argia.eus
INPRIMATU
Erreskateari jarriak

Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2012ko ekainaren 27a

I
Espainiak berezko
ohi du Handigintza
Felipe bigarrena
halaxe zen mintza
Lehen inperioan
beti argi printza
eguzkirik sartzen ez
zeneko oroitza
orain ateratzeko
lotsetan dabiltza.

IV
Sufragioa ere
omen mailegu gai
boto erreskatea
hauteskundeen zai
Lehen berrehun mila pasa
mapatik kendu ai
orain hirurehun mila
zorretan hartu nahi
Geltoki intermodala
beharko dugu bai.
 

II
Ehun mila milioi euro…
beste hainbeste bela
Zazpitik lau probintzi
bustiz mela-mela
Erreskate, mailegu,
edo dena dela
Nik uste ia-ia
esan litekeela
jada, Espainia ez
Europa garela.

V
Antonio hizketan
gizon kaskailua
pozik, aurkitu baitu
bere jostailua
Nahiz alde izan lege,
toga ta mailua
Hemen denok daukagu
geure gordailua
memori pixka bat ta
kalkulagailua.
 

III
Paradisu fiskalak
palmondo, kokoak
ta kokotza tapaki
gehienen kolkoak
Salbatu bankuak ta
gero gerokoak
Noeren txalupara
poltsa berokoak
bizitza bera baino
lehenagokoak...
 

VI
Azken ale bat bada
utzi nahi dudana
eskola txikitako
bizitza emana.
Mende laurden luzean
su bajuko lana
emaitza, benetako
erreskate plana
eginaren aitortza
zorretan daukana.

   

Doinua:  Agur sagar beltzaran.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.