argia.eus
INPRIMATU
Bilgune nazionalak

Joxemari Ostolaza 2012ko maiatzaren 08a

Bi eredu. Ipar-Hegoak antolatu Mus Txapelketaren finala Gipuzkoako Seguran. Bikote zenbaiteko lagunak gazteleraz mintzo, euskara arrotz. Iparraldekoek euskara eta frantsesaz gain, gaztelera ezagun. Itzultzailerik gabeko komunikazioa burutzeko gauza, elkarrekin ikusi ditugu bazkal garaian eta ondorengo kantu-dantzen jostetan, pozik. Baigorriko Nafarroaren Egunean sei lagun borobilean. Baxenafar bi hegoaldeko lau. Hauetako batek nekez egiten du euskaraz. Beste hirurek bezala, ez daki frantsesa. Gazteleraz ari dira. Baxenafarrak hemen ere gaztelera mintzatzeko gauza dira, elkarrekiko harremana eten ez dadin. Erdaldunak normaltzat hartzen du egoera, ez zaio arrotza egiten. Gehiengoaren parte da, ohitua da gutxiengoak berea mintza dezan, ez da harritzen ez lotsatzen. Etxean da. Ez du frantsesa behar, ez da euskalduna, alaba ikastolan duen abertzalea da. Euskara, gaztelera eta ingelesa mintzatuko dituen alabaz harro da, misión cumplida esan du postretzat. Ez du erreparatu baigorriarrak etxeko hirurak erabiltzeko gauza direla, hegoaldeko festetan ez dutela ingelesaren beharrik bertako erdaldunekin harremanak izateko. Gutxiengoan bizitzeak badu bere abantaila.