argia.eus
INPRIMATU
Amaiur 2012: Haien ametsa gurea da
Mikel Asurmendi @masurmendi 2012ko uztailaren 15

Haien ametsa gurea da ikuskizun musikala Amaiurko Gaztelu eta Mauleko Amis du Chàteau fort elkarteek antolatua da. Gaztelu Elkarteko Juan Mari Alemanek horrela azaldu digu ekimenaren nondik norakoa: “2000. urtean Pastoral bat egin nahi izan genuen Amaiurren, Nafarroako Konkista gaia harturik. Zuberotarrei proposatu genien, baina Pastoralaren dinamika dela-eta ezin zen gauzatu. Alabaina, beraiei esker abiatu genuen orain prestatzen ari garen ekitaldiaren asmoa. Historia kontatzeko beste modu bat da: kantuz, musikaz, dantzaz, halere, gure historiaren bilakaera ere azalduko da”.

Ikuskizunak lau gertaldi dauzka. Lehena, Errege katoliko inperialistak. Bigarrena,  Nafarroaren konkista dorpea. Hirugarrena, Amaiurko setioa. Eta azkena, Nafarroa betiko.

45.000 euroko aurrekontua du egitasmoak. 100 bat lagun ari dira lanean. Antolatzaileek 1.400-1.500 lagun espero dituzte Amaiurren uztailaren 20an, lehen emanaldian. Agorrileko 10ean eta 11n Maulen jokatua izanen da berriz ere.