Nagoyan (Japonia) 2010ean sinatutako Aniztasun Biologikoaren Hitzarmenak moratoria ezarri zion arren, geoingeniaritzaren ideiak ez du indarrik galdu. Britainia Handiko Royal Societyk honela definitzen du: “Gizakiak eragindako klima aldaketa antropogenikoari aurre egiteko planetaren ingurumena eskala handietan manipulatzea”. Bi bide leudeke horretarako: atmosferatik C02 erauztea, edo are ikaragarriago dirudiena, eguzkiaren erradiazioa kontrolatzea. Adibide bat: azken unean bertan behera utzi zuten esperimentuan, ikerlari britainiarrek ura bota nahi zuten atmosferara, kilometro bateko altueran, tantek eguzki-izpiak islatu eta lurrera iristea eragozteko.
AEBetan, zenbait zientzialari eta militarrek gobernuari gomendatu diote moratoriari kasu egin ez eta geoingeniaritzaren alorrean ikerketa sustatzeko, “beraiek egiten ez badute beste norbaitek egingo duelako”. Txinak, bere aldetik, %10 gehitu nahi du euri kopurua, uzta hobeak izate aldera. Eta horretan ari da.