Argentinako eta Boliviako gobernuek YPF-Repsol eta Red Eléctrica Española desjabetu eta nazionalizatu izanak erreakzio politikoa eta enpresariala sortu du herrialde horietatik kanpo. Bikoitza izan da erreakzio hori; alde batetik, ezkerretik neurri hori babesten dutenak daude, herri aske ororen subiranotasun ekonomiko, politiko eta energetikoarekin koherentziaz egin delako. Bestetik, eskuinetik neurri horren kontra egin dutenak daude, euren metropoliko espiritu kolonialista, kapitalista, multinazional eta harrapariarekin koherentzian.
Egia da Cristina Fernández Kirchner presidenteak, nola bere aurrekoak, Nestor Kirchner senarrak, YPF pribatizatzea erabaki zutela 1992an. Egia da ideologia peronistaz gain ideia populistak ere izan dituztela, eta sozialismoaren oinarrietatik urrun egon izan direla, esaterako sektore estrategikoen nazionalizazioari dagokionez. Egia izan daiteke, Argentinak eta Boliviak hartutako erabakiek, nazioarteko merkataritza harremanak arautzen dituzten zenbait “forma” ez betetzea legearen ikuspuntutik. Baina inork ezin du zalantzan jarri Argentinaren eta Boliviaren gaitasuna euren natur baliabideak (petrolioa, gasa…) kontrolatzeko eta kudeatzeko. Eta inork ezin du zalantzan jarri Argentinaren eta Boliviaren gaitasuna euren lege eta arauak aldatzeko, subiranoak baitira. Areago herrialde horien barruan nazionalizazioak babes politiko zabala izan duenean.
Argentinakoa eta Boliviakoa, kapitalismoaren aurrean alternatiba ekonomikoak dauden adibide dira. Euskal Herriak bide hori segi dezake, bere subiranotasun ekonomiko eta politikoa usatu nahi izanez gero. Ezkerreko indar subiranistek asteburu honetan egindako proposamen sozioekonomikoa norabide horretan doa. Gure etorkizunaren jabe izateak esan nahi du gure natur baliabideen eta ahalmen ekonomiko nahiz finantzarioen jabe garela, gure lan harremanen eta babes sozialerako sistemaren antolatzaile garela