argia.eus
INPRIMATU
Oroimen historikoa
Gudari ezezagunaren izena
  • Euren izenak ez dira existitzen, galtzaileen zuloak betiko irentsi ditu. Carlos Iñiguez Garcia ANVko gudaria gerran desagertu zen; ez da hildakoen zerrendetan ageri. Amadorrek begiak malkotan azaldu digu anaiaren heriotza.

Aitor Azurki @AitorAzurki 2012ko ekainaren 20a
Carlos Iñiguezen argazkia eskuan du 
anaia Amadorrek. Erdian, alkandora txuriarekin ageri da.
Carlos Iñiguezen argazkia eskuan du anaia Amadorrek. Erdian, alkandora txuriarekin ageri da.

Sollube mendia (Bizkaia), 1937ko maiatzaren 6a. Borroka latzak errepublikar eta frankisten artean. Hegazkineria alemaniarrak gudariak bonbardatu ditu. Hildakoak ehunka dira; “Odolaren mendia” deitzen dute. Zurrunbilo horretan, 22 urteko Carlos Iñiguez Garcia ANVko Lehen Batailoiko donostiarra hil da.

Donostia, 2012ko maiatzaren 6a. “Hau da nire anaia; gaur 75 urte hil zutela”, hasi da esaten Amador Iñiguez argazkia erakutsiz. “Oraindik emozionatu egiten zara, ezta?”, “asko gogoratzen naiz berarekin, oso harreman ona genuen”.

Albistearen berri izan zuenean, Amadorrek 17 urte zituen eta lubakiak egiten ari zen Bizkaiko Arrigorriaga inguruetan. “Hurrengo egunean Atxuriko bere lagunetako batek eman zidan albistea. Bilboko Galtzara Nagusia eta Alameda Urkixoren izkinan zegoen ANVren bulegora joan nintzen: ‘Nor zara?’. ‘Anaia’. ‘A zer jipoia eman diguten… Ez dakit ezer gehiago. Gure gizonak sakabanatuta daude hortik; asko ez dira azaldu, baina agian jaitsiko dira…’. Egun horretantxe batailoiak erreleboa jaso zuen. Baina Carlosentzat beranduegi zen jada”.

Badira zerrendetan oraindik azaltzen ez diren izenak. Ez ofizialetan, ezta oroimen historikoa berreskuratzeko taldeek, ikerlariek eta historialariek osaturikoetan ere. Carlos Iñiguez Garcia donostiar gaztearen kasua da. Ez da bere arrastorik ageri liburuetan, monumentuetan, omenaldietan… Ez da existitzen.

“Nik esan nion amari”

Gorpua berreskuratze aldera, ANVren batailoiek Bilboko Begoña auzoko kuartel bilakatu komentura jo zuen ziztu bizian: “Hutsik zegoen, lagun bat edo bi baino ez”. Harrez geroztik desagerturik du anaia: “Carlos ez zen menditik jaitsi, oso gutxi jaitsi ziren, hegazkinek metrailaturik hil ziren-eta. Nik esan behar izan nion amari”.

Oraindik orain, gure protagonistak iltzaturik du bere anaiarekin joan nahi izan zueneko eguna: “Sarritan ikusten genuen elkar. ‘Carlos, nik zurekin joan nahi dut frontera!’. ‘Ez. Gurekin jende entxufatu asko etorriko da, baina behean geratuko dira; eta guk gora igo beharko dugu hogei egunez edo’”. Iragarpen makabro bat bailitzan.

Donostiara joandako burgostarrak

Gurasoak, Nemesio Iñiguez eta Anunciación Garcia, Burgosetik etorri bikotea ziren. Bost seme-alaba izan zituzten Donostian, tartean Amador eta Carlos. Amara auzoan bizi eta aroztegi batean lan egiten zuten. Gerra hasirik, Donostiako hainbat lekutan izan ziren bi anaiak Errusia Batailoiarekin lanean.

Baina, azkenean, matxinoek Donostia hartu eta Bilbora hanka egin zuten trenez. Carlos ANVko batailoi batean lerrotu zen, eta, Amador, lubakiak egiten hasi. Anaiaren heriotzaren ostean, frankistek Bilbo mendean hartu zuten, baita Amador atxilotu ere. Zigorra: urte mordoa langile batailoietan eta soldaduskan. Nolanahi ere, lubakietara igotzeko ezetzari esker, Amadorrek historia hau kontatu ahal izan digu eta anaiaren izena, bederen, jada ez da galduko:

Carlos Iñiguez Garcia.
Donostia, 1914ko azaroaren 4a – Sollube, 1937ko maiatzaren 6a. Agur eta ohore, eusko gudaria.