argia.eus
INPRIMATU
Ikasle ohiak ikastolan
Jon Arizkun 2012ko ekainaren 10

Maria Amurrio Berroeta (Barakaldo, 1978) bastidarra da, eta ikastolako administrari lanean ari da. Gurutzetako ospitalean jaio arren, Arabako Errioxaldeko herrian da jaiotzatik. Bizkaiko Arratiakoa du ama, Bastidakoa aita. Ikastolaren sorreran parte hartu zuen amak eta han egin zituen lehen urratsak alabak. “Hemen ikasi nuen 8. maila arte. Ondoren, Lapuebla de Labarcako Assa Ikastolan egin nituen batxiler ikasketak eta UBI, eta Ekonomia ikasketak egin nituen gero Bilbon Sarrikon, euskaraz. Hiru urte irakasle lanean jardun nuen Gasteizen, eta Bastida Ikastolan ari naiz, duela bost urtetik hona, administrazioan”.

Maria Amurriok etxetik ekarri zuen euskara, sentiberatasun faltarik ez du. Barrutik bizi du hizkuntzaren egoera. “Nire iritziz, ikastolan, gutxiago hitz egiten genuen euskaraz nire garaian. Gogoratzen naiz, esate baterako, Barriako barnetegira joan ginela behin, ikastolatik, euskara erabiltzeko programan. Ez genuen euskaraz hitz egin, ordea, eta andereñoak ez-nahikoa jarri zigun euskaran. Nire lehen suspentsoa izan zen. Orduan ez nuen ulertu andereñoaren jarrera. Orain bai”.

Ikastolako ikasle ohi, bertako langile, eta ama ere bada Amurrio. Alderdi asko ikastolaren ertzak ezagutu nahi dituenarentzat. Gurasoen giroaren berri ere zuzen-zuzenetik daki. “Hizkuntza proiektuaren barruan hilero esku-orriak banatzen ditu ikastolak gurasoen artean, esaldi errazak erakusteko, urte sasoiaren araberakoak”. Euskararen aldeko jarrera lantzeko baliagarri zaie hori, kontzientziari eragiteko, aise ez bada ere. “Guraso askok errazago zaielako bidaltzen dute beren umea gure ikastolara. Eman dezagun, Harokoak. Gurasoak, euskaldunak, bertan ari direnak lanean. Ikastolak eskaintzen dituen zerbitzuak ikusi –autobusa, jantokia, hizkuntza proiektu [hirueleduna], ikasleentzako zaintza programa…–, eta hona bidaltzen dute haurra”. Euskararekiko kontzientziarik ez, askotan, eta horretan lanak, nahiz ez den gure lagunaren kasua.

Maria Amurriok umeak ditu poz, haien ongizatea, oraina eta etorkizuna. “Ikastolaren alde egiten dudan lana umeari onuragarri zaiola ikusteak bete egiten nau. Araba Euskaraz jaia dela-eta, elastikoak saltzera edo dena delakora joan beharra dagoenean ere, badakizu umearen onura nahi duzula, hark material hobea, aukera handiagoa izan dezan saiatzen ari zarela, dela gela bat egokia izateko, dela beste ezertarako”. Txikitandik jaso duena, amaren aldetik jasoa, ondorengoen esku jartzen ari da Maria Amurrio Berroeta ikastolaren administrari lanetik.