"Langileak sindikatua ez badauka bizkartzain, jai dauka"

  • Disidentzia ez da gauza erosoa. Hor da Jesus Uzkudun, CCOOko zuzendaritzako kidea, abertzale eta ez abertzaleen artean zangalatraba, gaztetatik langilearen alde lanean etengabe.

Dani Blanco

Jesus Uzkudun Illarramendi…

Manterola Garmendia! Donostiako Igaran jaioa, Pellotegi baserrian. Aiatik etorriak nituen gurasoak; Laurgaingo Ibarrolakoa aita, Zatarain Berrikoa ama. Etxean hazi nintzen 7 urte arte. Ondoren, morroi izan nintzen Matia asiloa zegoen Ixa baserrian 14 urte arte, familia Hernanira joan zen arte. Ibiltzeko gauza izan nintzenean hasi nintzen lanean, baserrian ohi denez. Hernanira joan ginen sasoian, udan, morroi izan nintzen beste baserri batean. Ondoko udetan, fabrikan egin nuen lan, aitaren ondoan Olaran zerrategian. Eskola profesionala bukatu [Lanbide Heziketa ikasketak], eta Urnietako Urma tailerrean lanean nintzen, 17 urte nituela.

Orbegozoko garaia?

Geroago. Aurretik, Gureola Scott-en aritu nintzen, hangoak ditut lehenengo esperientziak. Burgosko prozesua-eta. Geuk, gazteok, geratu genuen fabrika. Soldadutza egin orduko, Orbegozora joan ginen, Gureolan ez zegoen-eta erakundean sartzeko jendea inguratzerik. Eta Orbegozora. 22 urte izango nituen.

“Erakundean sartu”, esan duzu.

Aurrena kristau mugimenduan, auzoan, edo lan munduan ibili nintzen. Hortik, segituan sartu ginen erakundean, ETAko langile frontean, ETA VI segituan. Esan zidaten: “Egin ezak, inork ez dik erakutsiko zer egin behar den!”. Eta hasi ginen, eta orain arte, beti ikasten. Leihoak irekita edukitzea bezalakorik ez dago horretarako. Batari eta besteari kasu egin, bideak saiatu… “Bide honetatik ez zegok!”, eta beste batetik saiatu.

Burgos garaia aipatu duzu, prozesua.

Propaganda banatzen genuen Burgoskoa baino lehen ere, barra-barra, nahiko agerian. Jendeak bazekien. Burgosko epaiketa garaian, egun haietan, fabrikako gerenteak esan ere egin zidan, ETAko propaganda banatzen nuela. “Nik ez!”. Bigarren solairuan ari nintzen makina konpontzen, Sanitarias atalean. Emakumeak ziren han denak. “Bedeinkatua andre guztien artean” nintzen. Makina konpontzen ari nintzela, erreminta jaso, eta behera. Atzetik, makina guztiak gelditu zituzten. Bi langilek, ez zutela nahi. Joan ginen denok korruan eta itzali genizkien. Berrehun langiletik gora ginen, eta ehundik gora, emakumeak! Handik egunetara, gurekin lan egiten zuen lagun bat atxilotu zuten. Beldurra pasatu genuen, baina aurrera.

Beldurra bizi zenuten Francoren sasoian…

Beldurra pasatu ez zuela esaten duena, txoro galanta! Beldurra, eta eztarria lehor, behin baino gehiagotan. 1974an bertan, Puig Antich katalana hil ondoren, poliziak atzetik nituela, alde egin behar izan nuen, andrearekin batera. Aberri Eguna eta geroko kontuak. Bi urte pasa nituen Gasteizen, klandestino. Han, borrokatzea posible zela ikasi nuen, eta erakutsi ere bai. Behin esan nion: “Bihar ez bazarete manifestazioan hasten, fuera erakundetik!”, eta irten ziren, eta jendea haien atzetik! Eta gustura! Hurrengo egunerako berriz geratu ziren. Hura ilusioa! Gure lana hobeto planifikatzen ikasi nuen han.

