"Libre uzten ez duzun jota, hil egiten da"

  • Josetxo Goia-Ariberen disko berrian, ahots bat, Nafarroako jotan. Atea jo, eta kantari hartu gaitu. Jotaren muin betikoa, azal berrituan, beti eder, jolasti eta gustagarri.

Arantxa Diez
Arantxa DiezDani Blanco

“Yo canto la jota de mis abuelos / Yo canto la jota al mundo entero / y allí donde vaya siempre me encuentro / la antigua emoción guardando silencio”. Aitatxi-amatxien jota kantatzen duzu, egiazki?

Bai. Tafallakoa naiz, eta han, oraindik, ez duzu harrigarri gizon-emakumea jota kantari. Giroan dago. Nire adineko gehienak jota eskolatik iraganak dira, futbolean jokatuak edo bizikletan ibiliak diren bezala. Flamarique ahizpen jota eskolak tradizio handia du gure herrian, ez debaldetan! Horretan, aitatxi-amatxien jota kantatzen dut, iraganetik egunera eta gerora. Herri adierazpide bat, eskurik esku, belaunez belaun transmititzen ari garena.

Transmisioa indarrean da Tafallan…

Bai. Jota eskolan haurrak zein helduak ikusiko dituzu, jota kantatzen ikasten. Orduak eman ohi ditu ikasleak bertan, kantatzen eta entzuten. Ondotik datoz jota jaialdiak eta lehiaketak. Transmisio gisa horri, dena den, arriskua ere ikusten diot: akademizismoa, hau da, freskotasuna galtzea. Hortik ere bada. Karrikan kantari ikasteak, edo amak irakatsiak, beste gustu bat du. Oraindik orain, lagun baten etxean izana naiz. Haur hankagorria du. Lotaratzen lagundu niolarik, amak haurrari: “Amak egunero kantatzen dizu jotica, ezta?” “Bai”, niniak. “Bada, gaur, profesionalak kantatuko dizu!”. Kar, kar, kar… Eta kantatu nion, begiak biltzen zituen bitartean. Zoragarria izan zen… Kantatu nion: “La niña cuando va a misa / va delante de su madre. / Parecen un ramico de albahaca / que lo bambolea el aire”.

Nork sortuak dira jotak? Koplak, erran nahi dut.

Sasoi batean, herriak sortu zituen. Orain bertzerik da, jota berriak idazteko lehiaketak ere eratu dituzte hainbat herritan, eta jendeak asmatzen ere ditu, berariaz. Sasoi batean, aldiz, herriak asmatu zituen, nork ez dakigula. Batek asmatu, besteak jaso, bere gisa kantatu, hurrengo batek nola-hala egokitu… Horrela. Ez da harrigarri jota bat bera han eta hemen entzutea, aldaketa ttipi batzuk dituelarik ere. Ahoz aho transmititzeak duen ezaugarria.

Zer ikasi zenuen jota eskolan?

Jotak, pasacalleak, herri kantak… Horixe, funtsean. Kantatuz ikasten genituen, ez zen bertze modurik. Flamarique ahizpek jotak kantatzen zizkiguten, eta guk errepikatzen, atalka-atalka. Ez genuen partiturarik, ez deus. Berrikitan jakin dudanez, Tafallako Gorriti antzokira eraman zituzten Flamarique bi ahizpak, 8 urte zituztelarik. Erran zieten, nonbait, kantatzeko, eta kantatu ere zuten. Jendea, harri eta zur izan zen haiei entzuten eta, handik goiti, ez zioten kantatzeari utzi. Ameriketan gaindi ibiliak dira jota kantari, eta han-hemengo bazter gehienak korrituak dituzte, orkestrak lagun izan dituzte… Ahizpa haiek gazteei irakatsi zieten jota kantatzen, haiek jota eskolaren lekukoa hartu zuten beren gain, guri irakatsi arte. Horrela izan da. Eta, harrigarria, emakumezkoak izan dira nagusi.

Ikasteko abildaderik behar da, berezkoa behar da Billabonakoa?

Ez zait irudi. Bozaren kontua erranen du jendeak, eta, bistan da, boza behar da. Halarik ere, Flamarique ahizpek erraten zutena dut nik beti gogoan: “Boza, guztiok dugu. Egokitu bertzerik ez duzu, kantatzen duzunean zeure buruarekin gustura izan zaitezen. Ez da bertzerik”. Nork bere tesitura du, kantatzeko estilo berex bat. Jota kantarien artean, nork bere modua du, baina ez da kantuan ikasia izan beharrik. Herri adierazpidea da jota, eta, hasteko, ez duzu gaitasun berezirik behar kantatzeko. Bertzerik da bikain kantatu nahi izatea. Orduan, landu beharra izanen duzu. Baina badiot, herri adierazpide denez, jota kantatu nahi duenak, kantatu bertzerik ez du.

Usteko nuen bozaren halako ezaugarriak behar zituela jota kantariak. Halako tinbrea eta bertze.

Horra jo du kontuak, bai. Hara, anitz jota lehiaketatan hartu dut parte. Anitzetan, egiazki. Hondarreko, joateari utzi nion, aserik, ez bainuen ikusten zertan kantatu behar nuen jota, ondokoarekin lehian, halako maila jakin batean, halako epaimahai baten aitzinean –“ongi egin duzu etena kopla honetan, bertzean ez; konpasa ongi gobernatu duzu”–. Nik erratera, zentzugabekeria irudi zait. Jota bat-batekoa da, gauza freskoa, ez lotua, sentimenduarekin batera dator, kontua ez da pinoi finkoan kantatzea.

Zenbat urte iragan ziren horretaz jabetu aitzinetik, hau da, jota ez zela epaimahai batek neurtzekoa?

Hara, egun, jota zirkuitua lehiaketek, errondek eta jaialdiek osatzen dute. Izatekotan ere, taldetxoa osatuko duzu, nik egin nuen gisan. Gainerakoan, ez da bertzerik. Jaialdiek ez dute lehia kutsurik, jakina, baina denetan ere freskotasuna falta da, bat-batekotasunik ez dago. Are gehiago, iraganari begirada falta zaio, nola kantatzen zen lehen, erran nahi dut. Aitzina, gerra sasoian, Tafallan bazen talde bat, Los Pajes izenekoa. Harrizko diskoa da, hori lehenik, baina haiei entzun eta jabetzen naiz diferentzia handia dagoela. “Hemen arima dago” erraten diot nire buruari. Ez da ikaragarrizko taldea ere. Batzuetan tonuari eusten diote, eta bertze batzuetan nola-hala ari dira, baina fresko ari dira, bizi. Ijitoen moduan, flamenko kantariek ere ez dute gaizki ari diren kontzientziarik, sentimenduaz baliatzen dira, barnetik.

“Yo canto la jota con sentimiento. / Yo canto la jota: nace de dentro. / Da voz al amor, la vida y la fiesta. / Se llena de aire y canta a la tierra”.

Hala dio kantuak, eta bat egiten dut. Sentimendua. Barnean daramat antzinekoen jota, haien esentzia. Nire material genetikoaren parte da. Kantatzera noalarik, ordea, haiek ez bezala kantatuko dut, bertzela bizi naizelako, bertzela bizi dudalako mundua. Bertze aldi bat da oraingoa, ezin haiek bezala kantatu, nahiz sentimendua beti hor den. Sentimendurik gabe, zertan kantatu jota? Orduan bai, gauza akademikoa litzateke, kultua. Musika sotila da jota, egitura ere sotila du, baina historiaz, jendez eta sentimenduz betea da.

“Hoy canto la jota y suena distinta. / Tiene otro color, distinto camina. / Hoy sale de viaje a ver otros mundos. / Valiente se atreve a decir ‘futuro’”.

Diferente, ezinbertzean. Jesus Morenok, musika kritika egiten baitu Aragoiko egunkari batean, zioen Josetxoren [Goia-Aribe] En jota diskoa ez zela jazz musika, ez jota diskoa ere. Aldiz, haren irudiz, batak eta bertzeak eskutik heldurik egin duten pasioa zela, zer aurkituko. Esperimentazio ibilaldi bat zela, alegia. Jose Migel Lopezen erritmo etnikoen barne da gure lan hori, bi musika zinez diferenteak bata bertzearen ondoan ezartzen baititu. Erritmo etnikoen saileko lehenbiziko diskoa Dissidenten izanen zen, Berlingo talde bat marokoar batekin batera jotzen aritzen baitzen. Berlindarren musika, eta marokoarrena, biena entzuten ahal da haien diskoan, interakzioan dira, ez bata bertzearen gainetik. Orobat En jota. Bi urte eman ditugu gogor lanean, biak, hala jazza nola jota, indartzeko. Horretan, nahitaezko da zintzo jokatzea. Josetxo ondoan izan da beti, nik eroso kantatzeko, onena emateko. Erraten zidan: “Atera zure barneko ijitoa!”, eta kantatzen nuen. Errespetuz, ilusioz eta maitasunez egin dugu lana. Ez du lan erraza ematen, baina natural egin dugu, deus behartu beharrik gabe.

Zure lanean bada aldarri bat: “Posible da bertzelako jota bat”. Jota zaharren kortsea estuegi duzu?

Ez da gaizki errana. Kortsea. Ehunka jota kantatu ditut, ezin konta ahala, kantatu eta kantatu, eta, hondarreko, horixe, kortse barnean sentitu nintzen. Bertzerik eskatzen zidan gorputzak: “Hagitz gehiago egin liteke jotatik abiaturik!”. Denbora joan arau hobeki konprenitzen duzu: libre uzten ez duzun hura, arnasa hartzen uzten ez duzuna, aldatzen uzten ez… ito egiten da, hil. Folklorea beti ari da aldatzen, esentzia beti bat badu ere. Erran dizut: ezin nezake aitatxi-amatxien gisan kantatu jota, baina bat bera dut esentzia.

Flamarique ahizpek zer diote En jota diskoan darabilzun kantatzeko gisaz?

Ez dute entzuna oraindik, baina haietarik batek errana du: “Belarrira ongi egiten duen heinean –eta seguru ongi egiten duela–, eta zuek ongi pasatzen baduzue, aski da hori!”. Kar, kar, kar… Flamarique ahizpek kariño handia didate. Nik ere hagitz maite ditut. Josetxoren Herrimiña diskoan ere baziren pare bat jota, eta ahizpa haiei entzunarazi nizkielarik, aurpegi arraroa jarri zuten lehenbizian, baina berehala erran zuten: “Hagitz ongi kantatzen duzu, Arantxa!”. Ez dute gure gisan ikusten, haiena jota klasikoa da, baina ez dute gaizkirik erraten. Hein batean, konprenitzen dute.

Agur jota bat, faborez.

Hamaika ditut gustukoak, eta bat aukeratu dizut: “Si canto me llaman loco / y si no canto cobarde. / Si bebo vino, borracho / y si no bebo, miserable”. Maite dut jota hori. Erranez bezala, zernahi eginik ere, beti izanen dute zutaz zer erran. Ez da gaizki ere. Zutaz mintzatzen badira, ongi edo gaizki, erran nahiko du bizirik zarela.

Nortasun agiria

Arantxa Diez (Tafalla, 1977). Arkitektoa da, eta jota kantaria. Bietarik du Arantxa Diezek. Herriko jota eskolan ikasi zuen kantatzen 1985etik 2001era, Flamarique ahizpen babesean. Murillo del Fruton estreinatu zen, 12 bat urte zituela. Eta lehenbiziko jota hura: “Un día en la tudelana / yo marchaba de Pamplona / crucé Tafalla y por la Ribera / llegué a Tudela. Un día en la tudelana / oí cantar una jota / era Navarra y aquella jota / yo no la olvido / la cantó Raimundo Lanas”. Hainbat emanaldi, jaialdi eta lehiaketatan parte hartu zuen, ase arte. Orduan, Josetxo Goia-Aribe azaldu zen, eta guztiz aldatu zitzaion bidea. Haren Herrimiña (2000) eta En jota (2012) diskoetan lagundu du. Alemaniara bidean da maiatzean Goia-Ariberen taldean, eta Donostiako Jazzaldian izango dira uztailean.

OFF THE RECORD
Zeruak Josetxo igorri

2000. urtea zen, 20 urteko neska gaztea zen Arantxa. Flamarique ahizpen jota eskolan ari zela, foniatrarenera hasi zen, ahotsaren aukera handiagoak aztertzera. Hainbat jotero hartzen dituen foniatra izaki, haraxe jo zuen Goia-Aribek behin: “Baina ez nornahi, izukaitza behar dut”. Eta foniatrak Arantxa agindu. Neskaren gurasoen etxera hots egin eta bertan agertu zen Josetxo, saxofoia eta teklatua harturik. Proiektua azaldu zion eta Arantxak: “Zeruak kasu egin dit!”. Elkarlan oparoaren hasiera izan zen.


ASTEKARIA
2012ko maiatzaren 06a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude