Duela bi hilabete Wired aldizkariak albiste deigarria eraman zuen azalera: Utah-ko (AEB) desertuan Internet zelatatzeko zentro erraldoia (Utah Date Center) eraikitzen ari dira. Segurtasun Agentzia Nazionalak (NSA) kudeatuko du, eta azken hamaika urteetan mundu osoan harat-honat ibili diren datuak pilatuko dituzte bertan, AEBen segurtasuna mehatxatuko luketen elementuak identifikatzeko helburuarekin. Erreportajearen egile James Bamfordek dio babestutako informazioa bistaratu ahal izango dutela espioitza-zentro horretan, mezu elektronikoak analizatu, munduko edozein bazterretako telefono elkarrizketak grabatu, banku transakzioak aztertu, Interneteko bilaketak kontrolatu eta abar luze beldurgarria, herrialdearen segurtasunaren izenean. 2013ko irailean inauguratuko dute eta haren zerbitzuak Europa eta Asiako gobernuek eskuratu ahal izango dituzte.
“Terrorismoaren” aurkako gurutzadaren erdian, Britainia Handiko Gobernuak ere baimena eman nahi dio GCHQ (Gobernuaren Komunikazio Kuartel Nagusia) inteligentzia-agentziari epailearen baimenik gabe ere herritarren telefono deiak, mezu elektronikoak eta Interneteko bilaketak zelatatzeko. Informazio hori guztia, gainera, administrazio ugarik eskuratu ahal izango lukete: udalek, ingurumen batzordeek, segurtasun indarrek… Gobernuaren asmoa zen araudi berria maiatzaren 9an aurkeztea, baina askatasun zibilen aldeko kolektiboek eta batez ere koalizio-gobernuko kide diren parlamentari liberalek egindako kritikek albistea atzeratzea bultzatu dute. “Gobernu britainiarrari baimena ematen bazaio Facebook eta Skype moduko nazioarteko enpresetara sartzeko, zerk eragotziko die beste gobernu batzuei sarbide bera eskatu eta lortzea?”, galdetu du Danny O’Brien Kazetarien Babeserako Komiteko (CPJ) kideak. Zenbait adituk, bestalde, informazio hori guztia “funtzionario ustelen” poltsikoetara iristeko arriskuaz ohartarazi dute.