Goazen lagunok!

  • Ekuadorreko Yaruquies-Riobamba herriko ikasleei laguntzeko Goazen lagunok! Gobernuz Kanpoko Erakundea sortu dute Trapagarango ikastolako ikasleek. Herritartasuna irakasgaiaren bitartez, GKE baten funtzionamendua ezagutzeko aukera izan dute aurtengo Ibilaldia antolatu duen ikastolan.

Ibilaldiaren ekitaldiarekin batera ospatu dute Kirol Eguneko baloiaren zozketa. Ikasleak goizetik txosnan edariak, pintxoak eta zozketako txartelak saltzen aritu dira.
Ibilaldiaren ekitaldiarekin batera ospatu dute Kirol Eguneko baloiaren zozketa. Ikasleak goizetik txosnan edariak, pintxoak eta zozketako txartelak saltzen aritu dira.

Aste Santu ostean hurbildu gara ikastolara; aztoratuta bueltatu dira ikasleak oporretatik. Maiatzaren 19a gertu dute, eta arduratuta daude prestatzen ari diren Kirol Egunerako dena prest izango ote duten. Azken ekitaldi horretan, ikasturte guztian zehar egindako lanaren fruituak bilduko dituzte.

Minutu bakar bat galdu barik, egitaraua arbelean jarri eta lanak banatzeari ekin diote. Zozketatuko duten Athleticeko baloia ofiziala izango den ala ez eztabaidatu, zozketako txartel kopurua, prezioa eta diseinua zehaztu, txosnako edarien eskaria egin, partiduak jokatuko dituzten futbol eta eskubaloi taldeen entrenatzaileekin hitz egin, eta helarazi beharreko gonbidapenak prestatu. Zereginen zerrenda luzea den arren, badakite beraien ahaleginak merezitako saria izango duela, izan ere, lortutako dirua Yaruquies-Riobambako (Ekuador) ikasleen premiak asetzeko erabiliko dute.

Goazen lagunok! izenez bataiatu du DBH2ko ikasle talde honek (13-14 urte) sortu eta kudeatu duen GKEa. “Esperientzia positiboa izan da, liburuan ikusten genuena praktikan lantzen ari gara eta modu horretan, irakasgaia ez da hain aspergarria” dio Iraiak, ikasleetako batek. “Besteentzat zerbait egiten ari garela jakiteak gogo gehiagorekin lan egitera bultzatu gaitu” gaineratu du Erikak. Lehenengoz, herritartasuna lantzeko testu-liburuak albo batera laga eta praktikaren bitartez landu dituzte kontzeptuak. “Denetarik ikasteko aukera eskaintzen du proiektu honek, elkarlana edota lankidetza kontzeptuak ezagutzen dituzte, beraien kabuz gauzak antolatzen ikasten dute eta horrez gain, geografia birpasatzeko aukera ere izan dute”, azaldu du Begoña Martinez irakasleak.

Ikasturte hasieran, ekintzaileak formatzea helburu duen Asturiasko (Espainia) Valnalon fundazioaren proposamena aztertu zuten ikastolako arduradunek, eta herritartasuna beste modu batera lantzearen aldeko apustua egin zuten; pozik daude esperientzia berriarekin. Hasieran, gogotsu baina beldur apur batekin hartu zutela aitortu digu Martinezek: “Zuzendariak Valnalonen lehenengo bilerara joatea proposatu zidan. Animatuta atera nintzen handik eta liburuak albo batera uzteko alternatiba egokia iruditu zitzaidan”. Lan handia izan zela gaineratu du, “jarraibide batzuetan oinarrituta antolatu behar izan dugulako dena eta gainera, jasotako materiala euskaratzen ere lan handia hartu dugu”.

Fundazioarekin egindako bilkuraren hurrengo egunetan, proiektuarekin aurrera jarraitu ala ez erabaki orduko planteamendua ikasleen aurrean aurkeztu zuten. “Erabakiak hartu behar izan diren aldiroikasleek hartu dute azken hitza; proiektua beraiena da, ni dinamizatzailea baino ez naiz” adierazi du irakasleak.

Ikasleek proiektuaren nondik norakoen berri jaso ostean, aho batez proiektuan murgiltzea erabaki eta minuturik galdu gabe lanari ekin zioten. “GKE bat sortu behar dugula entzun eta dirua biltzeko ekintzetan pentsatzen hasi ziren ikasleak, baina hori baino lehenago beste gauza asko egin beharra dago” aipatu du Martinezek. Hala, beraien Gobernuz Kanpoko Erakundeak izango dituen misioa, ikuspegia eta baloreak zehaztu zituzten lehenik. Ondoren, erakundearen izena eta logoa definitu eta zuzendaritza taldea eratu zuten. “GKE bat sortzeko urrats guztiak errespetatu ditugu, benetako GKEa izango bagina legez”.

Ekintzaile izatearen beharrizana

Valnalon fundazioak proposatutako proiektuaren xedea GKE baten funtzionamendua ezagutzea da, horretarako GKE baten eraketa simulatuz. Horrez gain, garrantzi berezia ematen diote ekintzaile hitzaren esanahia barneratzeari. Proiektuaren jatorriak hitz horrekin zerikusi handia dauka. Asturiasko Nalon eskualdera siderurgiaren krisia iritsi zenean, ekintzaile hitzak zuen garrantziaz ohartu eta ikastetxeetan izaera hori transmititzeko beharraz gogoetatu zuten. “Nalon eskualdeak Trapagaranen ezaugarri oso antzekoak ditu eta horretaz jabeturik, guk ere uste dugu garrantzitsua dela hurrengo belaunaldiei erakustea beraien kabuz bizimodua aurrera ateratzen. Hemen ere, ikasleek ekintzaile izaera garatu behar dute eta hori gure ardura da” gaineratu du Begoña Martinezek.

Azkenik ere, joan den larunbatean ospatu zuten Kirol Eguna –txosnak eta baloiaren zozketa; futbol eta eskubaloi partidak ekainaren 16an egingo baitituzte– eta irakaslea pozik azaldu da lortutako emaitzarekin eta ikasleak emozioz beteta lanean ikustea aberasgarria izan dela esan du. Horri eta ostiralero ikastetxean saldutako pintxo solidarioen ekimenari buruzko balorazioa patxada handiagoz egingo dute orain, helburuen inguruko hausnarketaz eta balantze ekonomikoaz gain. Dena espero bezain ondo ateratzen bada, Ekuadorko Riobamba Yaruquieseko ikastetxean bi ordenagailu gehiago izango dituzte. Trapagaranen aldiz, beste errealitate bat ezagutu eta berau iraultzeko bitartekoak jartzen ikasi ahal izan dute.

Bi ordenagailu Riobamba Yaruquieserako

Batxilergoko lehenengo mailako ikasleak dira eta mekanika eta sukaldaritza ikasten ari dira. Ekuadorko hiriburuaren erdigunetik urruti bizi dira eta hori beraien bizi kalitatean nabarmentzen da. Informatikako gelan behar egiten duten aldiro, bosteko taldeetan lan egin behar dute eta hori beraien ikasketa prozesuan traba handia dela aipatu dute Riobamba Yaruquieseko ikasleek. “Informatika laborategiko ordenagailu kopurua bostera igo nahi genuke, horrela, ordenagailu bana izango dugu” aipatu dute ikasleek. Ekuadorko irakasleak ere ez dira besoak gurutzatuta gelditu eta ikasteko dituzten baldintzak hobetzeko asmoz, modu aktiboan hartzen ari dira parte Trapagarango ikastolarekin eratutako lankidetzan. “Gure biztanleen diru ahalmenari egokitutako kostu baxuko artikuluak saltzeko taberna ibiltariaren bitartez, aldizkako zozketak eginez eta elizaren merkatuan kafea salduz dirua biltzea pentsatu dugu”, diote proiektuaz egin duten txostenean.

Bi ikastetxeen artean ezberdintasun gutxi daude. Euskal Herrian eta Ekuadorren gurasoen laguntza izango dute taberna ibiltarian eta barikuetako pintxo solidarioen ekimenean. Hemengoek patata tortillak salduko dituzte, eta hangoek aldiz, “papak eta esnezko manjarra”. Biek ere, helburu berak elkartuta.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude