela idazlea dela. Nahiko luke jakin nola esan dion. I write? Nolanahi ere ziur da ez diola I’m a writer esan, hori sekula ez”.

Uztaileko arrats bero honetan ez zait deus desegokiagorik bururatzen (jainkotasuna une batez berreskuratzeko).


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude