argia.eus
INPRIMATU
Pintu, diskoaren koordinatzailea: "Johnny Cashen legatu osoa da ona, ez dago ezer soberan"
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2013ko maiatzaren 07a

Lehen The Clashen omenezko lana koordinatu zenuen, eta orain Johnny Cashena. Nolatan sartzen zara halako saltsatan?

Saltseroa naizelako eta halako ekimenek bizirik egoten laguntzen didatelako.

Zer da Cashek utzi digun onena?

Bere legatu osoa, ez dago ezer soberan. Eta Cash bera jarraitzeko moduko pertsona izan zen, warrior bat!

Nola aukeratu zenituen taldeak? Zerk batzen ditu taldeok, Johnny Cashengan duten miresmenaz harago?

Proiektu honek hiru urte luze hartu ditu. Talde batzuk bidean gelditu dira, baina diskoan dauden guztiak nire lagunak dira, guztiek maite dute musika eta musikarekin iraultza egin daitekeela uste dute gainera.

Zer nolako harrera izan du orain arte diskoak?

Diskoa oso harrera ona izaten ari da, espero baino handiagoa eta berari esker jende gazte asko Johnny Cash ezagutzen ari da; hala, Cashek utzitakoa ikertzen eta ezagutzen hasi dira. Hori da nahi nuena, oso positiboa da.

Diskoa musika estilotan oso irekia da. Hala irtengo zela uste zenuen?

Johnny Cash oso irekia izan zen musikan eta beste gauza askotan; eta diskoa ere halakoa da: estilo ugari daude bere baitan.

Ez nuen espero bertan Zarama aurkitzea. Nolatan izan zen?

Berriro jotzeari ekin ziotenean aproposa ikusi nuen eta gonbidapena luzatu nien. Azkenean onartu zuten.

La Banda Trapera del Rio-ko abeslari Morfik parte hartzea oso berezia da…

Bai, lan honetako lorpen handienetakoa da. La Banda Trapera del Rioren zale amorratua naiz eta saiakera egin nuen. Morfik diskoan parte hartzea lortuta lasai asko hil naiteke. Hori da garrantzitsuena, halako pertsonak ezagutu eta beraiekin lan egiteko aukera eduki izana.

Diskoaren aurkezpenik aurreikusi duzu?

Bai, maiatzaren 19an Vomito, Rat-Zinger eta Carniceros del Norte taldeak Leioako Gaztetxean batuko dira eta kontzertua DVDn jasoko dut.