Hainbat maite izan baititugu

Hainbat maite izan baititugu, kotoi artean hezi ditugu, den larrerik luzeenean. Zer eskatu, huraxe eman diegu. Berek sumatu baino lehenago aitzinatu gatzaizkie haien premiei. Ondoan izan gaituzte beti, laguntzaile, gidari, arazo konpontzaile. Ez dugu haien lepo gainean karga sobera ezarri nahi izan. Ez ditugu sufritzen ikusi nahi izan. Ez ditugu galdu nahi izan.

Hainbat maite izan baititugu, nahiago izan ditugu paretetara makurturik goitika ikusi, ezen murru parean tente, afixak itsasten. Nahiago bajeretan sartuak, play-stationarekin jostetan, karrikan kajeroei su ematen baino. Zernahi egin dugu euskarak –herriak, aberriak, dena delakoak– preziorik izan ez zezan haiendako. Zernahi, gure bisita bakarrak Erasmuskoak izan zitezen, Vilniusera, Cohimbrara, Heildelberg-era, eta ez Salto del Negrora, Puertora, Fresnes-era. Aktiboki egin dugu lan haien kemena desaktibatzen. Baliabide guztiak erabili ditugu gure kumeak bizitzaren alderdi arriskutsuetatik apartatzen.

Bai, egia da. Ez da dena gure merezimendua izan. Ez da guztia gure errua izan. Anitzek ez zuten sobera behar. Guhaurek sortu irakaskuntza sistemak ere bere zuloak ditu, bere hilotzak, armairu barrenean altxatuak. Nire adinekoek apezak nola, hala gorrotatzen euskara –herria, aberria, dena delakoa– gure ikasgeletatik atera den batek baino gehiagok. Halako erresuminik gabe ere, bertze batzuek isil-isilik egin digute ihes. Haize alde. Nork lehen harria jaurtiko? Ez da denen bizkarrerako egina bazterrekoa izatea. Bazterrekoa. Baztertzekoa.

Ahalegina ez da ustela izan. Borroka armatuaren aroa iraganik, sarraskitik onik-edo atera dira gehienak. Guti batzuek baizik –nahi baino aise ere gehiagok– ez dute tortura, kartzela, erbestea, derrota ezagutu. Are gutiagok –nahi baino aise ere gehiagok– dituzte eskuak odolez zikindu.

Begira iezaiezue. Gazte arruntak dira ia guztiak. Tira, ez hain arruntak. Kaixo erraten dute, eta agur. Eta janzkera apur bat diferentea izaten dute. Eta bertzelako musika entzuten dute gehienek. Gaitz hori ere sendatuko zaie, denborarekin. Gainerakoan, bertzeak bezalakoak ditugu. Gazteetan gazteenak mozkortzen dira, drogatzen dira, larrua jotzen dute, orenak egiten dituzte pantaila tiki nahiz handietara itsutuak eta, gehienek, zerbait ikasten dute. Helduagoak, berriz, mozkortzen dira, drogatzen dira, larrua jotzen dute, orenak egiten dituzte pantaila tiki nahiz handietara itsutuak eta, gehienak, langabezian daude. Bertzeak bezalaxe. Bertzeak bezain pasiboak, bertzeak bezain sortzaile eskasak, bertzeak bezain geldoak. Bertzeak bezain esperoan, beren arazoak nork noiz konponduko.

Ez ditugu sobera ideologizatu nahi izan, beldurrez-eta ziega bat joko ote zuten. Antolaketaren herra itsatsi diegu, hiltzaile bilakatuko ote ziren goganbehartuta. Sormenerako hegoak moztu dizkiegu, haien ametsak denen amesgaizto bihur ez zitezen. Orain, zoaz haiengana mintzatzera belaunaldi gisa duten erantzukizun historikoaz eta arrasto bat –arrasto bat, bederen– utzi beharraz. Zertaz ari zaren ere ez dira berehala jabetuko.

Gauzak aldatzen omen dira. Aro berri batean sarturik omen gaude. Ongi etorri aldaketari. Ongi etorri aro berriari. Badugu premia.

Ez dakit Bilbon edo Donostian. Ez dakit Gasteizen edo Baionan. Nire bizilekuan, berrogei urteko gizon-emakume gordinek gaztetzen dizkigute bilerak eta mintzaldiak, gaztetzen gure hedabideen erosleria eta ikus-entzuleria, gaztetzen gure irakurle eta desirakurle taldeak. Inon ez da belaunaldi berririk ageri, txanda eske. Gure aldareetatik ostiaka eraitsiko gaituen erreboltarien oihu-kexa-arrengurarik ez da aditzen bazterretan. Erretiroa hartzeko bezperan gaude, eta inor ez dugu ikusten, gure gibelean.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude