Ogasunaren ezkutuko amnistia

  • Espainiako Gobernuak diru beltza %10eko interesarekin zuritzeko ezarri duen amnistia fiskala lehendik ere bazegoen nolabait. Ogasunak askotan nahiago izaten du iruzurgileekin diruaren itzulketa adostea auzitegietara jotzea baino, eraginkorragoa delakoan.

Iruzurgileekin dirua itzultzeko neurriak hitzartzen ditu sarritan Ogasunak.
Iruzurgileekin dirua itzultzeko neurriak hitzartzen ditu sarritan Ogasunak.

Hego Euskal Herriko ogasun gehienek garbi adierazi dute ez dutela aplikatuko Espainiako Gobernuak agindu duen amnistia fiskala. Diru beltza erregularizatzeko aukera eman du Rajoyren Gobernuak, %10eko interesa baino ez kobratuz. Modu horretan, 2.500 milioi euro eskuratu nahi ditu azaroaren 30erako. Foru administrazioetatik iruzurgileak saritzea leporatu diote Espainiako Gobernuari, Bizkaiko ahaldun nagusiak, esaterako, “etikoki onartezina, politika defendaezina eta sozialki bidegabea” dela adierazi zuen.

Baina egiaz, amnistia fiskal moduko bat jada aplikatzen dute ogasunek, iruzurgileekin dirua itzultzeko neurriak hitzartzen dituzten heinean. Kasu larrienetan kartzela saihesteko akordio lotsagarriak izan dira gainera. Esaterako, hortxe dugu Praxair multinazionalaren adibidea. Espainiako Ogasunari 164 milioi euroko iruzurra egin ziola onartu zuen; bada, 13 zerga delitu egin arren, bere arduradunak ez ziren kartzelatik pasa, administrazioarekin hitzartu eta gero 264 milioi euro ordainduko zituztela. Ez dago dirua edukitzea bezalakorik. Gure herrietako “ohiko gaizkileei” aplikatzen zaien politikarekin erabat kontraesanean dago hori: biltegi batean lapurtzen duenari lapurreta leporatzen diote, eta isuna ordaintzea ez da nahikoa espetxea saihesteko. Zuzenean kartzelara joango da.

Espainiako legedia –eta honenbestez Hego Euskal Herrikoa– oso lasaia da zerga delituei dagokienez –PPk esku artean duen lege proiektua barne–. Herrialde askotan, esaterako Alemanian, AEBetan eta Herbehereetan, iruzur egiteko asmoa hartzen da kontuan delitua den hala ez erabakitzeko, ez diru kopurua. Aldiz, Espainiako Estatuan 120.000 eurotik bera ez dago zerga deliturik, eginbidea ez betetzea baizik, eta horrek isuna ekar dezake, baina ez kartzela zigorra.

Iruzur fiskalak egoera larria sortu du. Hego Euskal Herrian urtero 13.000 milioi euroko iruzurra gertatzen dela kalkulatu izan da, BPGaren %15-20 inguru. Azken urteetan foru ogasunek ardura handia izan dute iruzurra pertsegitzeko: Gipuzkoak 2011n 312 milioi euro azaleratu zituen, Bizkaiak 560 milioi euro, Arabak 96 milioi euro eta Nafarroak 88 milioi (2011ko abuztura arteko datua). Guztira: 1.056 milioi euro.

Jakina, azaleratutako iruzurraren zenbakiak oso txikiak dira, kalkuluen arabera saihestutako 13.000 milioiekin alderatuta. Administrazioen arteko koordinaziorik eza izan daiteke arazoaren arrazoietako bat.

Espainiako Estatuak 2010ean 3.000 aberatsen kontuak atzeman zituen Suizan, zer gertatu da haiekin? Eta horien artean dauden 300dik gora euskal herritarrekin? Eta banku batean zeuden 6.000 milioi euroekin? Espainian sektoreko ordezkari gehien biltzen duen Ogasun Ikuskarien Erakundearen arabera, “fiskoak, kasuak zuzenean auzitegietara eraman ordez, zenbateko horien borondatezko erregularizatzea eskatzea eskandaluzko faboritismoa da”. Haien ustez, Ogasunaren jokaerak “zerga amnistiaren” kutsua du. Bada, azaroaren 30ean PPren amnistia fiskal “ofiziala” amaitzen denean, amnistia fiskal ezkutuko honek segituko du.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude