argia.eus
INPRIMATU
Giza Erantzukizun Korporatiboa eta ekologisten eskariak
Unai Brea @unaibrea2 2013ko maiatzaren 07a

Ekologistak Martxaneko Iñaki Barcenak, Nerea Gonzalezek eta Rosa Lagok kontatu digutenez, duela hamabiren bat urte Kofi Annanek, artean NBEko idazkari nagusia zela, Global Compact estrategia jarri zuen abian, garapen jasangarrirako gobernuek ematen ez zuten dirua enpresa transnazionalek eman zezaten. Neurria borondatezkoa zen, eta esan gabe doa, porrot egin zuen.

Rio+20ko agendan dagoen gaietako bat Giza Erantzukizun Korporatiboari buruzko hitzarmena da. “Euren irudi kaxkarra berdetzeko eta kritikak desaktibatzeko bide bat da”, ekologisten ustez. “Interes publikoa egon beharko litzateke ororen gainetik, eta hala, enpresek derrigorrezko arauen arabera jokatu beharko lukete, gobernuek herriaren kontrolpean ezarritako arauen arabera”. Ez dirudi horrelakorik aterako denik Riotik.

Ekologistak Martxanek dituen beste proposamenak ere nekez ikusiko ditugu gauzatzen. Aipatzekoak, horien artean, Ingurumenaren Mundu Agintearen eta nazioarteko Ingurumen Epaitegiaren sorrera. Lehenbizikoak eskumena edukiko luke isunak jartzeko, eta bigarrenak gobernu zein enpresak epaitzeko.

Beste proposamen batzuek ekonomiarekin zerikusia dute, interesik gabeko moneta-sistema sortzea adibidez. Horretaz gehiago jakin nahi duenak 2011ko ekainean aldizkari honetan Pedro Prietori egindako elkarrizketa irakurtzea dauka (Argia, 2.279 zenbakia).