Itxaropena Asia da

  • Nagusiki Hego Euskal Herrian bilduta dagoen makina erremintaren sektoreak urte oparoak izan zituen, eta azken urte hauetan krisiari erantzun gorabeheratsua eman dio, ona batzuetan, ez hain ona bestetan. Baina Euskal Herriko beste sektore batzuek baino hobeto irautea lortu du. Sektorea berreskuratzeko Asian jarri dute begia.

BECen egingo den Biurtekoak Asiako enpresariekin harremanak estutzeko balioko die makina erremintako ekoizleei.
BECen egingo den Biurtekoak Asiako enpresariekin harremanak estutzeko balioko die makina erremintako ekoizleei.

Asia eta, bereziki, Txina dira egungo itxaropen nagusia makina erremintaren arduradun nagusientzat nahiz osagarrien eta osagaien fabrikatzaileentzat. Sektorearen produkzio ia guztia Hego Euskal Herrian biltzen da, batik bat, Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian. Krisiak eragina izan du sektorean, Euskal Herriko beste sektore batzuk adina kaltetu ez badu ere. Egungo krisialdia baino lehen birmoldatu ondoren, urtez urte krisia gaindituz joan da, batzuetan bestetan baino emaitza hobeak lortuz.

Makina Erremintaren sektoreko arduradunek azaldu dutenez, 2011 urteko ekitaldia oso baikorra izan zen, eta aseak leudeke 2012an antzeko emaitzak lortuko balituzte. Bada, 2012ko lehen hiruhileko datuek iragartzen dute iazko ekitaldiaren antzekoa izango dela aurtengoa. 2011ko datu ofizialek diote 1.250 milioi euroko fakturazioa izan zuela sektoreak, aurreko urtean baino %22,7 gehiago. Baina urtea nahiko aldrebesa izan zen, enpresen artean gorabehera ugarirekin, eta fakturazioa 2008koa baino %25 gutxiago da oraindik. 2009an sektorea hondoratu egin zen eta 2010eko bigarren seihilekoan baino ez zituen hobekuntza zantzuak erakutsi.

2011n makina erremintako enpresek 771 milioi euro fakturatu zituzten (2010ean baino %22,1 gehiago); erreminta osagarriak produzitzen dituzten enpresek 320,4 milioi euro (%10,8 gehiago); eta beste teknologia ekoizleek 180,3 milioi euro (%56 gehiago). Adituen arabera, iazko ekitaldiko datu positiboena esportazioak izan dira, %37,8 hazi baitira –sektoreko zifra orokorraren %80 esportazioak dira–. Txina izan zen esportazio gune nagusia, Alemania atzean utzirik. Beste esportazio gune nagusi batzuk Mexiko, India eta Frantzia dira.
Dena den, emaitza onak izanagatik ere, 2012ko ekitaldi hau korapilatsuagoa gerta liteke. Horixe adierazi du Jose Ignacio Torrecilla Makina Erreminta, Osagarri, Osagai eta Erreminta Fabrikatzaileen Elkarteko presidente berriak: “2012rako egoera zailagoa aurreikusten dugu, eskaeraren jaitsiera orokorra dela eta, lehen seihilekoan behintzat. Urtearen bigarren zatian egoera irauliko dela eta merkatu nazionala laster oneratuko dela espero dugu”.

Maiatzaren 28tik ekainaren 2ra, Barakaldoko BECen Makina Erremintaren Biurtekoa burutuko da, eta aukera aproposa izango da sektorea eta erosleak zertan diren jakiteko, eta Asiak, bereziki Txinak, duen interesa baieztatzeko, Asiako herrialdeetako hainbat ordezkari azokan izango baitira.

Txina, egungo merkatu giltzarria

Zergatik da Asia euskal makina erremintaren sektorearentzako itxaropena? Txina funtsezko merkatua da sektore horrentzat, baina India ere aintzat hartu behar da, harremanetan hasteko bi aldeko interesa baitago, Alemania eta AEB ahaztu gabe. Dena den, euskal makina erremintaren egungo merkatuarentzako giltzarri nagusia Txina da, sektoreko hainbat enpresaburu edo administratzailek jakinarazitakoaren arabera.

Txina euskal makina erremintaren erosle nagusia bihurtu da. Eta ez da ahaztu behar 1.500 milioi biztanle dituen herrialde erraldoiak aukera oso zabalak eskaintzen dituela. Datozen urteetan munduan erosiko diren makina erreminten erdiak Txinak erosiko ditu. Horregatik, Makina Erreminta Fabrikatzaileen Elkarteak dagoeneko merkataritza bulego bat du herrialde horretan, Espainiar-Txinar Institutuaz baliatzeko aukera izateaz gain. Halaber, elkartea sektoreko euskal enpresak Txinan ezartzea sustatzen ari da, bai salmentarako, bai euskarri teknikoko zerbitzuak eskaintzeko. Izan ere, Euskal Herriko eta Espainiako elkarte batzuek euskarri teknikorako zerbitzu bateratua sortu dute, Asiako herrialdean eskaintzeko.

Bategitea, indartsuago izateko

Testuinguru horretan, bi elkartek, AMTk (Osagarri, Osagai eta Erreminta Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) eta AFMk (Makina Erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) bat egitea erabaki zuten iazko abenduaren 16an, elkarte bakarra, indartsuagoa eta sektorea hobeto ordezkatuko duena eratzeko. Elkarteko presidente Jose Ignacio Torrecilla (Azkoitia, 1954) izendatu dute; Maherholding Taldeko aholkulari nagusia da, eta talde horren barruan daude, besteak beste, Goratu Makina Erremintak eta Shuton.

Elkarte berria 138 enpresa bazkidek osatzen dute, eta denen artean 1.500 milioi euro inguruko fakturatze ahalmena dute. Zuzenean 7.000 pertsonei ematen diete lana, eta, zeharka, beste hainbesteri. AMTk 330 milioi fakturatzen dituzten 60 enpresa ekarri ditu elkartera. AFMk, aldiz,80 enpresa ekarri ditu, eta denen artean 2011n 1.000 milioi euro fakturatuko dituztela aurreikusten da. Enpresa horietako gehienak Hego Euskal Herrian daude. Makina Erreminta fabrikatzaile horiei esker, Espainiako Estatua sektoreko herrialde ekoizle eta esportatzaileen artean Europako hirugarrena da, eta munduko bederatzigarrena.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude