argia.eus
INPRIMATU
Apatxekin idazten
  • Zentauro-hankak.

    Jon Gerediaga.

    Pamiela, 2011.
Igor Estankona 2012ko maiatzaren 08a
Bertso luze baten lehen puntua balitz bezala, eta hasierako poemari beti eman behar zaion potentziarekin, maisutasunez irekitzen ditu Gerediagak ateak, zeharkatu egiten ditu zentauroak lez zelaiak. Oraingo amodioaren eta bere bizitza osoaren pasarteak dakartza, lurra eta bihotza, ama eta aita, etxearen defentsa eta izerdia eta mina eta heriotza eta bizitza eta heriotza eta berriro bizitza daude bilboztarraren poesia erdi-erditik eta estalkirik gabe sortutakoan. Ez dauka eskrupulurik, galgarik, ez dauka denborarik galtzeko.

Sukarrak jotako Fitola balba, karpuki tui (Pamiela, 2004) baino harago doa Gerediaga Zentauro-hankak honetan. Orduko liburu ausart eta berdearen inguruan bagenioen azertu eta arriskuetan erori zela, oraingoan esan behar dugu gizon emakumeen ametsen eta zentzumenen mugara hurreratzea plazer hutsa izan dela. Jadanik Gerediagaren idazkera ez da “interesgarria” edo “berritzailea”, jadanik ez da bakarrik sena, ezpada erraz identifika daitekeen ahots eta tonu propioa, nahasmenarena.

Oi, bost orrialdeko Gerediagaren diskurtsoak! Bidaian eroango zaituzte ahazturik zenituen subkontzienteko bazterretara. Arean ikonoklasta da eta, era berean, arean erlijiosoa eiteetan. “Zu” idealizatu bat maite du, baina jipoitu egiten du, ostikopetan darabil. Lurra eta zeru garbi bat erakusten ditu behin eta berriz, eta heriotza eta bizitza eta heriotza eta berriro bizitza, harik eta, errenditurik, bat egiten duen den guztiarekin, bere diskurtsoaren benetako jatorria den isiltasun eternoarekin: “Zugan irauteko/ oi lur bero/ lur honexetarako ni/ lur beltz honexetarako betiko ni”.

Zergatik, orduan, hiltzeko, hainbeste irudi, hainbeste irudipen? Seguruenik, Rimbauden antzera edo Jim Morrisonen letretan lez, poeta ameslari batek maitasunaren, sufrimenduaren, zorionaren, zoramenaren ordenarik eza ezin duelako antolatu, soilik deskribatu. Bizi. Eta deskribatze horretan erre egiten da Gerediaga duda barik, dena emanez kontsumitu. Batzuetan irakurleak duda egingo du Zentauro-hankak ez ote den itsutzen duen distira hutsa. Egia esan, poema liburu asko galdu dira alferrik norabiderik gabeko dibagazioan. Gerediagaren kasuan ez. Gerediagak erakutsiko dizu kaosaren benetako erdigunea.