Gure estrategia sendoa

Grezia bezain zaharra, omen, demokrazia, baina Grezian hain zuzen “demokrazia berria” planteatzen duen alderdi batek irabazi berri ditu hauteskundeak. Jakinik gutxi gorabehera zer den demokrazia, susmagarri, guztiz, egiten zaigu denoi demokrazia berriaren ideia. Eta hala da greziar kasuan, kontserbadoreen irtenbidea baita: jakina denez, demokrazia, bere soilean, inoiz ez da inongo belarri kontserbadoreetan ongi sartu, eta zaharberritu behar dute kontzeptua: demokrazia, alegia, edo bateragarri da ekonomiaren tiraniarekin edo ez da demokrazia, Europan ez dago lekurik bankuen jabeen mendean jartzen ez den demokraziarentzat. Horratx demokrazia berria. Ekarpen izugarri sakona, iraultzailea, pentsamolde politikoaren historiara. Zeinarekin bat egiten duen PASOKek, greziar sozialdemokraziak, berau ere beti berritzaile, beti iraultzaile ideien arloan, denok dakigun bezala.

Ez zaio atzetik ibiltzen PSN, Roberto Jimenez estratega politiko handiaren eskutik. Formula asko saiatu du buruargi honek (l)astargia hartu zuenetik. Lehenbizi, Sanz demokrata berriaren gutxiengo parlamentarioari sostengua ematen, nondik eta gehiengoa zen oposizio batetik, nola eta oposizioko gehiengoari bridak jarriz, nafar demokrata berriek gobernatu ahal zezaten; zaila ulertzeko demokrata zaharregiak bide ziren PSNren boto-emaile tradizionalentzat: ikasle bihurriak inondik ere, eta nota txarragoak oparitu zizkioten Jimenezi hurrengo azterketetan.

Baina ez zuen amore eman gure sozialdemokrata berritzaileak, eta koska bat gehiago ematen saiatu da orain berri arte: are demokrata berriagoa den Barcinaren gobernuan sartzen, alegia, berriro ere oposizio antzura kondenatuz parlamentuan gehiengo osoa zuten demokrata zaharrak. Emaitzak, dakizkigunak: hanka egin behar izan du demokrazia berria islatzen duen UPNrekiko gobernu kidetzatik. Hanka egin, baina horixe herren: ez du bere kabuz egin, bota egin du amandreak.

Denak ematen du aditzera bertze formula berriago bat saiatuko duela PSNk hemendik aurrera: benetako oposizioa egin, bideratu, baina hauteskunde berrietara behartu gabe. Oposizio tinkoa, irmoa, baina erantzulea, demokrazia berriaren alde beti ere. Zulo ekonomiko sakonetik ateratzeko demokrata berriek, bankuen bozeramaileek, jorratu nahi dituzten bideetan erantzule izan nahi ez, parlamentuan bide horiek itxiz, omen, baina bideginei lanpostuak kendu gabe. Denok dakigu: bideginek xendra dezente asko jorra ditzakete parlamentua saihestuz; hainbat murrizketa sozial berri egin dezakete dekretuz, parlamentuak izan gabe zertan eztabaidatu. Baina gehiago egin behar dute euren dogmatismo neoliberaletik, printzipioz erabaki parlamentariorik behar ez duten bertze murrizketak egiten baitituzte, adibidez. Bide horiek guztiz ixteko prest egonen al da Roberto Jimenez, jakinik bideginei lanpostua kentzea suposatuko lukeela, hauteskunde berriak suposatuko lituzkeela?

Lehen aldiz foru hauteskundeak gertatuko lirateke Estatu eremuko udaletakoen itzalpetik kanpo, beti UPN-PPri eta PSNri hain onuragarria gertatu zaien itzalpetik kanpo. Eta baliteke EAEkoekin batera, hor nonbait, egin behar izatea. Orain arte Roberto Jimenezek bere maisulanagatik espero ditzakeen nota jaitsierez gain, Patxi Lopezen efektu ez oso prometagarria hegan ibil daiteke Nafarroan ere. Zer sorpresa berri, zer saio berri eskainiko dizkigu demokrazia berriaren PSNko estratega sendo honek, ataka horretan bere burua ez ikusteko?


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude