Inposaketa(k)

Duela gutxi arte, inposaketa hitza, ezker abertzalearen eta ezker muturrekoen hitz totemikoa genuen. Borrokarako akuilu. Arazoak arazo, gaiak gai, sistemak edo beren aldeko instituzioetatik inposatzen ziguten oro salatzeko erabiltzen genuen hitza. Alabaina (ez dakit noiz arte), nola aldatzen diren gauzak! Gipuzkoan immobilisten ikur bihurtu da.

Bestaldetik, merezi du hitza aipatzeak, eztabaida horrek duen garrantzia kendu gabe, harritzekoa da zer-nolako garrantzia eman dioten gaiari, gatazka –edo arazo– guztien ama bailitzan! Eztabaida horretan, oposizioak inposatzailetzat jotzen du Foru Aldundiaren plana. Harrigarria benetan, urtetan, Batzar Nagusien aldean Diputazioa ia hutsaren pare bihurtu zutenak (batzarkide nintzeko garaia gogoratzen dut, Batzar Nagusiek A-8 autobidearen bidesariaren alde bozkatu zutela, baina PNVren eskuetan zegoen Diputazioak ez zuen aintzakotzat hartu. Agintearen makila eskuz aldatu delarik, hortik komeriak) eta herri galdaketaz entzun ere nahi ez zutenak, haserre bizian kontrako bidean aldarrika ikustea orain. Memoria interesatua baita. Nolabait, ahaztu egin dira AHTri buruzko herri galdeketak antolatzeagatik ezker abertzaleko zenbait alkate epaituak izan zirela PSOE agintean zegoelarik. Hots, inposaketa hitza, nork modu oso interesatuan erabiltzen du, beti bere ideologiaren arabera.

Nik ez daukat duda izpirik eztabaida horretan zeinen aldean dagoen zuzentasuna. Trikimailuak alde batera utzita, ziur nago, eztabaida garbi batean erraz demostratu daitekeela, egungo Diputazioaren hondakin plana, Errauskailuan oinarritutakoa baino askoz garbiagoa, merkeagoa (427,5 milioi euro erraustearen kostua, erdia Aldundiaren plan osoa) eta gainera osasunaren aldetik hobea. Denok dakigu ere, oposizioa eta atzean dituzten indar ekonomikoak (El Diario Vasco propaganda tresna eraginkorra alde dutelarik) zer-nolako esamesak eta gezurrak (hori bai zabor kirasduna!) ari diren zabaltzen. Ni Oiartzunen bizi naiz, eta zin dagit, atez atekoa, erosoa, garbia eta txukuna da, eta gainera, nor bere zaborren arduraren jabe izatea bultzatzen duen sistema. Hasieran ozenki protestatu zutenak egun isilik daude, kontra egiteko argudiorik gabe.

Nolako helburua halako bidea! Alabaina, nik uste, mamiz eta formaz, ezkerrekook, demokrazia azken mugaraino bultzatu behar dugula. Inhabilitazioaren arriskuari aurre eginez AHTri buruzko galdeketak antolatu zuten alkate haiek bezala. Eta, edozein arrazoi delarik, herritar talde handi batek galdeketa antolatzea eskatzen badu, onartu ez ezik, gauzatzeko bidea abian jarri behar da. Hori bai, eta zilegitasun guztiz, gainera, ondo antolatua izateko behar den denbora hartuz. Esate baterako, hurrengo udal eta foru hauteskundeetan, modu paraleloan baina batera gauzatuz. Ateratzen dena ateratzen dela, guztiek onartuko dutela aldez aurretik baieztatuz! Errauskailuarekin ez bezala (eraikita jai) Aldundiaren planak badu atzera bueltarik. Egungo oposizioak irabaziko balu bere esku legoke Hondakin Plan berria bertan behera uztea. Dena den, Katalunian 10 urtetan atzera bota duena (atez atekoa) udaletxe bakarra izan da.
Hots. Ez lirateke izango lehenengo hauteskundeak, zeinetan hautaketa arruntak eta bide batez galdeketa bereziak egiten diren. Bi hautestontzi desberdin, eta galdeketa garbia, besterik ez da behar. Hala eta guztiz ere, azpimarratu beharrekoa hauxe da: kontsulta garrantzitsua izanik, parte-hartze prozesua ezinbestekoa da, eta hau aurrenekoz historian (hondakinen gaian) atez ateko sistemak bideratu du, Usurbilen (kontsulta eta guzti), Hernanin, Oiartzun-en edota Antzuolan.
 


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude