Kostaldeko gotorlekuak: itsasokoak ez ziren enbaten zain

  • Bertan beti egongo balira moduan. Haitzak legez, hormigoizko eraikinak itsasertzera begira aurkitu ditzakegu Hendaian; bunkerrak, Abadia gaztelutik gertu, Arroka Bikiak parez pare. Guztira, naziek Hendaia inguruan 150 bunker eraiki zituzten Bigarren Mundu Gerran.
    Asko desagerrarazita badaude ere, larre berde artean eraikitako defentsa lerroaren aztarnak ikus daitezke.

Zutunik irauten duten bunker apurretako bat.
Zutunik irauten duten bunker apurretako bat.

Hendaiatik Normandiara 12.000 bunkerrez osatutako harresia eraikitzeko agindua eman zuen Hitlerrek 1941eko irailean. Naziek Ingalaterrarekin zuten gerrako porrotak zirela eta, estrategia aldaketa bat hartu zuen momentu hartan führer-ak. Indarrak ekialdera, Errusiara, bideratuko zituen armada naziak eta mendebaldea zaintzeko 4.000 kilometrotan Atlantikoko Harresia izenekoa eraiki zuten.

Bigarren Mundu Gerra amaitzerakoan Frantziako agintariek bunker eta lubakiak desagerrarazi zituzten, baina batzuk zutunik jarraitzen dute oraindino. Hendaian, Abadia gaztelutik oso gertu, dozena erdi bunkerren aztarnak erraz ikusteko moduan daude. Santa Anako lurmuturrean, amildegi ertzetan daude ondoen kontserbatu direnak. Kostaldeko defentsa gunerik mardulenetakoa izan zen Hendaia.

Aurreko egunetan euria egin badu, lokatzetarako arropa egokiarekin joatea komeni da bunkerretara gerturatzeko. Abadia gazteluaren eremuan, Hendaiako hondartzatik gertu, Bidarteraino doan bidea dago, eta bertatik abiatu daiteke Santa Anako lurmuturrera eta bunkerretara. Bidea hartu eta nahiko segidan Larretxea izeneko baserria dago, eta bertan, ingurumenaren interpretazio zentroa.

Abadiako eremuan bidezidor ugarik eroaten dute bisitaria itsasertzerantz. Bide osoan atzean edukiko dugu fantasiazkoa dirudien Anton Abadiaren gaztelua. Bidezidorrak jarraituta, ia hiru urtez soldadu nazien bizitoki izan ziren bunkerretara helduko gara. Bidea ez da guztiz laua, tarte askotan lubakien gainean egindako bidea delako. Bunkerren eta lubakien hormigoi zati txikiak ere ikus daitezke aztarna handietara bidean.

Etxeen moduan apainduta

Hasieran bunkerrotan eliteko soldaduak egon ziren, 40 eta 55 urte bitartekoak, baina gerrak aurrera egin ahala, gaztetxoak edo agureak bidali zituzten soldadu haien ordez, soldadu onenak Errusiako frontera bideratzen zituztelako. Bidasoa eta Baiona artean alemaniarrek 15.000 soldadu inguru eduki zituzten itsasoko erasoen zaindari.

Bizimodu lasaia eduki zuten soldaduek Lapurdiko bunker eta lubakietan. Aztarnak ikusita irudikatu ezin den arren, bunkerretako hormak etxeetakoak bailiran apaintzen zituzten, eta bertan dutxak, jantokiak eta logelak zeuzkaten. Hendaia hartzean, Abadia gaztelua kuartel bihurtu zuten naziek, eta jatekoa bertatik eroaten zuten bunkerretara egindako bidexketatik. Janari faltak eraginda, soldaduen artean desertzio asko izan zen, eta alemaniarrak gerra galtzen zebiltzala jabetzean ere, askok ihes egin gura izan zuen. Diotenez, soldadu asko hil zen igerian Hondarribira ihes egiten saiatzean.

Itsasertzeko lerroan, bunker batzuk gotorleku hutsak ziren, eta beste batzuek metrailadorea zeukaten. Oraindik metrailadorea mantentzen duen bunker bat badago Santa Anako lurmuturrean, Kapelu izeneko muturrean. Berau da ondoen mantentzen dena. Barrura sartzeko moduan dago, eta gela bi eta begiratokia dauzka, metrailadorearekin.

Nazien ihesa

1944ko uztailean utzi zuten Hendaia soldadu naziek. Joan aurretik soldaduek bunkerretako kanoiak indargabetu zituzten aliatuen esku gera ez zitezen. Bordele pasatuta erresistentziaren erasoa jaso zuten, eta Poitiers inguruan errenditu egin ziren 16.000 bat gizon.

Haize Arrosa

Ondoen mantentzen den bunkerraren gainean, Abadiako Adixkideak elkarteak ipinitako Haize Arrosa dago. Naturaren elementuak eta ipar haizearen norabidea ditu ardatz. Ingurugiroarekin estu lotutako itxaropenezko mezu bat transmititu gura izan dute Abadiako Adixkideek Haize Arrosarekin. Elkarte horrek Hendaiako kultura, ondarea eta natura zaintzeko hainbat lan egiten du.

