Filmen %97 dira gaztelaniaz

  • Kataluniako zine aretoetan filmak gaztelaniazko bertsioan daude. %3 dira katalanera bikoiztu, katalanez azpititulatu edo jatorriz katalanez direnak. Legeak dio 2018. urterako film emanaldien erdiak katalanez izan beharko duela.

Plataforma per la Llenguak kanpaina bat baino gehiago egin du zine aretoetan katalanez pelikulak ikusteko.
Plataforma per la Llenguak kanpaina bat baino gehiago egin du zine aretoetan katalanez pelikulak ikusteko.

Kataluniako Zinemaren Legeaz jaso dugun azken albistea bitxia da. Legea (2010ekoa) katalana babesteko egin zen eta Europar Batasunak esan berri du legeari aldaketaren bat egin beharko zaiola, gaztelaniaren alde egiten duelako. Izan ere, gaztelaniaz egindako filmak ez dira derrigorrez katalanera bikoiztu edo azpititulatu behar. Bai ordea, Europako beste hizkuntzatan egindakoak.

2010eko Zinemaren Legearen arabera, 2018rako, zine aretoetan filmen saioen erdiak katalanera bikoiztuta edo katalanez azpititulatuta eskaini beharko dira. Kuotak eta isunak aurreikusi ziren lege-hausleentzat. Hautsak harrotu zituen legeak; film banatzaile eta erakusle estatubatuarrak aztoratu ziren eta PP eta Ciutadansen orbitakoek, katalana inposatzen ari zirela salatu zuten. Europar Batzordearen arabera, Kataluniako Zinema Legeak lehia askearen kontra egiten du, Europako beste hizkuntzetan dauden filmak katalanera itzuli behar direlako –bikoizketek 25.000-77.000 euro artean balio dute eta azpitituluek 2.000-5.730 euro artean–.

Plataforma per la Llenguak, katalanaren aldeko mugimenduak, Europako Batzordeari erantzunez, bere proposamena egin du: gaztelaniazkoek izan dezatela Europako beste hizkuntzetan egindako filmek dituzten baldintza berak, alegia, gaztelaniaz egin diren pelikulek ere eskain ditzatela saioak katalanera bikoiztuta edo azpititulatuta. Legeak dio Ipar Amerikatik datozen filmeen emanaldi erdiek katalanez izan beharko dutela eta Europar Batasunekoek 16 kopia baino gehiago banatzen dituzten filmen kasuan baino ez.

Plataformaren proposamena da gaztelaniaz egindako filmak zaku horretan sartzea. Orain, Espainiako Gobernuak proposamena egin beharko du, Europar Batasunaren eskakizunari erantzuteko.

Filma ikusteko erromesaldia

Zinema Legeari lotutako azken albiste hau ordea, seguruenik, anekdota baino ez da izango, ez baita espero Legearen beste ezer ukituko dutenik. 2010ean Legea onartzea pauso inportantea izan zen katalanarentzat. Garrantziaz jabetzeko nahikoa da pare bat portzentaje begiratzea: 2010ean egindako azterketaren arabera, Kataluniako zine aretoetan eskaintzen ziren film saioen %3 ziren jatorriz katalanez, katalanera bikoiztutakoak edo katalanez azpititulatutakoak. Legea betetzen bada, 2018an film saioen %50 katalanez izango da.

Plataforma per la Llenguak katalanez filma ikustea ikaragarri zaila dela erakusteko kanpaina umoretsua dauka egina. El cinema en català, Missió impossible du izena kanpainak eta familia bat ageri da filmeren bat katalanez ikusteko gogoz. Bartzelonako karteldegia begiratu dute: 179 areto, 252 film, katalanez bakarra baino ez. Bartzelonan errazagoa da filmak ingelesez edo frantsesez ikustea katalanez baino. “Arrakasta” ikusita Reusera (100 km) joatea pentsatu du familiak. Alferrik abiatu dira, han ez dute pelikula bakarra ere eskainiko katalanez. 15 kilometrora dagoen Tarragonara joatea erabaki dute. Han bai, han zorionekoak dira: 22 aretoen eta 30 pelikulen artean film bat katalanez eskainiko dute.

Horrelakoa da gaur egungo egoera, film gutxi, areto eta kopia gutxi, eta geografikoki gaizki kokatuta. Ordutegiak ere hala-moduzkoak.
Katalanak prentsa idatzi, irrati eta telebista katalanez kontsumitzera ohituta daude, baina zinema erabat gaztelaniaz ezagutu dute. Ohitura aldaketa nola gauzatuko den galdetu diogu Plataformako Gemma Ponsari: “Balizko ikus-entzuleak badaude eta eskaera ere bai. Beste kontu bat da katalanek aretoak beteko dituzten ala ez. Esan nahi dudana da, katalanezko eskaintza ez dagoela normalizatua eta gerta daiteke orain dauden eskaintza zehatz eta gutxi horiek ez betetzea”.

Diru-laguntzak banatzaileei?

Zinemaren Legeak 117 aldeko boto eta kontrako 17 jaso zituen parlamentuan. Gizarteak ere ongietorria eman zion Legeari. Gemma Ponsaren ustez, Legea oso positiboa eta beharrezkoa da. Bestalde, oso ohiko legea ere bada, antzeko hiztun komunitateak dituzten hainbat herrialdetan horrelako legeak badituztelako (ikus koadroa). Plataformak bi kontu kritikatzen dizkio Legeari. Batetik, ez dago araudirik, eta beraz, adibidez 2018ra artean urtero katalanaren hedapena zenbatekoa izango den ez dago zehaztuta. Legea ez bada betetzen ezarriko diren zigorrak ere ez daude aurreikusita. Bestetik, Plataformak ez du ulertzen Generalitateak atzerriko film banatzaile eta erakusleak diruz laguntzea (1,4 milioi euro) filmak katalanez eskaintzeko. 2011ko irailean Generalitateak hitzarmena sinatu zuen enpresa estatubatuarrekin, Legea ez betetzeko mehatxua egina baitzuten. Ponsaren ustez, “gauza bat da diru-laguntzak ematea jendea zinera pelikulak katalanez ikustera joan dadin, eta beste bat da, laguntzak enpresei ematea. Ez al dute bada derrigorrezkoa? Ez al dute bada legea bete behar?”. Ponsak uste du urteen poderioz zine aretoetako egoera normalizatuko dela, jendea ohituko dela pelikulak katalanez ikustera eta film erakusleek bere gain hartuko dituztela bikoizketa eta azpititulatze gastuak.

Finlandian, Letonian eta Quebecen

Europako eta Ipar Amerikako hainbat herrialdetan, estatu eleanitzetan, berariazko legeak edo neurri politikoak dituzte zinean hizkuntza erabilera kudeatzeko. Hiru adibide aipatuko ditugu:

Finlandia: Zinearen Fundazioak (Kultura Ministerioaren barne) ezarria duenaren arabera, filmak Finlandiako hizkuntza ofizialetan azpititulatua egon behar du. Beraz, filmaren kopia bat baino gehiago zabalduko badira, finlandieraz eta suedieraz emango dira, beti. Finlandian suedieraz mintzatzen den 300.000 biztanleko hiztun komunitatea bizi da.

Letonia: Hizkuntza ofiziala letoniera da, baina biztanleriaren zati handi baten lehen hizkuntza errusiera da. Filmak estatuko hizkuntzan azpititulatuta edo bikoiztuta eskaini behar dira, alegia, letonieraz. Bi hizkuntzatan azpititulatzea ere onartuta dago. Horrela eginez gero, letonierazko azpitituluak lehen lerroan jarriko dira, eta ezingo da beste azpitituluko hizki tamaina baino txikiagoa erabili, ezta bestean baino eduki gutxiago itzuli ere.

Plataforma per la llengua elkarteak esku artean dituen datuen arabera, Katalunian, jatorriz katalanez daudenek, katalanera bikoiztutakoek eta azpititulatutakoek, filmen %3 baino ez dute osatzen. Antzeko hiztun kopurua duten komunitateekin alderatuz gero, Europan eta Ipar Amerikan diskriminazio hau bakarra dela dio elkarteak.

Quebec (Kanada): Quebecen frantsesa bertako hizkuntza eta hizkuntza ofiziala da. Ingelesa hizkuntza ofiziala da Kanadan. Quebeceko Zinemaren Legearen arabera, filma frantsesez erakutsiko bada ez du inolako baldintzarik bete behar, baina ingelesez bada frantsesera itzuli behar da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalana
2024-02-18 | Cira Crespo
Júlia Ojeda, literatura-kritikaria eta UOC-eko ikertzailea
"Globalizazioaren oldarraldi handiei aurre egiteko diskurtsoak falta zaizkigu"

Júlia Ojeda literatura-kritikariaren ahotsa garrantzitsua da gaur egungo Kataluniako hedabideetan, eta prozesu independentistaren osteko Katalunia birpentsatzen ari den ardatz ugarietako batera hurbiltzen laguntzen digu. Matriotes-eko kide ere bada, “feminista eta... [+]


Bat, txikia eta librea

Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil zen pasa den irailean. Hizkuntza-politikari buruz esaten zituenak arretaz segitu ditugu hemen, haren proposamen batzuk noizbait gurean aplikatzera ausartuko ginelako itxaropenez-edo, beharbada. Aho-bizarrik gabe jarduten zuen. Aldizkari... [+]


Europar Batasunean katalana ofizialtzea lehenetsiko du Espainiako Gobernuak, euskararen eta galizieraren aurretik

Manuel Albares Atzerri Ministroak erabilitako arrazoiak dira, besteak beste, katalana lehenesteak prozesua arinduko duela eta katalanak beste bi hizkuntzek baino hiztun gehiago dituela.


Carme Junyent hizkuntzalari katalana hil da

Irailaren 3an zendu da pankreetako minbiziaren ondorioz. Katalanak desagertzeko dituen arriskuez zorrotz hitz egin izan du hizkuntzalariak eta haren mezu gordinek deserosotasun ugari sorrarazten zuten. Azken unera arte borrokatu da bere hizkuntzaren alde. Bizitzako azken uneetan... [+]


2023-08-31 | Ilargi Manzanares
Andorrak gutxieneko katalan maila eskatuko du bertan bizitzeko

Andorrako katalanaren defentsarako lege berriak katalanaren oinarrizko maila eskatuko du bertan bizi eta lan egin ahal izateko. A2 titulua baino maila baxuagoa eskatuko dute.


Eguneraketa berriak daude