argia.eus
INPRIMATU
Pentsamendu positiboa

Castillo Suárez @casti_suarez 2012ko maiatzaren 22a

Gaixotu eta berehala aitortu zidan nazka ematen ziotela ingurukoek etengabe bidaltzen zizkioten mezu baikorrek. Izan ere, behin eta berriz errepikatzen zioten –asmorik onenarekin, hori seguru– minbiziari aurre egiteko funtsezkoa zela aldarte ona eta jarrera positiboa erakustea. Aitortu zidan pentsatu ere egin zuela bere erruz gaixotu izana. Ez ziola etsitzen uzten bere buruari, eskubiderik edukiko ez balu bezala haserre eta goibel egoteko. Lagunek esaten zioten ez zela sendatuko bere jokabidea aldekoa ez bazen. Eta krudela da esatea norberak nahi duen guztia eskura dezakeela jarrera aldatuta, baina tankera horretako mezuak nonahi eta noiznahi entzuten ditugu, pentsamendu positiboaren morroiak baikara. Liburu dendetako erakusleihoak autolaguntza liburuz beteta daude. Bitartean ez diegu erreparatzen gizartean dauden desberdintasunei, eta, beraz, ez dugu ezer egiten gizartean dauden injustiziak desagerrarazteko. Izan ere, pentsamendu positiboa da gizarteko desberdintasunak justifikatzeko modu bat.