Aturri hegiko Jerusalem

  • Zuhaitz genealogikoa inarrosi eta 1643ko Aiherra hartan gure izenarekiko Jakob bat azaltzean, leinuaren lehen zurkaitzaz ametsez gabiltza. Gero eta iraganik gabekoagoak irudikatu gara. Ez da hala noski. Deituratik beretik lurralde honen historia anitzaren kide egiten gara, hemengoak, hangoak, inongoak eta euskal juduen patuaren ikerbidea hartzen dugu Baiona, Bastida eta Bidaxunen barna.

Baionako hilerri judutarra, ZUPetik hurbil. Santeztebeko parrokia kristauko apezek utzitako funtsei esker eraiki zuten, nola Maubec karrikako sinagoga. Bigarren Mundu Gerran, naziek esbastikak marraztu zituzten hemen.
Baionako hilerri judutarra, ZUPetik hurbil. Santeztebeko parrokia kristauko apezek utzitako funtsei esker eraiki zuten, nola Maubec karrikako sinagoga. Bigarren Mundu Gerran, naziek esbastikak marraztu zituzten hemen.

Espainiako erregeak 1492an judutarrak Portugalera kanporatu zituen. Sei urte beranduago Lusitaniako erreginak delibero berdinaz, bortxaz katoliko bihurtu marranes eta conversos lerroak alegia, iparralde abegikorretara lehiatzera behartu zituen. Israeldarrak Euskal Herrian X. mendeaz geroztik sustraituak ziren bereziki Araban eta Nafarroan. Pecha zerga astunak ordaintzen zituzten Tuterako edo Iruñeko komunitateek. Balmasedan ere talde bat aurkitzen zen. Inkisizioaren zatarraz gain, noizbehinka, pogromak jasan zitzaketen hala nola 1328an Lizarran eta Erriberan 10.000 judutar erail baitzituzten. Nafar kulturaren aberasle ziren Ha Levi pentsalaria eta Tuterako Benjamin ibiltaria. 1994an Nafarroako Gobernuak hiru hizkuntzetan, Xabier Kintanak euskaraz, argitaratu zuen Bidaien liburu erakusgarri hura.

XV. gizaldian Baionan kokatzen hasi judu sefaradak Peirorade, Bastida eta Bidaxuneraino hedatu ziren, gaur egun hiri bakoitzean miresten ahal diren hilerri ukigarriak lekuko. Herri ezpondetan ikus ditzakegu belardietan umilki etzan harri gris lauek, abizenek, tokien bildutasun usantsuek isiltasunera akuilatzen gaituztela. Viena, Frankfurt edo Berlineko Judische Friedhof haietan bagina bezala. Harrotasuna, beldurra eta dolua nahasten dira bertan, hainbat holokaustotako irudiak, bizidunak intolerantziaz erotu daitezkeela oroitaraziz, politikariek demagun lagun protsimoen fedea estigmatizatzen baldin badarraite. Zizek ikerlariak aipatzen dituen homo sacer baztertuak ziren luzaz judutarrak. Ipar Euskal Herriko israeldarren kondaira ez zen hain latza hargatik, mendeetan debeku eta apaleste-sugeak irentsi zituzten arren.

1536tik aitzina etorri ziren juduak Santizpiritu auzoko Maubec karrikaren inguruetan plantatzera. Merkatari portugaldar gisa ezagutuek txokolatea eta tabakoa ekarri zituzten. Judutar izena lehen aldiz azaldu zen Baionako paperetan 1614an Santizpiritu kartierrarentzat. Ordura arte erritoa mikvé-ekiko etxe partikularren gordean praktikatzen zuten eta harreman onak zeuzkaten Santeztebe parrokiako apezekin. Haiek funtsak utzi zizkieten sinagogaren eta hilerriaren eraikitzeko Maubec gainaldean, eta beranduago orain zabaltzen den eremuan, ZUParen itzalean. Aturri ibaiaren desbideratzearen ondorioz Baionako judutarrek erosoago egiten zuten komertzioa Espainia, Portugal eta Amsterdameko diasporekin, oihalak, arrainak, oliba olioa eta txokolatea trukatuz. Tratulari kristau eta judutarrak ederki akomodatzen zirela azpimarratzen dute dokumentuek. Santizpiritu halatan Aturri hegiko Jerusalem txikia zen.

Baina ez zen ordea egoera guztiz ideala. XVIII. mendean Baionako notableek bidegabeko konkurrentzia egitea bezain garbitasun erlijiosoa kutsatzea leporatuz judutar denda-jabeei hirian errotzea ukatu zieten. Txokolatearen eta tabakoaren ekoizpenak katolikoen esku baizik ez zuen behar. Bestalde isun eta kartzela zigorraz gaztigatzen zen gauez, zubia trabesatu ezinik, Baionan aurkitu israeldarra. 1760 aldean 3.000 judutar kontatzen ziren Santizpiritun. Bidaxuneko eta Bastidako saldoak ordukoz gainbehera zebiltzan jendeek hiria eta hiritartasuna hobesten zutelako. Harrietako portugaldar jatorriko abizenak geratzen dira: Azoulai, Dalmeyda, Furtado, Nunes, Abraham, Esther, Jakob edo Rebecca biblikoekin. Alabaina bizpahiru belaunaldiren buruan kristau izenak behiala abandonatu zituzten ohituraren segitzeko.

Memoriaren aztarnen xerka

2004an Anne-Marie Galé kazetariak 52 minutako dokumental zoragarria plazaratu zuen Ipar Euskal Herriko judutarren historia harilkatuz. Ontasunaren Arratsetan bisitatu daitezkeen Sinagoga, Hilerria eta Euskal Erakustokiko gela bereziko altxor ikusgarriak salbu, hemen kasik ezabatua da memoria. Liburuetan doi-doi aipatzen da bospasei ehun urteetako auzokidetza emankorra. Gaiari zinez interesatzekoa zaio Bidaxuneko pentoka batean gazteluari begira lerratzen den hilerriaz ohartzeko edo Bastidan nafar kutsuko karriketarik zulatuz harlauzak atsedentzen diren sorora iristeko. Argi dago historia honen aztarnen bilatzea norberaren baitako bilakuntza sakona dela.

Bidaxuneko jauretxeak Nafarroako erresumaren zedarrietan soberaniaz gozatu zuen 1570etik kasik frantses iraultza bezperaraino. Agaramontarrek merkatari portugaldarrei bertan ohatzea erraztu zieten eta 1665ean hilerriaren zabaltzea. Bidaxuneko judutarrak barreiatu arte erabili zen. Ehun bat harlauz ageri dira. Geriza politiko berdinaz baliatuz Bastidan ere geratu ziren judutarrak berrehun urtez. Hilerriko idatzirik zaharrena 1620koa da, berriena aldiz 1785ekoa. Hiltze egunak egutegi hebrearraren arabera zizelkatuak dira. Bastidako hilerria, Bidaxunekoaren pare, Baionako Kontsistorioaren jabegoan dago jada. Ez dezagula ahantz 1904an Miarritzen sinagoga altxarazi zuela Lazare Poliakovek. Baionako Emil Levy rabino handiak egin zuen estrena-mintzaldia. Torah borobilak aterbetzeaz gain Baionak kudeatzen du gaurkoan berritzen doan sinagoga. Miarritzen, erritoa, erdizka, ashkenaze eta sefarada modukoa zen eta da. Arku saindua eta altzarien zati bat Peiroradeko sinagogaren 1898ko salmentatik zetozen.

Baionako sinagoga

Maubec karrikaren 35. zenbakian eraiki zen 1837an etxe partikularren patioetan sakabanatu oratorioak eta mikvé-ak bilduko zituen tenplua. Euskal Herriko judutarrek, alabaina, erritual berezia zuten jatorri anitz eta ugarietakoak zirelako batez ere. 1789ko Iraultzan frantses hiritartasuna eskuratu zuten lehenak ziren Baionako juduak, Bordelekoekin batera. Aturri zeharkatu eta hirian kokatu ziren orduan merkatari portugaldarrak, Baionako Burtsa Bost Kantoien plazan zetzala. XIX. mendeko bizitza ekonomikoa eta politikoaren sustatzaile zitezkeen Furtado, Pereire, Da Silva, Salzedo eta beste hainbat. Isaac Pereirek dirua eman zuen trena Baionara helarazteko eta Furtado auzapez zenean Santizpiritu Baionako auzo bilakatu zen, Aturri gainean harrizko zubi monumentala aurtikiz. Judutarrek hargatik jarraitzen zuten Maubecen, Errepublika enparantzako iturriaren inguruan eta Jean d’Amou karrikaren espaloietan.

Bankari trebeak ziren: Jules Gomes & Cie delakoak, adibidez, tratua zegien Frantzia hegoalde osoko bezeroekin, bai eta Espainia zein Portugalekoekin, exodoaren aurreko sareak biribilduz. Bilboko Urkijo diruduna maiz gurutzatzen zuen Salzedok. Pertsonaia famatuak jalgi ziren Baionatik: 1968ko Bakearen Nobel saria eskuratu zuen René Cassin eta Mendes France Kontseiluaren presidentaren familia. Balio luke agian gogorarazteak Aviron Bayonnais-aren sortzaile garrantzitsuetan zela Jean d’Amou kalean bermatzen den Marquisat egoitza panpoxeko Tavares zena.

Nazien profanazioa

Erran gabe doa XX. mendea Euskal Herriko judutarrentzat ere gogorra izan zela. Kopuruak behera zihoazen bankarien aferak bezala, merkatariak hurbileko komertziora mugatzen zirela. Bigarren Mundu Gerra bezperan Baionan 1.000 judutar zeuden. AlemanIarrak etortzean gune librean zegoen Pauera bidali ziren familia asko. Petainen gobernuak eskubidez biluzi zituen baina baionarren partetik ez zuten antisemitismo ekintza bortitzegirik sufritu, salbuespenak salbu. Naziek sinagoga profanatu eta zalditegi antzera erabili zuten. Hilerrian esbastikak marraztu zituzten. Sinagogako aberastasun erritualak Euskal Erakustokian ezkutatu ziren. Bertan daude nahi duenak ikusgai. Izar horia papoan Santizpiritu zubia pasatzen zutenen beldurra eta ahalkea aipagai da oraino.

Deportazioek eta gerrak bekandatu taldearen mamitzera jin ziren 1962tik gora Aljeria eta Marokoko judutarrak. Baketsuago ospatzen dituzte shabbat, ezteiak eta gaineratiko ospakizunak sinagogan. Eta larunbatetan, Maubec aldean, kippa buruan Baionako errabinoa agurtzen ahal dugu...


ASTEKARIA
2012ko apirilaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroa Beherea
2024-04-18 | Estitxu Eizagirre
Gorka Torre
"40 landare mota ditugu oihan baratzean, urte osoan bertatik jateko eta tresna xinpleekin lantzeko"

Baso jangarria edo oihan baratzea lantzen dute duela 14 urtetatik Odei Etxeberriak eta Gorka Torrek. Zuhaitzak eta barazkiak uztartzen dituen sistema honen oinarriak azaldu ditu Torrek Egonarria saioan, Mattin Jauregiren galderei erantzunez. Urte hauetan guztietan hainbat... [+]


2024-04-09 | Euskal Irratiak
Iñaki Etxeleku: "Gure estatutuek espekulazio merkatutik kanpo ezarri dute gure etxebizitza kooperatiba"

Bizitegi molde kooperatiboak zabalduz doaz Ipar Euskal Herrian. Euskal Hirigune Elkargoko azken biltzar nagusian Nicole Etxamendi, Itsasuko hautetsiak "Bizi lagun" kooperatibak kontutan hartu behar zirela eta alternatiba ona direla azpimarratu zuen.


Apirilaren 28an ospatuko da Nafarroaren Eguna

Egun handiaz gain, kultur egitarau zabala antolatu du Basaizea Elkarteak hilabete osorako.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Eguneraketa berriak daude