1986ko apirilaren 26an lehertu zen Txernobyleko zentral nuklearreko laugarren erreaktorea. Hondakin erradiaktiboak mundu osora barreiatu ziren eta sei hilabete behar izan zituzten erreaktorea sarkofago batez inguratzeko. Sarkofago horren bizia 25 urtekoa izango zela estimatu zen, baina 2010ean Ukrainiako Gobernuak iragarri zuen ez zuela nahiko dirurik lan horri ekiteko.
Altzairu eta porlanezko sarkofagoaren eraikuntzan parte hartu zuten langile gehienak hilik edo minbiziak jota daudela jakina da, baina gobernuak inoiz ez ditu datu zehatzak eman; ez ziren gutxi batzuk izan, milaka baizik. Iazko apirilean, Txernobyl bizirik! artikuluan, bigarren sarkofagoa egiteko 1.000 milioi euro behar izango zirela adierazi genuen, eta artean 500 milioi baino ez zirela bilduak izan.
Ukrainako Gobernuak adierazi berri du lanak laster hasiko dituela, baina datu gehiagorik ez du eman. Nahikoa diru bildu ote da? Lanak bermez egingo dira edo espero zena baino porlan eta altzairu gutxiago erabiliko dute? Langileen lan eta osasun baldintzak nolakoak izango dira?