Mari Karmen Agirre Lekue

"Euskarak prestigioa ematen digu farmazian"

  • Euskararen inguruan ari eta “asko egin da, gutxi egin da…”. Duela 25 urte baino askoz euskara gehiago entzuten dela Gasteizen eta gainerako erretolikak. Euskara entzutea deigarri da oraindik Arabako hiriburuan. Eta ezagutzen ez duen kalean gora, kalean behera, errotulazioa euskaraz duen botikaren ondotik igarotzean, geratu eta sartzea erabaki du.

Miel Anjel Elustondo
2012ko maiatzak 27
"Euskaraz asko egiten dugu, bezeroak ere badakielako euskaldunak garena".

Hemendik hara eta handik hona nabilela, “Agirre Lekue Farmazia” ikusi dut botika atarian. Bertan, “Ortopedia sekzioa”… Euskarazko errotulazioa erabiltzeko erabakia hartu zenuen farmazia ireki zenuenean…

Euskal Herrian gaude, ezta? Badakit errazago litzatekeela gaztelaniaz egitea. Azken finean, denek hitz egiten dute gaztelaniaz. Hala ere, nik hasieratik gura izan nuen euskara agertu. Euskara ez dago farmazia munduan larregi sartuta. Beharbada bestelako arlo batzuetan gehiago dabil euskara… Nik Salamancan ikasi nuen Farmazia. Ostera etxera etorri eta nire inguruan euskaraz zen dena. Bilbon egin nuen beharra hamabost urtetan, beste farmazia batean. Neure farmazia eduki nuenean, banekien euskaraz, banekien gaztelaniaz, “bietara ahal dut egin”, esan nuen. Errotulazioa euskaraz eta gaztelaniaz jartzen saiatu nintzen, langileak ere euskaraz zekitenak kontratatzen… Auzoan ere jende asko dago gure moduan, Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorriak, eta Gasteiz bertoko jendeak ere badaki euskaraz. Dena dela, gaitzena izan da farmaziako behargin euskaldunak topatzea. Horixe gaitzena.

Farmaziak ez ote du, bada, tradiziorik gurean?

Gasteizen berton ikasten da Farmazia, berton dago fakultatea, baina, hala ere, niretzat gaitza izan da farmazialari euskalduna topatzea Gasteizen! Ezin topatu. Farmazialariok badaukagu elkargo profesional bat, eta han, lan-poltsa ere badaukagu aukeran. Behargin euskalduna gura izan nuenean, poltsa hartatik jotzea pentsatu nuen. Baina ezin. Euskarazko maila halako bat –“goi-maila, erdi-maila”…–, zutela ipintzen zuen haien curriculumean, baina telefonoz deitu eta: “Nik euskaraz, gutxi”. Ez zuten komunikatzeko gaitasunik. Nik ez dut EGArik eskatzen, ez bestelako titulaziorik, baina berba egiteko gauza izan dadila. Oraintxe, haurdun dut langile bat eta bajan izango da udan. Bada, hiru hilabete lehenago hasi naiz haren baja betetzeko langile bila.

Farmazialarien Elkargoa aipatu duzu. Farmazialari Euskaldunen Elkartea ere bada, FEUSE.

Euskal Herriko farmazialari euskaldunak bildu nahi gaitu FEUSEk. Araban dozena inguru gara elkartean. Sariak, jardunaldiak, irtenaldiak eta euskararen erabilera sustatzeko ekimenak antolatzen ditu, baina lan-poltsarik ez dute. Bizkaian eta Gipuzkoan erraz xamarra da langile euskaldunak topatzea, baina Araban, gaitza. Bertoko farmazialaria, eta euskalduna, gaitza. Hala ere, ikastolan ikasitako bi dauzkat hemen beharrean.

Zure farmazian euskaraz ageri da kanpoko errotulazioa, eta berdin barrukoa.

Kanpokoa Jaurlaritzak arautua du. Haren legearen arabera “Farmazia”, “Farmacia”, edo “Botika” jar nezakeen. Pentsatu nuena: “Nik zelan gura dut jendeak ezagutzea nire farmazia?”. Legeak ez digu uzten zelan-halako izena ipintzen, norberaren izena behar du. “Agirre Lekue Farmazia” da nirea. Horrela ipinita, ez dago dudarik, euskaldunak gara. Euskaraz eta gaztelaniaz, berdin ulertzen da hitza, baina euskaraz jarri gura nuen. “Ortopedia” ere ipini gura nuen, ordea, eta aukerak ziren “Ortopedia sekzioa”, edo “Sección de Ortopedia” ipintzea. Lehenengoa ipini nuen nik. Ezin da norberak gura duen guztia jarri, araututa dator. Besterik da erakusleihoan jartzen duguna, dendaren barruko aldean. Batzuetan euskaraz ipintzen dugu, besteetan gaztelaniaz, bietara… Hor libre jokatzen dugu.

Barrukoak ere euskara ageri du zure farmazian. Zein erabili zenuen irizpide?

Obra egin nuenean, arkitektoa izan nuen ondoan. Euskalduna bera ere. Lehenengo, beste zenbait farmazia ikusi eta esaldi batzuk asmatu genituen. Denak gaztelaniaz ikusi genituen. Haiek batu, eta dendan zelan banatu, euskaraz zer ipini, gaztelaniaz zer, zelan… hasi ginen pentsatzen. Euskaraz ez nuen gaztelaniazko itzulpenik nahi, haien egokitzapena baino. Komunikazio enpresa batera bidali logotipoak, gaztelaniazko esaldiak euskaratzeko eta bueltan itzulpen literala! Hain literala, “Cuidado personal” ere hala itzuli zuten. Norbere burua jagotea adierazi gura genuen, horixe da “Cuidado personal”. Bada, itzulpena: “Kontuz, langileak!”, kar, kar, kar…

Kar, kar, kar…

Google-ren itzultzailearekin egingo zuten! Batek daki! Orduantxe esan nuen: “Ezin liteke izan”. Arratsalde batean paratu nintzen, zerrenda hartu eta egin nuen, azalpen batzuk euskaraz, beste batzuk gaztelaniaz, baina itzulpen literala egin barik. Neuk egin nuen azkenean, arkitektoak lagunduta.

Alfabetatuta zaude, beraz.

Bai, Labayrun ibili nintzen, Bilbon, hirugarren maila arte egin nuen han. Salamancatik etorri eta Bilbon hasi nintzenean beharrean, iluntzeko zortzietan irten eta euskaltegira joaten nintzen, alfabetatzen. Moldatzen naiz, beraz, baita itzulpenak egiten ere! Gainera, esperientzia hori izan eta gero ez naiz fidatzen!

Euskara agerian erakustea, plus bat duzu?

Nire ustez, bai. Horregatik egin dut. Arabako Komertzio Federazioak saria eman zidan iaz, euskararen sustapenagatik. Antza, auzoko kideren batek esango zien zer edo zer. “Farmazia bat, errotulazioa euskaraz, bertoko langileak euskaraz…”. Eta saria. Aurten ere deitu zidaten: “Artepan okindegiak hartuko du aurten saria, eta pentsatu dugu aurreko edizioetan saria jaso duzuenok ere ekitaldira biltzea, saria indartzeko…”. Gero, alfonbra ere jarri ziguten farmazian, “Elebiduna naiz, aberatsa naiz” esanez, euskaraz eta gaztelaniaz. Horrek indartu egiten du gure jarrera. Euskarak prestigioa ematen digu, nire ustez. Bezero euskaldunek etortzen segitzen dute. Fideltasun modu bat da, eta igarri egiten dugu farmazian. Euskaraz egitea plus bat dugu, dudarik ez.

Mungian ere plusa ote zenukete?

Han ez ginateke nabarmenduko. Ez jakitea izango litzateke gaizki han. Jakitea, normala izango litzateke. Gasteizen, ez jakitea da “normala”, eta jakitea, ostera, plus bat.

Farmazialari Euskaldunen Elkarte FEUSEko kide zaitugu.

Hamabost urte-edo badira elkartekoa naizena. Farmazia bat baino gehiago dira, Gasteizen, elkartekoak, eta horietan, errotulazioa euskaraz erakusten ikusiko duzu. Esate baterako, elkarteak hiztegia egin zuen orain dela zenbait urte, eta errotulazioa euskaraz jartzerakoan lagungarri da hori.

Zer diozu farmaziara datozkizuen bezeroen gainean?

Gehiena erdalduna da, baina euskalduna ere, hainbat. Egunean, euskaraz asko egiten dugu hemen, bezeroak ere badakielako euskaldunak garena. Eta zaintza aldian gaudenean ere, txartelak asko egiten du. Gu auzo batean gaude, Lakuan, ez gaude erdialdean. Han, seguruenera, lehenengo hitza erdaraz izango litzateke, baina hemen denek dakite euskaldunak garena. Gainera, batzuk horregatik datoz, euskaldunak garelako. Hori horrela da.

Errotulazioa euskaraz ageri duen denda bakanetarik zarete auzoan. Inguruan gaztelaniaz da dena. Euskaldunarentzat arnasbide zaretela konturatzen ote zarete?

Konturatzen naiz, bai. Gurako nuke denda gehiago egotea errotulazioa euskaraz daukana. Gasteizen ez da hainbeste denda ikusten euskarazko errotulazioa duena. Beharbada horregatik egin dugu indar gehiago. Mungian, berez egingo nuke. Hemen, ahalegin handiagoa egiten duzu. Hamaika urte daramatzat hemen. 2001ean etorri nintzen. Orduan, lehenengo, “Botika” jarri nuen. Gero, jendea euskalduna zela ikusi nuen, lehenengo langile euskalduna hartu nuen… Esan gura dut apurka-apurka egin dudala bidea. Gaur egun pentsatu ere ez hizkuntza biak ez dakizkien langilerik hartzea. Euskara ezaugarri bat da gure Farmazian. Jendeak badaki, gura badu, euskaraz egin dezakeela bertoko edozein langilerekin. Ez nirekin bakarrik. Edozeinekin.

Mungia-Gasteiz

Mari Karmen Agirre Lekue (1961) mungiarra da. “Han, denda gehienek euskaraz dute errotulazioa. Mungia oso txikerra da. 1960ko hamarkadako emigrazio olde hartan etorritakoak izan ezik, baserritarrak gara denok. Sasoi batean hiria txiki-txikia zen; inguruan dena zen baserria. Orain, alderantziz, baserririk ez dago! Baina badiotsut, nire gurasoak ere baserritarrak izan dira, aitaita-amamak… familia osoa, denak euskaldunak”. Jaioterrian egin zituen lehenengo ikasketak eta Salamancan (Espainia), Farmaziakoak. Bilbon hasi zen lanean 1984an, eta bertan izan zen hamabost urtez, harik eta 2001ean Gasteizen bere farmazia ireki zuen arte.


Euskara kanaletik interesatuko zaizu...
Euskara-ingelesa hiztegia aurkeztu du Elhuyarrek, Collins argitaletxearekin batera

“Euskaldunek ingelesa zubi-hizkuntzarik gabe” ikas dezaten hiztegi berria aurkeztu du Elhuyarrek: Collins Elhuyar English Basque Dictionary. Paperean argitaratuko da, baina sarean jarri eta eguneratzeko aukera aztertzen ari direla adierazi dute.


Gaur bueltatu da ETB Nafarroako etxeetara

Ana Ollo kontseilariak sinatu ditu emisioa ahalbidetuko duten foru arauak; EAEren eta Nafarroaren hitzarmenari esker eskainiko dute Euskal Telebista Publikoa.


2016-09-21 | ARGIA
Euskararen normalizazio prozesuari epeak jartzeko garaia dela aldarrikatu du Kontseiluak

"Ezinbestekoa da orain artekoak baino pauso sendoagoak egitea, euskararen ezagutza eta erabilera gizarte-eremu guztietara hedatzeko neurri eraginkorrak hartzea". Euskararen normalizazio prozesuari epeak jartzeko garaia heldu dela adierazi du Euskararen Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. Alderdientzat 13 neurri biltzen dituen dokumentua prestatu dute.


"Inon inspiraziorik aurkitu badugu, hori euskaldunen hizkuntza berritzeko gaitasunean izan da"
MULTIMEDIA - elkarrizketa

Guatemalako giza eskubideen defendatzaile Claudia Samayoaren eta Saharautz elkartasun taldeko presidente Xabier Euzkitzeren arteko solasaldia.

Oharra: Bideoa euskaraz ikusteko sakatu Youtubeko azpitituluen botoia.


2016-09-16 | ARGIA
Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko hizkerak liburuan

Koldo Zuazo eta Urtzi Goiti dira egileak eta Bizkaiko hiru eskualdeotako hizkerez gramatika, hiztegia eta mapak bildu dituzte.


Sare sozialak gori-gori: hautagaien euskara mailak eman du hizpidea ETBko eztabaidan

PSE-EEk euskarari buruz argitaratutako bideoaren ostean lehendakarigaien euskara maila izan da eztabaidaren erdigunea sare sozialetan. “Negargarri” edo “errespetu falta” bezalako deskribapenak gailendu dira.


2016-09-14 | Erran .eus
Ikasturte honetatik aurrera euskara ikastea debalde izanen da Bortzirietan

Euskarara doan bidea kanpaina abiatu du Bortzirietako Euskara Mankomunitateak; euskara ikastea unibertsala eta doakoa izatea ahalbidetuko duena. Bortzirietan errol­datua egon eta 16 urtetik gora dituztenei zuzenduta daude laguntza hauek, euskalduntzen, alfabetatzen eta euskara maila hobetzen ari direnei.


PSEk euskararen inguruan zabaldu duen bideoak haserrea eragin du

Iraingarritzat jo dute askok gazteleradunen bazterketa iradokitzen duen bideoa. Beste zenbaiten aburuz, ez dator errealitatearekin bat.


Zerbait gertatzen ari al da Aian? Galderak eragitea, erantzun egokiena

Herri euskaldun peto-petoa imajinatzen dugu Aia (Gipuzkoa), ia erabat euskaraz egiten dena. Joxe Anjel Aldai herritarrak Aiako kale eta leku publikoetako ahozko hizkuntzaren erabilera neurtu du, eta ia laurdenak, %23,84k, gaztelaniaz hitz egiten du.

 


2016-09-08 | Kanaldude.tv
AEK Eman Euskara
MULTIMEDIA - erreportajea

Ipar Euskal Herrian matrikulazio kanpaina abiatu du AEK-k eta horrekin batera historia, metodologiak, motibazioa eta helburuak azaltzeko bideoa prestatu dute, Xan Goenaga, Ttipia Lagan, Maider Heguy eta hainbat ikasleren lekukotasunen bitartez.


ETB irailaren 22tik aurrera ikusi ahal izango da berriz Nafarroan

Vaughan kateak uko egin dio lizentziari, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez; beraz, libre geratutako tokia ETBren esku utziko dute.


2016-09-07 | Uztarria
Xabier Madina abeslari ohia hil da

Irailak 7 goizean hil da. Bakarlari moduan nahiz musika taldeetan aritutakoa zen Madina.


Motxila bete kezka

Kanpo-azterketa berriak, aldaketak ikasgaietan, ingelesezko ordu gehiago, ebaluaketa irakasleei, mugimenduak goi-karguetan… Bero dator ikasturtea Hego Euskal Herrian, LOMCE, Heziberri, Ingelesez Ikasteko Programa edota D ereduaren zabalkuntza tarteko.


Othoi, šato etchera
Helmugara iritsi ez ziren 50 gutunak

1757ko apirilaren 4a, Baionatik Kanadako Louisbourg-era abiatu da Le Dauphin itsasontzia. Frantzia eta Ingalaterraren arteko gerra eta, laugarren egunean, itsaso handian, lau ontzi ingelesen mende da Le Dauphin. Portsmouthera eraman dute ontzia, eskifaiarekin batera. Ondasun guztiak kendu dizkiete. Tartean, euskaraz idatziriko 50 eskutitz: Lapurdum agerkarian ikusi dute argia.


2016-08-29 | ARGIA
"Euskaraz txikiago?": Nafarroako turismo eskuliburua aldatzeko eskatu du Administrazioan Euskarazek

Nafarroako Gobernuaren Turismo eskuliburua “euskararen kontrako hizkuntza politika bati dagokio” Administrazioan Euskaraz Taldeak (AET) salatu duenez.


Eixu
MULTIMEDIA - dokumentala

Lekeition euskarak bizi duen egoeraren inguruko lana. Euskarak dituen erronkak, arriskuak eta aurrera begira eman litezkeen pausuak agertzen dira hainbat lekeitiarren bizipenen bitartez.


Hasi da ikasturtea Iru˝eko haur eskoletan, euskarazko bi eskola berrirekin

0 eta 3 urte bitarteko 963 haurrek hasi dute ikasturtea Iruñean: 364 ikaslek euskaraz egin dute, 354k gaztelaniaz eta 245ek gaztelaniaz eta ingelesez. Udalak eskainitako plazen %94 bete da eta euskarazko plazen %92. Hain justu euskarazko plazak %38,6 dira aurten: %10 izan ziren pasa den ikasturtean, UPNren gobernualdian.

ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude