argia.eus
INPRIMATU
Epika

Igor Estankona 2012ko maiatzaren 29a

Xaloegiak beharbada kopa altxatzeko, eta gazteegiak, gehienok, ulertzeko Milan eta Bartzelona kanpoan utzi eta gero galdu zuela Athleticek 1977ko final mitikoa. Juve hartan 1982ko munduko bost txapeldun zebiltzan, gainera. Alegia, historikoaren kontzeptua izan daitekeela handiagoa –futbola asko hazi da ordutik– edo txikiagoa –orduko UEFA gaitzagoa zen–, nondik begiratzen den.

Apur-apur eginda utzi zuten Fergusonen sotiltasuna eta futbola ulertzeko modua gurea ere bada: abiadura, zehaztasuna, kuraia eta mistika pitin bat, eta jokoari fideltasuna. Bielsak ere ordena nahi luke, aski ingelesa den Bilboko Athleticen, berezkoa duen bipiltasuna galdu barik. Simeone beste eskola batekoa da, ordea, guri kalte gehien egiten digun futbol xuhurrarena. Eta onartu behar da talde txikiago batekin, gutxirakoa, finala sagaratu gabe, gainditu egin duela maisua. Eurentzako moduko partidua eurentzako moduko diskurtsoarekin osatu zuten: diskurtsorik ez eta, ahal bada, partidurik ez. Zazpigarren minutuan, gol batek ezarri zuen istorio haren amaiera, ez ordea historiaren amaiera.