argia.eus
INPRIMATU
Txapelketa Nagusia, lehia eta polemika
Mikel Asurmendi @masurmendi 2012ko maiatzaren 27a

Euskal Kantu Txapelketa (EKT) Euskal Herri osoko ekimena da. Lehen ekitaldiak 1970eko hamarkadan izan ziren. Erramun Martikorena orduan “plazaratu” zen, Larzabalen (Baxenabarren). Benito Lertxundik berak ere parte hartu zuen. Eñaut Larralde (zendu berria), Daniel Landart edota Maite Idirin ditugu kudeatzaile izandako batzuk; Niko Etxart eta Anje Duhalde epaimahaikideak izan dira, besteak beste. Jojo Bordagarai, Maddi Oihenart eta Maialen Errotabehere txapelketako “emariak” ditugu halaber. 

Euskal Kantuzaleen Elkarteak Euskal Herri osoko kantazaleak biltzen ditu egun. Marie-Agnès Gorostiague eta Jone Barneix txapelketaren arduradun nagusiak dira Iparraldean: “Bi saioak bereiziak dira: haurren txapelketa bi urtetarik behin egiten da, helduena, berriz, lau urtetarik behin. Aurten, Txapelketa Nagusia ekainaren 16an izanen da, Donostian. Bi sailetan banatuta: kantu tradizionala –edo herrikoia– eta sorkuntza”. Adibiderako: haurren txapelketan 600 haur inguru ari izaten dira.

1985ean Irigoien anaiak, Jojo Bordagarai, Patxi Saiz, Magali Zubillaga edota Maddi Oihenart ezagutarazi ziren. Gorabeherak izan dira bere historian. 1987an Eihelarren izan zen finala. Irigoien anaiek irabazi zuten kanta berri batekin: ”Gorka Knörr epaileak gure kantua ezin sailkatua zela erran zigun. Batista Sobiet ene kantu laguna oso haserre atera zen, eta ni ere” diosku Oihenartek. “Eta horregatik arauak aldatu ziren, beti kantu tradizionala gelditzen zen galtzaile, kantu berriari ematen zioten lehentasuna, gitarrak lagundurik” dio Etxartek. Lehiak polemika sortzen du. Irigoien anaien kantuak laborarien ingurukoak ziren, aldarrikatzaileak, politikoak. Oihenart eta Sobietenak, aldiz, XIII. mendekoak. Kanta zaharra eta modernoa batera epaitzea ez zen bidezkoa, eta aldatu da: “Alta, oraindik ere kantu berritzaileari ematen zaio garrantzi handiagoa” gehitu du Oihenartek.

Errotabeherek hauxe dio: “Ni saritua izanik, astebeteko ikastaldia egin nuen Izuran. Berrogei bat musikari inguru ginen, kantuaren teknika eta musika idazten ikasteko, tauletan trebatzeko. Bururatzean emanaldi bat egin genuen. Horrek interesa eta nahia sortzen dizkizu, artista eta sortzaile izaera garatzeko grina”.

Duhaldek honela ezagutu zuen EKT: “Akelarre taldean aritu ondoren, Larraldek deitu zidan. Txapelketa gauza bitxia iruditu zitzaidan, ez nuen ikusten zer ondorio ekar zezakeen. Noski, euskaldunok jokoa eta lehia maite ditugu, txapelketak. Epaile gisa segitu izan nituen pauso guztiak, kantariak nola prestatzen ziren... Zirrara izugarria sentitu nuen. A capella abesten zen nagusiki, laguntza gutxirekin. Oso gauza akustikoak ziren, pianoa ere tarteko batzuetan. Txapelketak guraso eta senideen artean ilusio izugarria sortzen zuela ikusi nuen. Hegoaldera zabaldu zen gero. Maialen bera hortik atera da. Lehen urrats bat da, gero musika munduan bide egiteko”.