Kostaldearen beste ikuspegi bat

  • Kayakean lagunartean ibili, Donostiara joan-etorriko bidaiak itsasontziz egin eta, aurtengo berrikuntza, aditu batek lagunduta talde txiki edo handietan arraun egiteko aukera eskaintzen du Orioko Udalak. Oria ibaia protagonista, ura oinarri duten kirolak eginez aisialdiko plan bereziak egiteko parada izango da udan.

Orio, itsasadarretik ikusita.
Orio, itsasadarretik ikusita.

“Edertasun guztien leku izan nahi duzunez gero, hala izan zaitezen bizitzaren kantu zaren ibaia, bizitzaren kantu zaren Oria ibaia”. Benito Lertxundik Oria ibaiari abesti bat eskaini zion 1974an. 54 herri gipuzkoar bustitzen dituen ibai zabalak naturaz gozatzeko aukera asko eskaintzen ditu. Horiez baliatzen jakin du, azken urteetan, ibaia itsasoratzen den herriak, Oriok, kirola egin eta ingurunea ikusi ahal izateko.
Duela zazpi urte inguru hasi ziren Oria ibaian aisialdiko jarduerak eskaintzen; kayakean ibiltzeko aukera eta barkuan Donostiara joan-etorria izan dira orain arteko eskaintzak, azken hori, igande arratsaldetan kirol portutik abiatuta. Txango bera egiten da ontziz Donostiako Aste Nagusian, baina kasu horretan xedea su artifizialak ikustea da.

Aurten eskaintza zabaldu eta arraunean aritzeko aukera eman dute. Orion arrauna eta piraguismoaren teknifikazio zentroa eraikitzen ari dira, eta hor, bi kirol horiekin lotutako jarduerak ez ezik, aisialdiko ekintzak antolatzeko gunea egingo dute. Orioko Arraun Elkartearekin elkarlanean, Udalak arraun egiteko jarduera antolatu du.

Lagunartean egiteko ariketa

Jarduera horrek hainbat atal izango du. Alde batetik, azalpen teorikoak eskainiko dira, eta ostean ibaian arraunean egiteko aukera eskainiko dute. Ekintza hori bukatzean, Arraun Elkartearen historia azalduko dute: zein bandera lortu den, eta abar. Beti ere Arraun Elkarteko kideak arituko dira, bai azalpenak ematen, baita ibaian arraunean aritzen direnean patroi ere.
Bi bide ditu parte hartu nahi duenak: programa finkoa eta ordutegi aukeraketa. Lehenengoan, astero ordutegi finkoa ezarrita egongo da, eta Orioko Turismo Bulegora deituta izena eman ahal izango da parte hartzeko. Bigarrenean, berriz, taldeek nahi duten eguna eta ordua hautatu ahal izango dute. Egun-pasa bereziak egiteko asmoarekin sortu da ideia hori, jendearen ordutegiei egokituta. Baldintza bakarra itsasgora egotea da.

Taldeak gutxienez lau lagunekoak izango dira, eta gehienez 15-20koak. Pertsona kopuruaren arabera ontzia aukeratuko da; lau laguneko taldeak batelean ibiliko dira, seikoak trainerillan, eta 10-12 inguru badira, traineruan.
Ekainaren amaieratik aurrera emango da zerbitzua, baina data oraindik ezin dute zehaztu, teknifikazio zentroan obrak bukatzen ari direlako. Aurreikusten dute San Pedro festen inguruan egitea lehenengo jarduera.

Natura, kirola eta paisaia

Kayakekin egindako txangoen aurrekaria du arraunketaren egitasmoak. Lehenbizikoarekin oso esperientzia ona izaten ari dela dio Orioko Udaleko turismo teknikari Idoia San Sebastianek: “Ondo pasatzeko modukoa da, eta kontuan izan behar da gerturatzen direnek ez dutela zertan jarduera hori egiten aurrez jakin, bertan irakatsiko diete eta”.

Asko aldatzen da ikuspegia ibaitik edo herritik bertatik; Oria ibaiaren itsaslabarra leku ederra da ikusteko. Ekintza hauetan kirola, paisaia eta natura uztartzen direla azpimarratu du turismo teknikariak; horrek egiten ditu jarduerak berezi.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


2024-04-15 | ARGIA
Donostiako entitate txiki izango da Igeldo

Igeldoko bizilagunek igandean egin dute bozketa. Erdiak eman dute botoa, eta eman dutenen %85 inguruk egin dute entitate txiki bihurtzearen alde.


"Euskarak eta emakumeak presentzia gehiago behar dute azoketan"

Atzo hasi eta bihar bukatuko da Geure Gelatik azoka, Azkoitian. Emakumeen literatura oinarri duen euskarazko azoka da. Aurten, Jasone Osoro izango da omendua.


Eguneraketa berriak daude