Haitz Bikiak

Hendaiako ikuspegi ederrenetakoak daude Santa Anako lurmuturretik. Behin bertara gerturatuta, ezinbestekoa da Abadia gaztelua bisitatzea. Udan barrutik bisitatu ahal izateko zabalduko dute, uztailaren 18tik abuztuaren 21era. Itsasoko ikuspegia gaztelua bezain ikusgarria da. Dunbak edo Haitz Bikiak izeneko arroka ezagunak daude lurmuturraren parean. Kondairak dionez, Haitz Bikiak jentil batek bota zituen itsasora, habaila erabilita. Amildegiak, kalak eta Loia badia ikus daitezke bertatik.

Gerrek itsasertzean utzitako historia

Kuriosoa da. Defentsarako eraikinen hondakinetan gatazken historia bake apur batekin nahastuta arnasten da. Euskal Herriko itsasertzean mendez mende eta gerraz gerra zutunik mantendu diren hainbat gotorleku eta eraikin militar daude. Hendaiako bunkerrak gerrarik garaikideenaren eraikuntza izan ziren. Aipagarriak dira baita ere Gorlizko faroaren alboan dauden bunkerrak, Gerra Zibilaren ostean Francoren aginduz preso errepublikanoek eginikoak.

XX. mendeko lubakiez gainera, euskal itsasertzean mota askotako defentsa-lekuak ditugu. Gatazken historia bertatik bertara irudikatzeko lekuak dira, paisaia ikusgarrietan kokatuak. Kostaldeko probintzietatik bana aukeratu dugu, gerrek itsasertzean utzitako historiaren zertzelada txikiak emateko:

Zokoako gotorlekua

Arrantzan diharduen Ziburuko auzo txiki honen interesgunerik handiena gotorlekua da. Enrike IV.ak eraiki zuen XIV. mendean, espainiarren erasoei aurre egin eta Donibaneko Badia babesteko. Geroago, XVII. Mendean, Sebastien Le Prestre –Vauban legez ezagutua– ingeniari militar frantses entzutetsuak berriztatu zuen gotorlekua. Harresia eta dorrearen egitura egoera onean daude. Ikuskizun ederra eskaintzen dute harresiaren kontra hausten diren olatuek. Portuko itsasargia ere ikustekoa; monumentu historikoaren izendapena dauka. Gotorlekua ikusi eta gero Zokoatik Ziburura ibilaldi polita egin daiteke.

Getxon, Galeako fortea edo Printzearen gaztelua

XVIII. mendeko gotorlekua da. Ingelesen erasoengandik Bizkaiko kosta defendatzeko urgentziaz eta presaka egin zuten eraikin militar hau. Diputazioak agindu zituen beharrak, eta Jaime Sycre koronelaren agindupean inguruko herrietako 600 pertsonek jardun zuten bertan, derrigortutako lanetan. Lanak 1742an hasi zituzten, eta hurrengo urteko udaberrian amaitu. Historialariek diotenez, gotorlekua ez zuten inoiz borrokarako erabili. Militarrek utzi eta gero, bertan Bizkaiko lehen itsasargia egin zuten 1782 inguruan. Britainia Handiko legioak birritan suntsitu zuen faroa, 1812an eta 1836an, karlistadetan liberalei laguntzera etorri zirenean. Gaur egun dagoen itsasargia XIX. mendean eraiki zuten, zaharraren lekuan. Aranzadi elkarteak duela sei urte zaharberritze lanak egin zituen Galeako gotorlekuan.

Errenterian, San Markoseko gotorlekua

Izen bereko mendian eraiki zuten San Markoseko gotorlekua. Leku estrategikoa da, bertatik Donostiako Badia eta Pasaia ikusten dira eta. Ikuspegi ikusgarria. Bigarren gerla karlistan eraiki zuten, karlisten tropa ibiltariak babesteko. Gerra amaitutakoan, 1876an, Oiartzungo defentsa lerrora batu zen, Pasaiako portua defendatzeko lerrora. Gaur egun berriztuta dago gotorlekua, eta jardunaldi, ekintza sozial eta ospakizunetarako erabiltzen da. Oarsoaldeko begiraleku ederra.


ASTEKARIA
2012ko maiatzaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lapurdi
Jon Anzaren desagerpenetik hamabost urtera, galderek erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute

Duela hamabost urte desagertu zen euskal militantea. Baionan Tolosarako (Okzitania) trena hartu eta ez zen berriz agertu. Hortik hamaika hilabeteetara atzeman zuten bere gorpua Tolosako (Okzitania) gorputegian. "Egia jakiteko eskubidea" aldarrikatu dute Anza zenaren... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Gizon bat atxilotu dute Ziburun, emakume bat hotel bateko bosgarren solairutik jausi ondoren

Emakumea oso larri dago erietxean, Sud Ouest egunkariak jakinarazi duenez. Haren bikotekidea izan daitekeen gizona fidantzarik gabeko atxiloaldian sartu dute, aurrekariak dituelako.


2024-04-15 | Euskal Irratiak
300 dantzari bildu ditu Iparraldeko dantzari egunak Hendaian

Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.


Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


Urtebeteko eta bi urteko espetxe zigorrak eskatu ditu prokuradoreak Molle eta Etcheverry bakegileentzat

Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]


Eguneraketa berriak daude