argia.eus
INPRIMATU
Finlandian, Letonian eta Quebecen
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 07a

Europako eta Ipar Amerikako hainbat herrialdetan, estatu eleanitzetan, berariazko legeak edo neurri politikoak dituzte zinean hizkuntza erabilera kudeatzeko. Hiru adibide aipatuko ditugu:

Finlandia: Zinearen Fundazioak (Kultura Ministerioaren barne) ezarria duenaren arabera, filmak Finlandiako hizkuntza ofizialetan azpititulatua egon behar du. Beraz, filmaren kopia bat baino gehiago zabalduko badira, finlandieraz eta suedieraz emango dira, beti. Finlandian suedieraz mintzatzen den 300.000 biztanleko hiztun komunitatea bizi da.

Letonia: Hizkuntza ofiziala letoniera da, baina biztanleriaren zati handi baten lehen hizkuntza errusiera da. Filmak estatuko hizkuntzan azpititulatuta edo bikoiztuta eskaini behar dira, alegia, letonieraz. Bi hizkuntzatan azpititulatzea ere onartuta dago. Horrela eginez gero, letonierazko azpitituluak lehen lerroan jarriko dira, eta ezingo da beste azpitituluko hizki tamaina baino txikiagoa erabili, ezta bestean baino eduki gutxiago itzuli ere.

Plataforma per la llengua elkarteak esku artean dituen datuen arabera, Katalunian, jatorriz katalanez daudenek, katalanera bikoiztutakoek eta azpititulatutakoek, filmen %3 baino ez dute osatzen. Antzeko hiztun kopurua duten komunitateekin alderatuz gero, Europan eta Ipar Amerikan diskriminazio hau bakarra dela dio elkarteak.

Quebec (Kanada): Quebecen frantsesa bertako hizkuntza eta hizkuntza ofiziala da. Ingelesa hizkuntza ofiziala da Kanadan. Quebeceko Zinemaren Legearen arabera, filma frantsesez erakutsiko bada ez du inolako baldintzarik bete behar, baina ingelesez bada frantsesera itzuli behar da.