argia.eus
INPRIMATU
Alfredo Floristán Imizcoz
"Nafarroakoa enpresa “herrikoia” izan zen gaztelarrentzat"

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2012ko maiatzaren 27a
Katalina erregina gerrara bidean irudikatzen duen miniatura ezaguna.
Katalina erregina gerrara bidean irudikatzen duen miniatura ezaguna.

Iruñean jaioa, Madrilgo Alcalako Unibertsitateko Aro Modernoko historia katedraduna da. Nafarroako konkistari loturiko makina bat lan argitaratu du azken 25 urteotan, batez ere konkistari buruzko interpretazio ezberdinez eta Nafarroaren Gaztelarako “gehitze prozesuaz”. Besteak beste, Sociedad de Estudios Históricos de Navarra-ko kide da.

Nafarroako Gobernuak 1512ko konkistaren bosgarren mendeurrena gogoratzeko sorturiko batzorde zientifikoaren presidentea da Floristan Imizcoz. Nafarroako Gobernuak 2011n antolaturiko konkistari buruzko kongresuan defendatu zuen konkista inguruko noble gaztelarrek eginiko “enpresa” bat izan zela eta ez hainbeste Fernando Katolikoak aurreikusitako operazio bat. 2012ko otsaileko Pregón aldizkarian –Diario de Navarra-rekin batera saldua– teoria berdinean sakontzen du Floristán Imizcozek Navarra en 1512: ¿Quien conquistó y quien fue conquistado? izeneko artikuluan.

“1512ko uztaileko lehen inbasioan, soldadu profesionalek osatutako nukleo murritz batekin batera, gaztelar tituludun batzuk etorri ziren, euren seme eta zordunekin; baita inguruko hiribildu eta probintzietako miliziak ere. 1512ko azaroko Iruñeko laguntzan15 eta 1521eko Noaingo borrokan ere berdin ikusten da: hurbileneko Gaztelaren mobilizazio azkarra. (…) Seguruenik, Nafarroakoa, enpresa ‘herrikoia’ izan zen haientzat, Portugalgo konkista (1580) mendebaldeko gaztelarrentzat izan zen bezalaxe. (…)

Honek iradokitzen digu elementu kualitatiboak kontuan hartu behar direla. Zeren-eta konkistatzaileek ez zuten garaitu soilik konkistatuak baino gehiago, indartsuagoak edo zortekoagoak zirelako. (…) Birplanteatu beharko dira nafarren arrazoiak borrokarako –edo borrokarik ez egiteko–, eta horrek eramaten gaitu beaumontarrek eta agramontarrek izan zuten papera aztertzera. (…)

Oso errotuta dagoen arren, baztertu behar da Fernando Katolikoak konkista aurreikusi zuela dioen ideia: terrenoa preparatu zuen, inbasioa erabaki, aukera aprobetxatu eta… bere zoriaz ikaratu egin omen zen. Hainbat testigantzen arabera, Gipuzkoa babesten zuen ejertzito ingelesa itsasoratu zenean, okupazioa utzi eta atzera egitea pentsatu zuen, Frantziaren erreakzioaren beldur. Baina testigantza hauek, kapitain eta noble gaztelarren osotasuna kontrajartzen duten Katolikoaren segurtasun falta eta erabakitzeko gaitasunik ezaren aurrean”.