1976, martxoak 3.

Goizeko ordu batean, San Frantzisko elizako komunikatua ekarri zidaten. “Gauerdirako ekartzen ez badute, ohera!” esan zidaten. Ordu batean ekarri zuten, eta goizeko bostetarako industri poligono guztietan zegoen propaganda. Arturo del Valek, Iñaki Uribarrik zer edo zer idatzi dute, baina haren historia osoa idatzi gabe dago oraindik. Erabat erretiratzen naizenean, orduantxe. Kar, kar, kar.

Langilea mugitzea erraz zen orduan?

Gazte jendea airean inguratzen genuen. Erraza ez zen, hala ere. Martxoaren 3koa gertatu eta astebetera, bilera bat, klandestinoa. Gaueko hamaiketan irten ginen bileratik. Nirekin batera, andrea eta Arrasateko bat. Inguruan, polizia-autoa ikusi genuen. “Goazen Bar Txokora”, esan genion andreak eta biok Arrasatekoari. Sartu tabernara eta komunera gure laguna. Eta, orduantxe, polizia tabernara. Dokumentazio eske hasi ziren tabernan geundenoi. Nik tripak airean, propaganda paper pila neraman, eta barneko egiturarenak ere bai. Hura harrapatu izan balute, akabo! Hasi dira agiriak eskatzen, lehenengo bati, gero besteari… Hirugarrena, nire emaztea, andre bakarra tabernan. Dokumentazioa aztertu eta “Hernanikoa”. Andreak kristoren beldurra, ni korrika noiz hasiko ote nintzen. Eta orduan, poliziari esan zion: “Senar-emazteak gara”. Eta poliziak: “Senar-emazteak?”. Nire agirietan, “Iñaki Fran…”, bizkaitarra. Faltsua papera, helbidea ere ezin genuen eman. Galdetu ere ez: “Utzi senar-emazteei joaten” esan zuen poliziak. Horrelaxe libratu ginen. Beste guztiak poliziak eraman zituen. Komunean sartu zena hantxe geratu zen, atea itxita. Leihotik irten zen. Istorioak! Kar, kar, kar.

Zenbat istorio, ezta?

Denak kontatzen hasiko bagina, egunak argituko luke bitartean. Batzuk istorio politak. Lagunartea dut orduko oroitzapen ederrena. Bestela, beldurra, diru eskasia… Gasteizen, bi urtean sei etxebizitza ezagutu genituen. Sei etxebizitza! Gasteizkoak bertakoak baino hobeto ezagutzen nituen auzo guztiak.

Sindikalistatzat zenuen zeure burua?

Langile iraultzailea nintzen.

Eta gaur egun?

Baita ere.

Zure titulua, berriz, “Jesus Uzkudun, sindikalista”.

Beti hortxe jardun naizelako. Gasteiztik Donostiara etortzeko garaia iritsi zenean, han bertan geratzea proposatu zidaten, Araban. Politikari karrera egingo nuen, seguru asko…

Politikari karrera, ona litzateke?

Politika ez da txarra.

Politikariez ari naiz…

Denetarik dago. Denetarik ezagutzen dut. Gainera, beti esan dut, sindikalismoa politikaz kutsatu behar dugula, eta alderantziz, politika sindikalismoz.

Nola egin hori?

Gure ordezkariak langileekin harremanetan jarriz lortuko genuke, politikarien arteko eztabaidak langile artera eramanez.

Inon egiten da hori? Nork zuzenduko luke eztabaida?

Zenbait lekutan egiten da. Grezia bidea erakusten ari da. Edo Egipto. Edo Latinoamerika… Sindikatuko kideek esan izan didate, Suedian, edo Finlandian, ministroa langile batzarrean, argibideak ematen, eta egurrean! Hemen, berriz, lekutan gaude.

Sindikatuari lekua kendu dio gizarte mugimenduak?

Bi mundu dira, bata bestearen osagarri. Lehengo sindikatuak pentsatu izan zuen bera dena zela, baina zaila da sindikatuak maila guztietan erantzutea. Langileak sindikatuan antolatzen dira, beren arazoak konpontzeko. Lan arazoak, batik bat. Sindikalistak ez du sindikalista bakarrik izan behar, beste txartel eta konpromiso asko eduki behar ditu. Gizarte mugimenduetakoak, eta beste.

Langilearen lan arazoak konpontzeko dago sindikatua, esan duzunez. Izan lan-hitzarmena, lan baldintzak, osasuna…

Herri honetan gehiegitan nahastu dira sindikatua eta partidu politikoa. Plano ezberdinetan ari dira, ordea. Sindikatuak langileen arazoak konpondu behar ditu. Politikariek lan erraza dute: honetaz eta hartaz eztabaidan jardun. Sindikatuak gero eta afiliatu gehiago behar ditu, bestela ez dute errespetatuko. Langileak ez badu bizkartzainik, sindikaturik, jai dauka.

Gazteak sinesten du sindikatuan?

Bai eta ez. Balioak aldatzen ari dira, etorkizuna aldatzeko esperantza galdu egin da neurri handi batean. Sinesmen hori galdu da, berreskuratu egin behar da. Oraingo egoeran, beharrezkoa da balio horiek berreskuratzea, eta uste dut horixe landu behar dugula.

Zer da sindikalista izatea CCOOn, langile batzordeetan?

Belarri onak edukitzea, sudur ona, pentsaera politiko ezberdina duenarekin elkarlanean jardutea, arazoa igarri eta erantzun egokia emateko. Gainera, odolberoa izan behar da, injustiziei aurre egiteko, eta nork bere indarrak ondo gestionatu behar ditu, ez gaztetan egiten genuena, eup!, eta aurrera.

Zer da CCOOko sindikalista izatea Euskadin?

Konplikatuagoa! Batzuek mugalari naizela esaten didate, “mugakide” esaten dut nik, batetik bestera nabilelako. Nire ustez, sindikatuen arteko fronteak izatea da gure akatsik handiena. Hondamendi hutsa. ETA VI.ekoa izan nintzen, troskista, gauza bat irakurrita batez ere. Internazionalismoa-eta, bai, baina, hori baino gehiago, langile fronte batua, III. Internazionaleko laugarren kongresua. “Hementxe zegok, hortik jo behar diagu!” izan zen niretzat. Ezin da gure herri honetan erreformen aurka edo halako politika baten aurka jo, esanez “ez, ni zuekin ez noa”. Hori antzerki egitea da, arazoei erantzuteko borondaterik ez izatea. Azkeneko greban garbi ikusi zen hori. Denok batera egoteak –batuta edo elkartuta, batera behintzat–, ilusioa eta konfiantza ematen du. Hori ez badago, kaputo! Nahitaezkoa da zubi lana, elkarlana bultzatzeko. Elkarlanik ez bada, ez arazo soziala ez nazionala konpontzeko pausorik emango da. Arazo nazionala konpontzeko ere akordio zeharra behar da.

Zer diote honetaz sindikatu abertzaleetako arduradunek?

Oraindik orain, eztabaida bat Hamaika telebistan: LAB, STEE-EILAS eta gu. ELArekin beste eztabaida bat izatea eskatu zidaten. “Saria, lortzen baldin baduzu”, halaxe esan nien. Batek ez badu eztabaidatu nahi, zerbait du ezkutatzeko. Horrela da. ELAk ez du eztabaidatu nahi gurekin. Beste kasu bat, nire arloari dagokiona. Duela hamar, hamabost urte, Prebentzio Legea atera zenean, akordatzen naiz esan niola ESK-ko lagun bati: “Hi, istripua gertatu bezain agudo, erantzun baterakoia”, eta akordioa egin genuen. Joan ginen ELAkoengana, eta “ez! Guk ez dugu horretan parte hartuko. Nahi duena, datorrela gurekin”. Zer pentsatzen zuten, gu geldirik egongo ginela? Zer ekarri du horrek? Lotsagarrikeria: langile bat hil, eta protestan, bi pankarta! Maila horretan LABek, ELAk, edo jaungoiko bedeinkatuak, gu salduta gaudela esaten badu, gezurra esaten ari da, ez dute sinesgarritasunik. Hor dago froga, gure eguneroko lana eta ekintza.

Langilearen aldeko lan eta ekintza.

Hortxe gozatzen dut nik: minbizia, gorreria, asma… Osasungintza izan da nire ekintza sindikala. 1982an Gipuzkoako Lan Osasuneko buru izendatu ninduen sindikatuak, eta harrezkero, egin du euria. Sasoi hartan, Orbegozon, urtean hildako bat izaten genuen, gutxienez. Elbarrituak, makina bat. Iraultza egin genuen: Seguritate eta Higiene batzordea bost langilek osatzetik hogeita hamahiruk osatzera igaro ginen. Huraxe bai, iraultza! Lan istripuak gutxitzeko erabateko pausoa izan zen. Laneko gaixotasunari ez genion askorik begiratzen, poliki-poliki ikasi genuen horretan ere. Lan osasunak txoratuta nengoela esan izan zidaten, baina uste dut beste kutsu bat eman diodala sindikalismoari. Amiantoa, silikosia, gorreria… Gaixotasun horiek ez dira segituan agertzen. Gaur egun, Euskadi punta-puntan dago Estatuan, minbizi eta silikosi kasuetan. Kasu ezagutuak, aitortuak. Zakur zaharra behar da horiei antzemateko, eta gaixotasunak errekonozitzeko pausoak emateko. Abokatuak? Epaitegirako dira onak, ez beste ezertarako! Gaixo dagoen langileak sindikatua behar du atzean. Mutuak, gizarte segurantzak… aurka egingo diote. Milaka eta milaka kasu aztertu izan ez banitu, ez ginateke oraingo egoeran egongo. Sindikatuen pankarta eta protestak beharrezkoak dira, baina langile bakoitzaren kasua gestionatzea da inportanteena.

Are gehiago krisi garaian.

Langileen indarrari eutsi, horixe da lehena. Eta murrizketei nola erantzun ondo pentsatu. Borroka egin behar da. Askok esaten dute: “Bada, beste greba bat”. Bai, eta hurrengoan hiru egun? Gauzak ondo neurtu behar dira, eta langileak badaki greba batek zenbat kostatzen duen poltsikoan. Txorakeria gutxi!

Nortasun agiria

Jesus Uzkudun (Donostia, 1949) Euskadiko CCOO sindikatuko kidea 1969ko klandestinitatetik hona. 1982an ardura karguak hasi zen hartzen sindikatuan, eta 1996tik Euskadiko exekutibakoa da. Laneko Osasuna eta Ingurunea izan du ardura eta hortxe egin du borrokarik handiena, amiantoa, minbizia, silikosia, asma, gorreria eta bestelako gaixotasunak azalera ekarriz. Europako Agentziaren saria jaso zuen 2005ean, laneko zarataren kontrako kanpainaren barruan, gorreria duten langileen alde egindako lanagatik: 6.000 kasu baino gehiago aztertu zituen. Askotan ageri izan da Egunkaria, 18/98, Udalbiltza edo Adierazi EH kasuetan inputatuen aldeko ekitaldietan. CCOO sindikatuko buruzagietan beteranoetakoa, gutxik egin liezaioke kontra Jesus Uzkuduni.

AZKEN HITZA
Euskara

“Askorekin hitz egiten dut euskaraz CCOOn. Unai Sordo, gure idazkaria, euskaldun berria da, adibidez. Baditugu, bai, euskaldunak. Esate baterako, euskara plana abiarazi nuen CCOOn, gainerako sindikatuetan inork baino lehen. Ibarretxeren azken agintaldian, Euskararen Aholku Batzordeko kide izan nintzen”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude