argia.eus
INPRIMATU
Aieteko Adierazpena: “Frantzian auzian sartuta dago”
Mikel Asurmendi @masurmendi 2012ko maiatzaren 29a

Donostiako Aieten egon nintzen. Hasieran nire izenean. Alderdiarekin hitz egin nuen, eta alderdia ordezka nezakeela esan zidaten. PSko Frederique Spagnac senataria ere egon zen. Oso une garrantzitsua izan zen, jendea espresatu zen, bakoitza bere erara. Bakea behar dugu. Gaur egun, François Miterranden garaian lortu ez genuena lortu behar dugu: bakea. Anartean mina handia izan da, ETAk nahiz GALek eraginda. Gatazka odoltsua izan da, nik Hendaian ezagutu nuen gertutik.

Euskal auzia konpontzen hasteko, euskal presoen hurbilketarekin hasi beharko litzateke, niretzat hori ezinbestekoa da. Ulertzen dut min handia egotea, biktimak daudela, baina guri, politikooi, arazoa konpontzea dagokigu. Badago dioena, Frantzia ez dagoela auzian sartuta, baina nire aburuz, oso dago sartuta. Adibidez, Frantziako Gobernuak bertan behera utzi behar luke euroagindua. Halaber, Errepublikaren espirituarekin bat egiten dut, eta horretan ez da sartzen presoen zigorra bikoiztea. Ez dugu eskatzen presoak askatzea, baizik eta, hasteko, euren eta familien bizimoldeak hobetzea, Euskal Herrira ekartzea. Politikaren alorrean, esaterako, Frantziak Zapaterok eman zuen urratsa errespetatu bazuen une batez, orain ere, bide horretan egin behar dugu aurrera.