argia.eus
INPRIMATU
Bakterio batzuen bizimodu geldoa

Joxerra Aizpurua Sarasola 2012ko maiatzaren 29a

Laborategietan segundoak edo minutuak irauten duten bakterioak lortzen dira. Beste muturrera joanda, Aarhus-eko Unibertsitateko (Danimarka) ikerketa talde batek milioika urtez bizi diren bakterioak aurkitu ditu.

Antza, tropikoetako itsas hondoetako sedimentuetan bizi dira bakterio zahar horiek, ia oxigenorik ez dagoen lekuetan. Badirudi kontraesana dela oxigeno gutxi dagoen lekuetan bizitza egotea, baina horixe izan da ikerlarientzat aurkikuntzaren gakoa. Zenbat eta oxigeno gutxiago izan, bakterioak orduan eta gutxiago mugitzen dira, eta horregatik elikagai gutxiago behar dute. Nolabait, lozorroan bizi dira, bai milioika urtetan bizi ere. Dinosauroen garaiko bakterio horiek itsas hondoetan topatu dituzte, baina nork esan lur azpian ere aurkitu ez daitezkeenik?

Hain zaharrak izanda, bakterio horiek informazio asko gorde dezakete, eta horren bila abiatu dira ikerlariak.