argia.eus
INPRIMATU
Gerta liteke corralitoa Espainian?
Daniel Udalaitz 2013ko maiatzaren 07a

Paul Krugman Ekonomia Nobel saridunen hitzek lurrikara sortu dute ekonomia aditu eta finantza-analisten artean. Batzuen ustez teknikoki ez da posible eta Rajoyren Gobernuaren planteamenduak babestu dituzte. Baina beste aditu batzuek Krugmanek bezala pentsatzen dute. Gerta liteke corralito hori, eta teknikoki ere posible da.

Gaur egun Espainian ezin dela horrelakorik gertatu uste dutenek banku-corralito bat gertatzeko gordailuen ihes masiboa beharrezkoa litzatekeela jotzen dute, eurotik ateratzea eta pezetara itzultzea, eta hori gaur egun bideraezina eta gertaezina dela uste dute. Gainera, Gordailuen Berme Funtsak babesten ditu aurreztaileen gordailuak, zeinak gehienez 100.000 euro berdintzen baititu bezeroko eta kontuko.

Banku-corralito bat gerta daitekeela diotenek bere garaian Argentinan izan zen egoera parekatzen dute gaur egungo Espainiako Estatuko egoerarekin: zorduntze maila altua; langabezia handia, bai pribatua bai publikoa; Nazioarteko Diru Funtsaren (NDF) finantza-presio altua, eta interes altuak zorra dela-eta. Gainera, analista horientzat, banku-gordailuak ateratzearen uholdea eragin lezake kostu guztia bezeroaren gain jartzearen banku-filosofiak, banku-sistemarenganako konfiantza ezak –Lehman Bro­thers erortzearen eta Madoff eskandaluaren ondoren–, eta euroarenganako konfiantza ezak. Horrela sor liteke “banku-korritu” deritzona.