argia.eus
INPRIMATU
Bedlam, eroen ikuskizuna

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2012ko maiatzaren 08a
A Rake's Progress (1735) lanean, William Hogarthek Bedlameko egoeraren erretratu gordina egin zuen.
A Rake's Progress (1735) lanean, William Hogarthek Bedlameko egoeraren erretratu gordina egin zuen.

Londres, 1814. Bethlem Royal Hospital izeneko erietxe psikiatrikoak 96.000 bisitari izan zituen urte osoan. Baina milaka horiek ez ziren gaixoen egoeraz kezkatutako senitarteko edo lagunak, Bedlamera –izen horrez ezagunagoa da– eroez iseka egitera hurbildutako ikusnahiak baizik.

Penny bakar baten truke –hileko lehen astearteetan sarrera doan zen–, bisitariak giza miseriez nahi adina gozatzeko aukera zuen. Eta eguneko ikuskizunak bertaratutakoen itxaropenak betetzen ez bazituen, bisitariei makilak eramaten eta gaixoak akuilatzen uzten zieten, ikuskariaren maila igotzeko. Gaixoei alkohola emateko baimena ere bazuten, mozkorturik nola jokatzen zuten ikusteko.

Bedlam 1247an sortu zen. Bethleemeko Izarraren ordenaren komentu izan zen lehenik. 1337an ospitale bihurtu zen, eta hogei urte geroago hasi zen buruko eritasunak zituzten gaixoak hartzen. Berehala gaixo psikiatrikoak bakarrik onartzen hasi zen eta, hala, historiako lehen erietxe psikiatriko izateko ohorea du gaur egun oraindik martxan dagoen zentroak. Erietxeko metodoak, ordea, ez ziren batere ohoragarriak. Ohikoa zen, esaterako, gaixoak girgiluz zorura edo hormetara lotuta egotea. 1700ean eriei eri (patient) deitzen hasi ziren, baina horrek ez du esan nahi gaixoak behar bezala tratatzen hasi zirenik. Hain zuzen ere, garai horretan hasi zirelako publikoari ateak zabaltzen eta Bedlam atrakzio turistiko bihurtzen. Eritasun psikiatrikoak ahultasun moralarekin lotu ohi zituen garaiko mentalitateak. Hala, gizarteak ez zuen haiek zaintzeko edo sendatzeko erantzukizunik.

96.000ko marka lortu eta hurrengo urtean, Bedlamek egoitza aldatu zuen. Eraikin berriko leihoei ez zieten kristalik jarri, “eroetxeen ohiko kiratsa saihesteko”. 1916ko ekainean, gaixoentzako negu gordinenaren ostean, Thomas Monro erietxeko arduradun nagusiak kargua utzi behar izan zuen, jokabide eta tratamendu gizagabeak medio. Ordurako, Philippe Pinel (1745-1826) –askorentzat psikiatria modernoaren aita– gizarteak buruko eritasunekiko zuen jarrera aldatzen hasia zen Frantzian, eta eragina Mantxako kanalaz bestaldean ere nabaritzen hasi zen.

Azken mendean, Bethlem Royal Hospital munduko erietxe puntakoenetako izan da ikerketa psikiatrikoan eta tratamendu berritzaileetan. Baina herri hizkeran oroimen zaharragoek pisu handia dute; bedlam hitzak “nahasmendua, iskanbila” esan nahi duela dio hiztegiak.