“Lortzea asko kosta izanak egiten ditu gauzak berezi”, galbidean dagoen balorea.
Gaur egun haurrek gauzak ia desiratu baino lehen eskura dituzte eta hori oso pedagogia txarra da. Baiezkoak entzutera ohitzen baduzu, ez da prestatuko bizitzako ezezkoetara.
Euskal Herriko musikari onenetarikoak alboan izan arren, instrumentalki disko biluzia egin duzu.
Sortzean bi elementurekin abiatzen naiz, gitarrarekin eta ahotsarekin. Horrela ongi funtzionatzen badute ongi, bestela malo! Askotan inportanteagoa da zer sartu behar duzun baino, zer kendu behar duzun antzematea. Eta musikari bikainak inguruan badituzu, haien atzean ezkutatzeko tentazioa izan dezakezu.
Berdin biluztu daitezke kantuetako hitzak zureak ez direnean? Zure egiten dituzu?
Jakina. Kantu bat egiteko poema bat aukeratzen duzunean, poema horrek esaten duenarekin bat egiten duzula adierazten ari zara. Gainera, kantatzen dugunarekin kontsekuente izatea beste erremediorik ez dugu. Gure ofizioan zintzotasuna ezinbestekoa da.
“...Hirugarren egunean erretiratzen” beharrean, Markezek jakin du garai eta publiko desberdinei aurre egiten, ezta?
Orain dela urte batzuk ez nekien oso ongi norentzat, zergatik edo zertarako ari nintzen. Kantuek erakartzen eta uxatzen dute jendea. Oso istorio politak kontatu dizkidate nire kantuei buruz. Zorionez, 25 urte gutxiago dituztenek telefonoetan nire kantu batzuk dituzte. Eta Martikorenarekin kantatzen dudanean nik baino 25 urte gehiago dituztenek zoriontzen naute.
Zure hitzak dituen kantua egin zait eraginkorragoa. Kasualitatea ote?
Kuriosoa da, baina nire kantu ezagunenak neronen hitzekin egindakoak dira. Azkenaldian nik idatzitako testuekin lanean ari naiz, eta oso posible da datorren diskoa osoki nik egindako hitzekin eta musikekin osatzea. Eta kasu horretan gitarra bat eta ahots bat nahikoa izango dira.