Ni hautatua izan nintzen, nire programan argi eta garbi idatzi nuen oraingo trenbideak erabili behar direla, eta besteak beste, oraingo trenbide nagusia (LGV delakoarentzat) zabaldu behar dela. Ez dela berria eraiki behar, alegia. Alabaina, Espainiaren eta Frantziaren arteko lurralde akordioak aspaldikoak dira. Berrienak, Jacques Chiracen garaian sinatuak. Guk Departamenduko Kontseilu Nagusian sartzean ez genuen akordio hori ezagutzen, noski. Erran nahi baita, Espainiak ezingo luke AHTren bidea honaino ekarri, ez badauka Frantziak berea eraikiko duen ziurtasuna.
Horiek esanda, adibidez, hegaldien arloan akordioak behar ditugu Bordele, Paue eta Donostiako aireportuen artean, Miarritzeko barne. Eta sail horretan ari da aurreratzen. Bada trenbidearen gaian ere, Irunera, Hendaiara edo Baionara helduko badira trenak, kontua ez da ekologistek dioten bezala, tokian tokiko trena ibilaraztea soilik. Ordu erdi oro dabilen trena egin behar dugu, noski, baina, nola sartu merkantziak, bidaiariak, Topoa barne, oraingo dauden bi bideetan. Ezin ditugu sartu.
Berdeekin, besteak beste, aztertu eta erabaki behar dugu zer nahi dugun. Tren bat etengabe dabilena, errotazioan, linea esklusibo bat behar dugu? Topoa, TER, nahi duzun bezala deitu, 15 minutu oro. Beraz, linea berri bat behar badugu, egin dezagun, baina Hendaiaraino hel dadin, bestela ez. Berdeek ez dute nahi. Trafiko osoa trenbide bakarretik pasaraziko dugula diote. Errespetu guztiekin, hori ez da erreala. Nire etxe ondotik pasatzen da oraingo trenbidea, eta merkantziak jasan ezinak dira, bada, pentsa, trafikoa hirutan biderkatzen badugu. Trenbide berria eraikitzen bada 60-70 bat etxalde inguru kaltetuak izanen dira, ados. Baina, adituek diotenez, dagoen trenbidea zabaltzeko eta babesteko, 1.000 etxebizitza bota beharko dira. Beraz, ez da erraza. Izan ere, hori egiten bada baserritarren traktoreak ez, baina beste herritarren ibilgailuak izanen dira kalean. Gaia konplexua eta ongi aztertzekoa da. Kontsultaren aukera ere ez da baztertzekoa.