argia.eus
INPRIMATU
Hondakinen eztabaida politikatik apartatzeko balioko ote du?
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2013ko maiatzaren 07a

2008an Usurbilgo Udalbatzak erabaki zuenean herrian Atez Ateko sistema jartzea, honako alderdien ordezkariek eman zioten baiezkoa: ANV, Aralar, EAJ eta PSEk. Geroztik Gipuzkoako hedabide salduenek antolatutako burrundarak herritarren memoriatik ezabatu du datua.

Zer okertu zen geroztik? Soziologoei utziko diegu aztertzen zerk eragin duen halako saltsa herritarren artean, politikaren jarraipena egiten duten analistek azaldu bitzate pertsonalitateen, alderdien eta instituzioen jokoak. Baina hondakinen Atez Ateko bilketa Ezker Abertzalearena edo Ezker Batuarena adina izan daiteke edonorena.

Italiako adibideetan sartu gabe, Katalunian Atez Atekoa egiten duten herrien elkartean presidentea CiUkoa dute eta zuzendaritzan dauzkate ERC, PSC eta Iniciativakoak, independenteak ahazteke. Baleareetan PSMko udaletan erabiltzen da sistema. Berrikitan Madrilgo sozialistek 12. Kongresuan argi eta garbi aldarrikatu dute: hondakinak errausteko edozein sistemaren kontra daude eta Madrilgo erkidegorako nahi dute Atez Ateko bilketa Zero Zaborrerako bidean.

Kultura eta kolore askotako jendea hurbilduko da Donostiara ZWEren biltzarrera, baina liberalismoa maite duten espirituek asko asaldatu gabe mintzatuko diren jende ordenazaleak izango dira gehienak. Gipuzkoako alderdi politikoek baliatuko ote dute aukera hondakinen kudeaketaz urratsen bat elkarrekin egiteko? Gure bilobek eta biloben bilobek eskertuko diete.