Urruti gabe

Antton Olariaga

Garai ezinago zaharretan, unibertsoa sortzen ari zen sasoi urrun hartan, lagun minak ziren mendiak: batera bizi eta batera ibiltzen ziren. Aro ahaztu haietan, itsaso bakarra osatzen zuten aintzirek. Adiskideak ziren animaliak.

Izarrak jaio, planetetan argia egin, eta mundura ur edangarria nahiz habitagarria heldu zen une zoragarri hartan, elkarbizitza koloretsuak gidatzen zuen izadiaren norabidea. Eta pinguinoen orkestra sinfoniko batek alaitzen zituen egunero animalien eta gizakien afariak.
Halere, ezelako abisurik gabe eta bat-batean, erabat transformatu zen mundu hura: goitik behera. Itsasoa galdu zuten ibaiek. Zikindu egin ziren elurrak. Itzali, suak… Arrazoia? Bi hankako animali zuri bat ekarri zuen oinaztarriak lurren eta itsasoen gainera: Errege jauna. Ona egin zen behazun. Txarra, zorne.

BI BEGIKO ESKOPETA. Marfila ebatsi, eta zigorra oparitzen hasi zen Gorentasuna. Urrea lapurtu, eta lan behartua ezartzen. Denbora librean, ankerkeriazko legeak asmatzen ematen ez zuen denbora horretan, matrail-hezurrera hurbildu begi biko eskopeta, eta tiro egiten zion Errege hark parean jartzen zioten orori: botila hutsa, baratzetako txorimaloa nahiz orgetako gurpila.

Ontzi eta trasteekin aspertu zenean, tiro egin zien anaiari, semeari, Afrikako zebrari nahiz Urdeetako zerriari. Ehizatu zituen gepardo jaspeztatuak, arrano beltzak, krokodilo negartiak, eta kobra txistulariak.

Gorteetako lagunak gonbidatu zituen ehizara, eta abiarazi zuen turismo deritzoten izurrite urbanoa. Hurbildu zitzaizkion apaizak, militarrak, bulegariak, bankariak, suhiltzaileak, kazetariak…

Bi begiko eskopetari esker, ehiztari abenturazaleak tiro batekin asmatzen ez bazuen, bigarrenarekin zartatzen zuen sarraskia. Eta, menturaz ez batarekin ez bestearekin asmatzen ez bazuen ere, esker oneko izan zitekeen, zeren –lurra zenez ezinago aberatsa– tiro alderraiak eragindako luberrietan petrolio putzua irekitzen baitzen –edo mea: diamantezkoa, ikatzezkoa, kobrezkoa, uraniozkoa, nikelezkoa…–.

ELEFANTEAREN ESKEA. Tembo elefantearen kexua eragin zuten mandatari haien desmasiek. Simba lehoiaren haserrea piztu zuten zaku hautsirik gabeko diamante-biltzaile haiek. Nyati bufaloaren amorrua ekarri zuten turistek, errekako uretan ahaztuta uzten baitzituzten kalekume gaixoek argazki-kameraren bateriak.

Ezinegona esnatu, eta sabana osoa matxinatu zen: nor bere aldetik, batasunik gabe. Saiak borrokatu ziren airean. Sugeak eta dortokak, uretan. Antilopeak eta ganbeluak, lurrean… Finean, lasto-sua, hura dena.

Ad aeternum-eko bidea hartu, eta izugarri luzatu zen eztabaida animalien artean: zer egin? Atzeratu egin zen denentzako balio beharko zuen estrategia komunaren diseinua… zer egin? Geroratu, behazunezko olatuaren kontrako taktika zehatzaren onarpena… zer egin?
Baina, azkenean bai: bat etorri, eta esan zuten animaliek ezen, dena goibeldu eta erori zela bat-batean gizaki-klase berri hura –errege eta akolitoena– sortu zenez geroztik. Sabanaz sabana zabaldu zuten, ezen horien eskutik etorri zirela zornea eta eritasunak oro. Halere, zer egin?

Indarrak batu eta gizaki-klase berri horren aurkako fronte komuna eraikitzeko, mikrofonoa hartuta, grabe-grabe, han bota zuen Tembo elefanteak bere aldarria: fuera errege, urruti gabe!


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude