"Ez dago beste irtenbiderik, ez dago murrizketa sozialak ezartzea beste erremediorik". Horrelaxe justifikatzen dute euren burua ohiko agintariek, izan sozialdemokratak, izan eskuinekoak. Aitzitik, inposatu diguten eta jasaten ari garen doikuntza soilaren, basatiaren eta antisozialaren aurrean, badaude alternatibak. Bai teorian, baita praktikan ere. Subiranotasun faltagatik euskal herritarrok ere Espainiako eta Frantziako estatuen politikak sufritu behar ditugu. Bada, joan den astean, euren gobernuek defizita murrizteko zerga berriak iragarri zituzten.
Frantziako Gobernuak erabaki du, beste neurri batzuen artean, ondarearen gaineko zergak zituen salbuespenak kentzea, eta 2.300 milioi euro biltzeko asmoa du neurri horrekin; BEZaren igoera bertan behera utziko du; enpresariek ordu estrak kotizatzean zituzten salbuespenak kendu egingo ditu –1.000 milioi euro lortuko ditu horrela–; 2012an 300 milioi euro eta 2013tik aurrera 1.000 milioi euro ekarriko dizkion dibidenduen gaineko %3ko tasa sortuko du; akzioen gaineko aukeren zerga (stock options) %22tik %40ra igoko du; eta abar. Aldiz, Espainiako Gobernuak 30.000 milioi euroko murrizketak egingo dituela esan du, BEZa igoz, autopisten eta erregaien gaineko zergak igoz, pentsio sistema erreformatuz eta “gastu publikoan murrizketa gogorra” eginez. Horretarako, 300.000 lanpostu publiko ezabatuko lituzke eta elkarte publikoak pribatizatu.
Bi adibide horiekin ikus daiteke oso garbi nola erabakitzen den politika fiskala. Erabaki erabat ezberdinak dira: Hollandek pribilegiatuenei ordainaraziko die krisia; Rajoyk, ahulenen kontra ekin du berriz ere. Bistakoa da badaudela beste alternatiba batzuk, Frantziako Gobernuarenak baino sakonagoak ere bai!