Emaion rockari!

  • Emarock proiektua jaio berri da. Batetik, emakume musikariak taldetan batzea eta zuzeneko kontzertuetara animatzea du helburu. Bestetik, emakume musikarien erreferentzia gune izatea.

Saioa Cabañas Barrenetxea (Bilbo, 1982) hamabost urterekin hasi zen kontzertuz kontzertu kamera txiki bat aldean zuela musikariei argazkiak egiten. Denborarekin, geroz eta argazki hobeak lortu eta egun www.gauilunak.com orrialdea eta argazki galeria oparoa ditu sarean (www.flickr.com/ photos/gauilunak). Berea da, hain zuzen, Emarock proiektuaren hasierako ideia. Argazki erakusketa baten prestaketan ari zela, emakumeen argazki soilez osatutako erakusketa osatzeko adina material bazuela ohartu zen.

Ideia hari tiraka jabetu zen, ordea, euskal musikagintzan emakume ia denak abeslariak zirela. Zaila da bateria edo gitarra jotzaile emakumezkorik aurkitzea. Eta zer esan emakumez osatutako taldeez. Euskal Herrian zer musika talde izan diren eta badiren ikertu du Saioak, baita emakumeek historian zehar musikarekin izan duten lotura ere. “Musikarik ezin ikas zezaketen garaietatik hasi eta gaur arte, emakumeok atzean utzi gaituzte musikan, beste arlo askotan bezala. Hutsune hori gogoan hartuta ekin nion proiektuari” adierazi digu Cabañasek, 2010eko abenduko hastapenak gogoratuz. Proiektua lagun askoren lanari esker gauzatu ahal izan da eta hainbat emakume musikarirekin elkartu ostean, txiki behar zuen proiektua handi bihurtu da, zeuden gabeziak ere halakoxeak izanik. “Gure asmoa ahalik eta emakume gehien zuzeneko musika egitera animatzea da. Emakume asko arlo pribatuan aritzen dira musika jardunean. Kontserbatorioak eta musika eskolak emakumez beteta daude. Baina kontzertuetara eta arlo publikora etorrita ez dago halakorik”.

Proiektuaren aurkezpen ofiziala maiatzaren 24an egin zuten, Tolosako Aranburu Jauregian antolatutako erakusketan. Bertan zuzeneko kontzertuen argazkiak eta emakume musikarien biografia eta elkarrizketekin osatutako dokumentala izan ziren, baita web orrialdearen aurkezpena ere, musikaz lagundua. Proiektua etengabeko sorkuntzan ari da forma hartzen, eta oraingoz, hamasei musikariri egin diote elkarrizketa. Esate baterako, Aiora (Zea Mays), Saioa eta Maiteri (Mursego); zer musika estilo egiten duten axola izan gabe, baina kontzertuetan parte hartzen dutenak agertzen dira, betiere.

Aurkezpenaren ostean, Emarockek webgunearen bidez funtzionatuko du. Jada, bisitagarri dago proiektua sare sozialetan (facebook, twenti eta twitter). Web-gunean musikari bakoitzak bere profila izango du eta taldearekin harremanetan jarri ahal izango da erabiltzailea. Proiektuak epe luzera eragin nahi du eta bi fasetan banatu dute. Lehenengoan, euskaraz egiten duten taldeetan sakonduko dute, eta bigarrenean, Euskal Herrian hizkuntza ezberdinetan jarduten dutenei helduko diete. Orain arteko lana eta etortzeko dagoena kudeatzeko Emarock kultur elkartea eratu zuten 2011ko maiatzean, eta proiektuan lanean jende andana aritu bada ere, nagusiki neskak izan dira, ikuspegia neskena izateari garrantzia eman baitiote.

Ikusgarritasuna eta promozio bidea

Frogatxo bat proposatzen digu Saioak: “Galde diezaiogun jendeari mutilez osatutako zenbat talde ezagutzen dituen. Talde andanaren izenekin erantzungo dute. Nesken taldeez galdetuz gero, ordea, ez dakite, eta jakinez gero, aspaldiko garaikoren bat aipatuko dute, ziurrena. Hutsune hori aldatzeko asmoa ere badugu”. Ikusgarritasuna behar-beharrezkoa da ezein diziplinatan erreferenteak sortzeko garaian. Dauden artistak ikusaraziz lortzen da berauek promozionatzea, eta aldi berean, sortzaile berrientzat ikur izatea. “Lehenik emakume ereduak behar ditugu, erreferenteak, jarraian emakume gehiago anima dadin. Begi bistan jarri behar ditugu, zeren emakume musikariak izan badira”. Estilo ezberdinak jorratzen dira gainera. Ez dute antzekotasun handirik Napoka Iriak eta Gosek. “Musika estilo bat atsegin ez bada, normala da haren berri ez jakitea. Baina gure hutsuneak gustu diferenteetatik baino, erreferente faltagatik datoz” gogorarazten digu Saioak. Badira musika zuzenean egiten duten emakume musikariak, batzuk ezagunak, eta besteak, ezezagunak. Emakume partaideak dituzten eta Euskal Herrian kokatzen diren talde guztiei elkarrizketa egitea da azken helburua, oraindik askorekin harremanetan jartzea falta bazaie ere. “Web-gunean zerrenda bat izango da taldeekin. Hala nahi duenak, bere herriko eta inguruko taldeak zerrendara ekartzea nahi genuke, gu ezin baikara leku guztietara iritsi”.

Ondo pasatzea eta genero rolak aldatzea

Saioak ezaguna zaigun gogoeta luzatzen du: “Begirada bizkor bat nahikoa da: mutil mordoa elkartzen da 15 urterekin musika egitera, batere ona izan ez arren egiten dutena. Eta ez dago arazorik. Helburua ondo pasatzea da. Gure nahia emakumeek ere horixe sentitzea da. Musika egin dezakete eta ondo pasa, disfrutatu”.

Olatz Aldasorok Emarock-erako egin duen logoak ere ideia hori berresten du. Anplifikadore bat da, proiektuak emakumeen musikaren bozgorailu izan nahi duelako, baina horrez gainera, izartxo morea era badauka anplifikadoreak, “denak dira gure izarrak” esanez bezala. Publikotasunera jauzi egiteko eragozpenez gain, zenbait lanbide, jardunbide eta objektu generoz ezaugarritzen ditugu, oharkabean askotan. Horixe gertatzen da musika instrumentuekin ere, genero zehatz batera lotzean. “Proiektuak zenbait joera normalizatu nahi ditu. Esate baterako, bateria jotzailea eta emakumea ez dira elkarrekin irudikatzen. Gu geu harritzen gara emakume bateria jotzailea ikustean! Harridura mota hori amaitzea nahi genuke. Ohitu egin behar gara, eta ohitu gaitezen, erakutsi”. Emarocken epe luzeko helburua normalizazioa da, neskek, mutilek bezalaxe, aukera eta ausardia izan ditzaten beldurrak uxatuta oholtzara igotzeko. “Ez daitezela etxean gera musikarekin. Datozela arlo publikora. Neskak! Batu eta animatu talde propioa sortzera!”.


Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude