argia.eus
INPRIMATU
Uretako bizia ere merkatugai: ekonomia urdina
Unai Brea @unaibrea2 2012ko maiatzaren 29a

ETCren Nork kontrolatuko du ekonomia berdea? txostenak atal bat eskaintzen dio itsaso, laku eta ibaietako biomasaren erabilerari. “Kostaldea duten estatuak ari dira, dagoeneko, ekonomia berdearen uretako baliokidea sustatzen: ekonomia urdina”. Ur-biomasa landare zein animaliek osatzen dute, baina gaur egun industriak batez ere algak erabiltzen ditu. 2008an hamasei milioi tona ekoitzi zituzten; kopuru horren zatirik handiena elikagai modura saldu zen, baina hidrokoloide izena daukaten substantziak ekoizteko ere erabili zen. Mikroalgena, berriz, oso merkatu txikia da oraindik, elikagaien osagaiak sortzeko bideratua batik bat.

Algak oso erakargarriak izan daitezke biomasa industrialerako lehengai gisa, hainbat ezaugarri berezi dituzte eta. Esaterako, oso azkar hazten dira; barietate batzuk 60 zentimetro handitu daitezke egun bakarrean. Bestetik, kopuru handitan ekoitzi daitezke leku txikietan. Alga mota batzuek metro koadroko eta urteko 16 eta 65 kilogramo bitarteko biomasa sor dezakete. Lehorreko labore emankorrenek 6-18 kilogramo bitartean eman dezakete denbora eta espazio berean.

Aspaldikoa da algak bioerregai bihurtzeko asmoa, oraingoz merkatuan arrakasta eskasa izan badu ere. Nolanahi, berriki sortutako zenbait enpresak erronkari helduko diote, ETCren arabera.