Uztailean bostehun urte beteko dira Albako dukearen tropek Sakanako pasabidetik barrena Nafarroako erreinuaren inbasioa hasi zutela. Hainbat urtetan erasoak, kontraerasoak, negoziaketak, estrategiak, errepresioa, erresistentzia, traizioak, amarrua eta balentriak ekarri zituen konkistak, eta ondorio politiko bat: Nafarroak independentzia galdu zuen.
Hastapeneko kronista ofizial gaztelarrek, Correa eta Nebrija gisakoek, konkista justifikatu zuten; zorrotz bete zuten agindu zitzaien mandatua. Nafarroako erreinuko kronistek, Moret edo Alesón modukoek, paktismoaren teoriak zabaldu zituzten. Arnaut Oihenartek ere Notitia Utriusque Vasconiae lanean ematen du bere iritzia, bidegabekeria salatuz. Garaian garaiko prismatikoekin egindako lanak dira, garaian garaiko interesen zerbitzura osatuak.
Aitzitik, duela mende eta erdi historiologiak tokitxo bat eskatu zuen zientzia erlatiboen etxean, eta orduan hasi ziren ikerleak konkista hartan gertatutakoaren egiak bilatzen.
Prosper Boissonnadek Nafarroako konkistari buruzko bere obra idatzi zuenean, XIX. mendean, aro berri bat ireki zuen historiografian, 1512ko hura ulertarazteko. Historia disziplina moduan orduantxe ari zen zabaltzen Europan, eta ordudanik makina bat lan publikatu dira Nafarroako konkistaren inguruan historialari “profesionalek” eginak. Jakina, bakoitzak bere ildo politikoak, ideiak eta tesiak alboratu gabe. Nafarrek konkista ondorengo estatusa onartu al zuten? Aita Santuaren buldak egiazkoak eta justifikagarriak al ziren? Nafarroa, Erdi Aroan ala Modernitatean zegoen konkistaren unean? Beamondarrek bat egin al zuten Fernando Katolikoarekin? Zein izan zen Joanes Albretekoaren eta Katalina Foixkoaren jarrera? Galdera horien eta gehiagoren inguruko eztabaida beti egon da bizirik korronte historiografiko ezberdinen artean.
LARRUN honetan, esanguratsuak iruditu zaizkigun hamalau egileren ekarpena eta testuak bildu ditugu, Boissonnadetik hasi eta gaurdaino.