Baigorrin. Egun baino gazteagoak ginen garaiak ziren, baigorriar gazte zenbaitek antolamendu gaitzari heldu ziotenekoak. Bertako gaiteroen hastapenak ezagutzeko suertekoak gu, geroztik ez dira gutxi izan eman dizkiguten pozak. Hizkuntza berak biltzen gintuenez, talde lana izan genuen elkargune kantuak uzta. Ez genuen gairik falta, zoritxarrez esan beharko dugu, borrokaren latzak maite genituen lagunak akabatuta, haiei kantatzea bilakatu genuen gure sorkuntzaren habi, inoiz txori kantaririk falta izan ez duena. Bezperako kantaldiak ditut gogoan. Eliza herritarrez lepo, aldiro genuen kantu berriren bat estreinakoz emateko, gertakari berezi bati atxikia. Olivier Aranguren perkusionistaren bidez ezagutu genituen bere Radio Franceko orkrestako lagunak, maila handiko musikariak, Bixentaineako afarian berea gozatzeko aukera eman zigutenak. Et Incarnatus-ekoak ere bertan ezagutu genituen, entzuleek ahantzi ez dugun kontziertoan. Aurten, berritzen ari diren bertako gaiteroekin Lekeitioko Banda ariko da, ohi bezala profesional jarduna militanteki burutuz. Hau ere, segur, nekez ahantziko da, nik neure belarriz entzundako entsaioa arrazoi.