argia.eus
INPRIMATU
.eus ikurrina

Josu Amezaga @FloresenaBarria 2012ko maiatzaren 08a

Taldeak errepresentatzeko banderak oso aspalditik erabiliak izan badira ere, XVII. mendetik aurrera itsasoan nabigatzean boteregune bakoitzaren ontziak bereizteko erabiltzen hasi ziren, gaur egun ezagutzen ditugun bandera nazional asko. Zeharo aldatzen ari zen mundua, inperio eta kontinentearteko merkataritzaren hedatzearekin, eta itsasoko nabigazioa zen aldaketa horren eragile handienetako bat. Zenbaitek hortxe kokatzen du, hain juxtu, globalizazioaren hasiera.

Aranatar anaiek ikurrina sortu zutenerako aldiz nazioak errepresentatzeko erabiltzen ziren banderak, eta asmo horrekin egin zuten haren diseinu arrakastatsua: geroztik Euskal Herri osoa ordezkatzen duena.

Egun Interneteko nabigazioak hartu duen garrantzia duela lau mende itsasokoak hartu zuenaren parekoa da. Horregatik sareko jarioetan ezagutuak izatea ezinbestekoa dugu euskaldunok, munduan garela jakin dadin. ICANNen gure “.eus” ikurrin berriaren hautagaitza aurkeztekotan da, ea gauzak ondo eta arin ateratzen zaizkigun.

Imajina ote dezakegu zer izango litzatekeen Euskal Herria, duela ia ehun eta hogei urte ikurrina asmatu izan ez balitz?