Vera Candidaz dakidana

  • Vera Candidaz dakidana.

    Véronique Ovaldé.

    Itzulpena: Alberto Barandiaran.

    Alberdania. 240 orrialde.

    20 euro.
Eleberriaren izenburua, gonbidapen gisa ageri zaio irakurleari. Ez da izenburu pasiboa, orrialdeetan zehar aurkituko dugunari buruzko deklarazio zintzoa baizik; “hau da Vera Candidaz dakidana. Ezagutu nahi baduzu, aurrera”. Eleberria zabaltzea pertsonaiaren barne munduan murgiltzea da, bere emozioetan barreiatzea, funtsean, Vera Candida irakurtzea.

Originala izatetik urrun, literatur tradizioan etengabe birmoldatua izan den motiboetariko bat berreskuratu du idazle frantsesak. Efektu askatzaile-depuratibodun idazkera modu bati helduz, Ovaldék eleberri zirkularra eraiki du, askatasun pertsonalaren metafora izan nahi duen joan eta etorriko bidaian formulaturik.

15 urterekin haurdun, desio batek bultzatuko du Vera Candida bere jaioterria uztera: sendi bereko hiru emakumek garraiatzen duten estigmarekin haustea, bere alaba aske hazi eta bizi dadin. Amona Rose Bustamenteren oroitzapen ezabaezina gogoan, eta alabaren aitaren izen aipaezina erraietan gorderik, kontinentera alde egingo du etorkizun berri baten bila.

Vatapunak eta Lahomeriak Karibeko uharteetan eta kontinenteko edozein hiritan topatzen dute beren baliokide geografiko erreala baina, edozein kasutan, pertsonaiaren barne munduan eraiki eta definitzen diren espazio imaginarioak dira, alegia, Vera Candidaren aldarte psikologikoaren errepresentazio grafikoa. Eleberrian elkarrizketarik eza garatuz doa, esaldi laburren bat noizean behin txertatuz baina, bereziki, lekuen deskripzioei eta prozesu mental zein animiko bati hertsiki lotutako adjektiboen ugaritasunari esker, narrazioak astiro egiten du aurrera. Prosa borobil eta zorrotzegiaren erabilerak astun xamar egiten du irakurketa zenbait momentutan baina, era berean, eleberri psikologikoa denez gero, generoaren konbentzioekiko fideltasun froga gisa ulertu behar dugu Ovaldéren aldetik.

Eleberriaren erritmoa, pertsonaiaren heltze prozesua gauzatu ahal izateko beharrezkoa den denboraren araberakoa da: subjektiboa, pertsonala, bizia. Irakurlea, Vera Candidak aurrera ematen dituen urrats txikien menpe geratzen da. Orrialde bat, urrats bat. Orrialdeak pasatzearen keinuaz Vera Candidaren azal geruzak askatuz doaz, eta harekin batera bere sekreturik intimoenak. Konturatu gabe haren barruan gara, bere erraietan barrena, hitzez inoiz aipatuko ez duen izen horren jakile bilakatzen gaitu.

ASTEKARIA
2012ko apirilaren 29a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude