Arabako Lautadan bertsotan
Familia, bertsoa eta txaranga ezohiko eskolan
  • Aski esperientzia berezia da urteen joanean Arabako Lautada eskualdean gauzatu dutena. Euskararen transmisioa eta erabilera helburu harturik, ikastola publikoko gurasoek bertsoa dute beren xedea lortzeko ardatz. Gurasoak, gazteak eta haurrak bildu dituzte egitasmoan.
     

Miel Anjel Elustondo
2012ko uztailaren 22a
Arabako Lautadako bertso-eskolan belaunaldi bat baino gehiago elkartzen dira.
Arabako Lautadako bertso-eskolan belaunaldi bat baino gehiago elkartzen dira.

Bertsolaritzak gizartean egun duen lekuaz ari zela, planifikazioa eta sarea azpimarratu zituen Maialen Lujanbiok ekainaren hondarrean Bilbon BizBakek antolatutako Euskaraz bizi, sentitu, adierazi: Kultur-eduki erakargarriak sortzeko bideak udako ikastaroan. Lehenengo eta behin, bertso-eskolak aipatu zituen bertsolari txapeldunak: “Bertso-eskolen ideia, Xabier Amurizari zor diogun iraultzaren gakoa da. Bertso-eskolak bertsolariaren irudia desmitifikatu du, eta jendeari esan dio bera ere bertsotan ari daitekeela”.

Aspaldikoak dira bertso-eskolak, 1974-83 bitartean hasi ziren oinez, Leintz bailaran eta bestetan, eta hor dira gaur egun ere oraindik, bakoitza bere bidean, zein bere tornuian. Horri dagokionez, Araban bada aipamen berezia merezi duen eskola, ezohikoa baita.

Lautadako bertso-eskolak beste bi izen ere baditu ondoan, familia eta txaranga. Lautadakoa Famili bertso-eskola-txaranga da. Jon Ruiz de Pinedok eta Asier Lafuentek jakinarazi digute. Lehena, gazteen bertso-eskolako kide eta irakasle da Agurainen eta Zalduondon.

Bigarrena, Famili bertso-eskolako irakasle dugu: “Euskaraz bizi nahi duen adin ezberdineko jendea da Lautadako bertso-eskola. Hiru belaunaldiko hogei lagunek parte hartzen dute, hala saioetan nola bertso-eskolan bertan, dela jaietako irteeretan, dela bertso-saioetan. Gainera, beste hamabost lagun ere azaltzen dira eskolara, noizbehinka besterik ez bada ere. Eta, bestetik, hamabost ume ere badira tartean”. Ostiral biz behin biltzen dira.

Ruiz de Pinedok eta Lafuentek diotenez, euskararen normalizazioan ere bidea egiten ari da bertso-eskola: “Esaterako, euskararen erabilera bideratu du eskolako partaideen artean, bai eta taldekoak ez diren beste zenbait lagunen artean ere. Eta euskararen presentzia publikoa, kalekoa, handitu du. Horrekin batera, euskararen transmisioa hobetu du, eta gure kultura herrikoia eta parte hartzailea sustatu du”.

Sustatzaile bion arabera, eskolaren lana zinez estimatua da Lautadako euskaldunen artean, eta baita erdaldunen artean ere, animazioa, kultura eta giro ona zabaltzera jotzen duelako. Ez da ohiko eskola, nahiz eta “bertso-eskola baten helburuak bere egin dituen. Hasieran, batetik, gurasoak umeekin abiatu ziren; bestetik, gazteak. 2010ean bi bideek bat egin zuten, topo egin zuten, bizipen onak izan zituzten eta geroztik elkarrekin jarraitzen dute”.

Famili bertso-eskola-txaranga izeneko hau Lautadako gune euskaldunean sortu da. Hor dira, esaterako, urte askoan euskaraz lanean ari den Aguraingo Lope de Larrea Ikastola, Baietz Elkartea eta eskualdeko AEK. Era berean, hor daude Barrundiako Satola, Aguraingo Olbea eta Araiako Atsun Euskara Elkarteak ere, etengabe lanean, eskualdeko euskara teknikariaren ahaleginarekin batera. Bai Euskarari proiektuak ere izan zuen teknikaria eskualdean. “Denen artean euskararen oinarria sendotu dute Arabako Lautadan. Orain gertatzen ari diren mugimenduak ezin dira ulertu horien lanik gabe”.

Lehenengo harria

2006ko maiatzean jarri zuten bertso-eskola honen lehen harria Aguraingo Lope de Larrea Ikastolako zenbait guraso euskaldunek: euskaraz bizi nahi zuten eta beraien umeak euskaraz bizi zitezen nahi zuten. “Guraso berriak ziren ikastolan, ume txikiak zituzten, 4 urte bitartekoak, eta euskara transmititu nahi zieten. Nahiz eta transmisioa etxean ziurtatuta egon, gurasoek etxean beren seme-alabekin euskaraz hitz egiten zuten-eta, hortik kanpo zailtasunak zituzten, haien umeek erreferentzia hurbil gehiago behar zituztela sentitu zuten, txikitandik kontura zitezen euskara ez dela aita, ama eta andereñoa”.

Guraso haiek elkartzeko beharra bizi izan zuten, kontziente ziren taldean lan egin behar zutela. “Haurrek ikusi behar zuten beren aitak eta amak beste zenbait gurasorekin bildu eta euskaraz hitz egiten zutela. Oso garrantzitsutzat jotzen zuten haien umeei erreferentziak ematea, eta hurreko erreferentziak behar zituzten. Bazekiten taldean elkarturik haurrek errazago joko zutela euskaraz egitera. Guraso euskaldunen umeak izanda, umeen artean euskaraz hitz egiteko ohitura landu behar zuten”. Izan ere, ikaskideekin, gelatik kanpo gaztelania nagusitzen da, euskara bazter utzia da, han eta hemen bezala.

Horrela abiatu ziren, gurasoen eta haurren artean harreman afektiboak sortuz, ekintza atseginak, dibertigarriak eginez, euskaraz bizitzea helburu zutelarik. Ez zuten, alabaina, talde hertsirik osatu nahi, bere baitara bildua. Aldiz, asmoa plazara atera nahi zuten, jendaurrean azaldu. Horretan, babesa eskaini zien Lope de Larrea Ikastolak. 2006-2007 ikasturtean, ikastolako Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleek bertsolaritza landu zuten eskolan, eta hamabi urteko neska-mutikoentzat bertso-eskola abiarazi zuten Agurainen bertan. Gurasoek, berriz, erraldoiak egiteko tailerra osatu zuten, haurrekin batera.

Harrezkero, bateko gurasoen eta haurren tailerrak aurrera egin du urterik urtera, eta era berean garatu da bertso-eskola. Orain dela hiru urte, esaterako, Jotafa txaranga osatu zuten, eta Zalduondoko bertso-eskola. Joan berri den ikasturtean, berriz, biribildu dute oraingo Famili bertso-eskola-txaranga izenekoa. “Helduen bertso-eskolan bost lagun izan ditugu; gazteen bertso-eskolan, zortzi; umeak, hamar-hamabost ibili ditugu, eta azkenik, txarangan, hamabost-hogeiren bat lagun. Ekosistema osoa osatu dugu, eta euskaraz autoelikatzen da”.

Gurasoak bertso-eskolan direlarik, gazteak bihurtzen dira haurren begirale. Hiru-hamar urte bitarteko haurrentzat, gazteak euskaraz bizitzea garrantzi berezikoa da. “Laster, gurasoek erreferentzia izateari utziko diote, eta haur horientzat oso garrantzitsua da hurbileko erreferentzia gazte horiek izatea… Hiru belaunaldiek, gainera, talde sentimendua garatu dute. Gazteen izaera azpimarratuko genuke: oso dira irekiak, beti prest, alaiak, ausartak, beroak… Ezin hitzez esan”. Eta izan dituzte beste zenbait lagungarri ere, dela bertso-eskolaren bloga (www.blogak.com/laube/famili-bertso-eskola-agurainen), eginak dituzten elastikoak, Lautadako himnoa, elkargune fisikoa, eta beste… “Bertso-eskolako partaideak ezagunak dira Lautadan eta, ezagunak, euskararen erabileragatik”.

Eta hemendik aurrera zer? Nondik dator etorkizuna? Ruiz de Pinedok eta Lafuentek adierazi digute: “Lehenengo, oraingoa zaindu behar dugu. Baliteke bizi izan duguna errepikatu ezina izatea, egoerak aldatzera egiten duelako, baina taldeak duen estimazioa sustatuko dugu, hurrengoan egingo diren ekintzetan eta burutuko diren egitasmoetan”.

Oihane Perea, bertsolari, ama, irakasle

Bertso-eskolak abian jarri zirenetik 30 urte baino gehiago ere bai, eta eskola haietan bertsotan trebatu zirenetan asko baino gehiago guraso adinean dira egun. Horietarik da Oihane Perea (Gasteiz, 1977) Arabako bertsolari txapelduna 2007 eta 2009an. Gurasoak euskaldun berriak, etxean jaso du euskara, etxean ari da orain bera euskara transmititzen, eta hizkuntzarekin batera, bertsoa, helduen eta gazteen bertso irakasle da Lautadako bertso-eskolan.

Bertsolaria, ama, bertso-eskolan irakasle, haurra hor…

Egia da gurasoak euskaldun berriak ditudala, bertsolaria eta ama naizela... baina bertsotan entrenatu behar eta ez naiz, horretarako, haurrekin geratzen... Bertsotara noalarik, nahiago izaten dut haurrak etxean utzi, izan ere, bertsoa da nire arnasgune preziatuena, baina, egia da, hala berean, nire semearekin batera Lautadako bertso-eskolako partaide naizela.

Zertan zara Lautadako Famili bertso-eskolan?

Irakasle eta ama naiz Aguraingo bertso-eskola horretan. Famili bidezko euskararen eta bertsozaletasunaren transmisioa bultzatu nahiak elkartu gintuen guraso batzuk duela urte batzuk. Haiek bertsoaren misterioak argitu nahi zituzten, euskara ere landu nahi zuten, eta hori guztia seme-alabekin batera egin nahi zuten. Niretzat ere primerako aukera zen ama naizen aldetik, gure semeak etxetik eta kaletik edan zezan euskara eta bertsoarekiko maitasuna, beste gauza askoren artean. Sei urte ditu semeak, eta horretan naiz.

Irakasle zaitugu bertso-eskolan.

Bai, eta nire ikasle edo taldekideak ere gurasoak dira, eta haurrekin joaten dira bertso-eskolara. Zortzi aita eta ama dira, gehienak euskaldun berriak. Hamalauren bat haur ekartzen ditugu guztion artean eta bi taldetan batzen ditugu. Bertso-eskolako 18-20 urteko gazteek dinamizatzen dituzte taldeok: 7 urte bitarteko haurren taldea eta 7 urtetik 11 urte artekoa.

Harrigarria zaigu Famili-bertso-eskola-Txaranga delako hau. Harrigarri, ezohikoa, bederen…

Tira, halaxe da. Baina eskerrak horri eta eskerrak gure herrietan dagoen irudimen eta aniztasunari. Gauza harrigarri eta ezohiko gehiago behar direla esango nuke. Beraz, animatu!


Euskara kanaletik interesatuko zaizu...
2016-02-09 | Xabier Letona
Aukera galdua

Izan ala ez izan. Eman balore politikoa ala ez eman. Eskubideak bete ala ez bete. Aldatu ala ez aldatu. Eta ez aldatzearen aldeko hautua egin du Nafarroako Gobernuak.


Euskararen zazpi bekatu nagusiak
MULTIMEDIA - ekitaldia

Zazpi "bekatu nagusiak" Euskal Herriko egoerara ekarri ditu POK taldearen 2005eko antzezlanak.

(Bideoak webguneetan txertatzeko ETBk eskaintzen duen kodeak batzuetan akatsa ematen du, arazorik izanez gero sakatu hemen filma ikusteko)

...

Euskara lege-estatus gabe gelditu da Ipar Euskal Herrian, boto bakarrarengatik

Frantziako Asanblea Nazionalak atzera bota du, boto bakarrarengatik, Frantziako Estatuko hizkuntza gutxituak bultzatzeko proposamena. Bultzatzaileek hezkuntzan, bizitza publikoan eta hedabideetan korsikera, bretainiera, katalana, euskara eta gainerako hizkuntza minorizatuen erabilera sustatzea zuten helburu. Frantzian 75 hizkuntza gutxitu autoktono daude.


Mobilizazio sindikalak Nafarroako hezkuntzan, Lan Eskaintza Publikoarengatik protestatzeko

12:00etan elkarretaratzea eginen dute LAB, STEE-EILAS eta ELAk Nafarroako Jauregiaren paretan. Asteartean eta asteazkenean ere ordu horretan bilduko dira leku berean.


2016-02-08 | Kanaldude.tv
Beskoitzeko ikastola: handitzen, handitzen...
MULTIMEDIA - erreportajea
Duela bi urte, hiru familiak abiaturik, hiru haurrekin abiatu zuten Beskoitzeko ikastola etxe pribatu batean. Aurten herriko lur batean ezarri dute 13 haur, irakasle bat eta laguntzaile batekin. Gurasoen helburua argia da, ikastolaren eraikitzea herri barnean, eskolatik plazara eta plazatik herriko etxera zabalduz.

I˝aki Caminok "AmikŘze eskualdeko euskara" ikerlana aurkeztu du Donapaleun

Iñaki Camino hizkuntzalari eta  EHUko irakasleak otsailaren 4an aurkeztu du Donapaleun Nafarroa Behereko eskualde horretako hizkuntzaz egina duen azterketa, “Amiküze eskualdeko euskara”, laster liburu formatuan plazaratuko duena. Hitzaldi honekin hasi ditu Zabalik euskaltzaleen elkarteak urteroko Otsail Ostegunak, 21ean -igandez- Donapaleluko plazan Libertimendua herri antzerkiarekin bururatuko direnak.


2016-02-04 | Xabier Letona
Nafarroako hezkuntzako EPEaren labirintoan ez galtzeko gida

Nafarroako Gobernuak honako proposamena egingo die sindikatuei ostiraleko Hezkuntzaren Mahaian: aurreikusitako 320 plazetatik, 200 bakarrik ateratzea orain, 108 euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Bazterrean geratzen dira aurreikusitako euskarazko 120 plaza.


2016-02-03 | Kanaldude.tv
Euskahaldunen edabe magikoa 2015
MULTIMEDIA - erreportajea
Hirugarren mailako MEEK ikasleek egindako fikziozko erreportajea da. Ikasleak aktore bilakatuta, tartean hizlari batzuek parte hartzen dute: Miren Artetxe bertsolaria, Eneko Bidegain kazetaria eta Xamar soziolinguista.
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA