Manex Goihenetxek bere obra bukatu gabe zuela galdu zuen bizitza mendian. Ezterenzubin jaioa, 1969an lizentziatu zen Historian Okzitaniako Tolosako unibertsitate publikoan eta 1984an egin zen doktore Pauen. Bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko irakasle izan zen. Baina hori bakarrik ez. Goihenetxe politikari izan zen –-Enbata mugimenduaren eta EHAS alderdiaren sortzaileetako bat–, euskaltzain urgazle, UEUko zuzendari, Ikas elkarteko idazkari, Seaskako langile… Ezin litezke historiako bere ikerketak ibilbide hori gabe ulertu.
Jean Luis Davantek Bidegileak bildumarako osaturiko biografian dio, Goihenetxeren lehenengo historia lanak “panfletoak” izan zirela, zorroztasunez baino asmo onez eginak. 1970eko hamarkada zen, eta Frantziaren kolonizazioa salatzea zuen helburu. Gerora, iraganeko akatsetan eskarmentua harturik, historia dokumentatua eta kritikoa lantzeari ekin zion, abertzaletasuna modu horretan defendatu zuen, eta ezer baino lehen konturatu zen Euskal Herri anitzak izan direla, eta direla.
Euskal Herri osorako historia egin nahi izan zuen eta horren emaitza da Histoire Générale du Pays Basque bilduma, bost liburukiz osatua 1998 eta 2005 artean –azken liburukia bukatu gabe utzi zuen–, Elkar-en eskutik. Argitaletxe talde berak gaztelerazko bertsioa publikatu zuen 2005ean, euskarazkorik ez ordea. Bildumaren hirugarren liburukiak dakartza konkistari buruzkoak, bai Goi Nafarroari dagozkionak eta baita Nafarroa Behereari dagozkionak ere.
“Historialariek nabarmentzen dute konkistaren biharamunean Fernando Katolikoak kontu handia izan zuela usadioak, ohiturak eta baita Nafarroako Forua bera ere errespetatzen, hala nola bere erakunde nagusiak (Errege Kontseilua, Gorte Nagusia, Gorteak…), anexio hitza baztertuz. Baina politika hori posible izan zen Nafarroak babes militarrik ez zuelako, bere gazteluak desegin ondoren. Egia da erakunde nafarrak ez zirela desagertu, hauek indartuak izan zirela, baina hispanizazio planifikatu eta eraginkor baten pean, elite nafarrak monarkia espainolean eta bere inperioaren barruan kontrolatu eta integratzeraino. (…)
XVI. mendeko bigarren erdialdetik aurrera, Goi eta Behe Nafarroaren arteko haustura ekarri zuten hainbat faktorek; batez ere nabarmentzen da Frantziak eta Espainiak aurrera eramandako finkotasun militarra, diplomatikoa eta lurraldeari zegokiona; politika hori Batasunaren Ediktuak (1620) eta Pirinioetako Tratatuak (1659)16 kontsakratu zuten. (…)
Hortik aurrera, Henrike IV.arekin, historiaren idazketa monarkia frantsesaren interesen zerbitzura eratorritako navarrismo baten esku geratu zen. Eta Goi Nafarroan Karlos I.aren eta Felipe II.aren ideologia inperialistak arrakasta izan zuen; konkistaren lehen urtetako heriotza, kartzela eta erbestetik iraun zuten gizartearen indar biziak, batasunaren aldeko dinamika gaztelarraren barruan sartu ziren. Europako lehen potentzia bihurturiko Espainian, Nafarroak erregeordea mantendu zuen, erregeordetza bilakatu zen, beste kolonia eta jabetza espainolen tankeran: ez zen erreinu bat, erregeordetza baizik”.